Internazionalismoaren garrantzia azpimarratu genuen larunbatean Zumaian Euskal Herria Arraundeguorl egunean

Gora Euskal Herria internazionalista!

Gaur, beste behin ere Euskal Herria internazionalismoz blaitu dugu! Inperialismoari aurre egin eta herrien arteko joan etorriko elkartasun politikoa praktikara eramaten jarraitzen dugula argi erakutsi dugu. Zorionak!

Iaz Arrankudiagan egin bezala, gaurko Euskal Herria Arraundeguorl egun honetan ere, internazionalismoaren estrategikotasunaz mintzatu gara. Besteak beste, gazteok prozesu iraultzaileekiko dugun ezinbesteko arduraz eta paperaz aritu gara. Milaka izan dira, gara, historian zehar emandako prozesu iraultzaileetan parte hartutako gazte borrokalariak. Zer esana badugu, eta handia gainera, eta hori bera aldarrikatzen jarraitzera goaz!

Sistemaren ofentsiba berri bat bizi dugun honetan, elkartasunak politikoa izan behar duela inoiz baino argiago dugu. Kapitalismoak bere interesak defendatzeko inperialismoaren eta patriarkatuaren beharra duen bezalaxe, mundua irauli nahi dugunok internazionalismoaren beharra dugu inperialismoaren atzaparretatik ihes egin eta bestelako eredu bat martxan jartzeko. Herrion burujabetzaren aldeko borrokak, beraz, ezinbestean internazionalista behar du izan, herrion arteko aliantzak egitea nahitaezko bilakatzen delarik. Kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurrean, inperialismoaren aurrean, altxatzen garen herri guztiok bat eginik soilik lortuko ditugu gure helburu eta garaipenak.

Aurten, ezin aipatu gabe utzi euren herriaren aldeko borrokan munduko xake partidako hamaika jokaldi agerian utziarazi dituen herri kurdua. Kurdistango lagunek eta bereziki emakumeek argi erakutsi digute emakumerik gabeko iraultzarik ez dela izango eta emakumeon papera ezinbestekoa dela sugegorriz beteriko ohian honetan aurrera egiteko. Kurdistango iraultza, euskal iraultza da; mundu osoan altxatzen garen herri guztion borroka da. Doala eurentzako gure indar eta miresmen guztia!

Borrokatzea doan aterako ez zaigula ondotxo dakigu, ordea. Euskal Herritarrok, urteetan pairatutako errepresioaren jo puntuan egon gara eta azken hilabeteotako atxiloketa, epaiketa zein sentenzia bidegabeek hala erakusten dute. Internazionalistak garenok ere Estatuen haserrea geure larrutan sentitu dugu: geure herriarekiko elkartasuna adierazteagatik jazarriak, Estatuen kolaborazionismoa agerian uzten duten Euroaginduen bidezko estradizioak edota nola ez, Askapenaren aurkako kriminalizazioa bera.

2010eko irailean gure lagun Haritz, Unai, Walter, Gabi eta David atxilotu eta espetxeratu zituen Audientzia Nazionalak eta bost urte beranduago eurentzako 6 urteko kartzela zigorra eskatzeaz gain, Askapena, Askapeña eta Elkartruke eragileen ilegalizazio eskaera heldu zaigu. Zilegitasunik ez duen auzitegi batek internazionalista izateagatik epaitu nahi ditu gure lagunak eta guk inoiz baino ozenago borrokaren gurpilari makilak jarri nahi dizkieten horiei hauxe esan nahi diegu: zuen oztopoen aurrean, internazionalismo gehiagorekin erantzutera goazela! Zuen etsipen nahiaren aurrean, borrokaren determinazio eta konpromisoz aurrera egin eta parez pare aurkituko gaituzuela! Geure herrian eta libre nahi ditugu gure kideak eta duela gutxi Gasteizen erakutsi bezala, maitasunez eta konpromisoz babestuko ditugu. Aupa zuek!

Internazionalista nekaezin batek ezin hobeto adierazi zuen: váyanse al carajo que aquí hay un pueblo digno! Bai, herri duin baten determinazioaren aurrean, ezer gutxi duzue egiteko eta horixe bera frogatzera goaz. Herriz herri, auzoz auzo, borrokak auspotuz, lanean jarraituz, geure herria askatasunera eramango dugu. Segi dezagun aurrera beraz borrokak etenik ez du eta!

 

Gora herri borrokalarion sua!

Gora Euskal Herria internazionalista!