Askapena Buenos Airesen burutzen ari den 2.Hizkuntzen Kongresuan
Herri borrokalariok, justizia, demokrazia, hizkuntza, kultura, amalurra herrion mundu baten alde borrokatzen garenontzat, askotan, zaplaztekoak, hilketak eta mina dira gure borrokaren ordaina. Baina tarteka une ederrak eta gogoangarriak bizitzeko aukera: herri bakoitzaren garaipen txikiak (handiak) eta askapen borrokan ari garen herrien arteko konplizidade eta elkartasun une ederrak.
Miren Azkaratek espero ez zuen erantzuna topatu du 'indigena' batzuei bere hitzaldi magistrala botatzera joan zenean Buenos Aireseko Nazioarteko II. Hizkuntzen Biltzarrean:
Askapenako 4 kideok Puelwillimapun bi astez gora eta behera maputxeekin izan ondoren pasa den asteazkenean,18an, Buenos Airesen elkartu ginen egunotan burutzen ari den Nazioarteko 2. Hizkuntzen Kongresuan parte hartzeko. Euskal Herrian Euskarazeko beste kide batekin batera Euskal Herriaren ikuspegia, orain dela bi urte burutu zen estreineko kongresuan egin bezala.
Herrien autodeterminazio linguistikoa ezinbesteko giza eskubidetzat hartzen duen bilkura honek jatorrizko herrien arteko zubi-lana egitea du helburu, ezberdintzen gaituena oztopo izan beharrean errespetua eta sorkuntzaren iturri bilakatuz.
Adolfo Perez Esquivel presidente duen kongresu honen hasierako ekitaldian parte hartzeko gonbitea jaso eta halaxe egin genuen zenbait lagunekin batera: Quechua den Ekuadorreko Blanca Chancoso, Lonko Ramón Nahuel Maputxea, Miriam Gómez Argentinako afroamerikarren elkarteko kidea, Teresa Parodi hemengo abeslari ezaguna eta Venezuelatik etorritako Lequi Uriana.
150 pertsonen aurrean banan-banan ordezkatzen dugun herri bakoitzaren errealitearen zantzuak entzun genituen.
CONAIEko ordezkariek ozen adierazi zigun 514 urte igaro ta gero oso bizirik daukatela eta espainolek deitu zuten 'Descubriemiento de America' hori beraientzat erristentziaren sinonimoa dela gaur egun ere. 'La Niña', 'La Pinta' eta 'La Santamaría' aspaldi desagertu ziren baina gaur egun ere itsasontzi horiek markatu zuten lapurreta eta basakerien aroak bere horretan jarraitzen du transnazionalen bitartez.
Suntsikeria amaigabe honen aurrean maputxeek ere aspaldi galdu zuten borrokatzeko lotsa eta geuk brigadan ondo ikusi eta ikasi ahal izan genuen moduan, Neuqueneko Lonko Manuelek Argentinako botereari aurre egiteko bizi arteko beraien prestutasun osoa adierazi zuen.
Honen ostean Gabi Basañez Askapenako kidearen irrintzi eta bertsoaren ondoren Euskal Herrian gure hizkuntzaren inguruan daramagun borrokaren berri entzun ahal izan zuen Medikuntza fakultatean bildutako jendeak.
'Azalaren koloreak kontrakoa adierazi badezake ere gertu-gertu sentitzen gara hemen bildutako jatorrizko herriengandik, jakin badakigulako Pachamama esaten duzuenean Ama lurra esaten ari zaretela, ilargi eta eguzkiaz mintzo zaretenean guk ikusten dugun errespetu beraz ari zaretela... izan ere jatorrizko herria izandako herri batetik gatoz eta kapitalistek dioten 'progreso' delako horrek globalizazioaren aroan sartuarazi bagaitu ere, euskarak argi eta garbi erakusten digu nondik gatozen eta zer den gure lurrari eta naturari lotuta bizitzea'
Amankomuneko puntuak ditugun bezala, amankomuneko arazoak ere konpartitzen ditugu eta zentzu honetan munduko kultura guztiak ezabatzeko ahaleginean den kapitalismo basati honen aurrean erresistentzian garen herri guztiok batzearen beharra aipatu genuen. Izan ere Askapenak kongresu honetara ekarri duen helburutako bat horixe bera delako, jatorrizko herrien arteko koordinazio gune baten sortzea edo berau martxan jartzeko eztabaidak piztea.
Herri bat zapaltzen denean, herri guztiok zapaltzen gaituztela dioen leloarekin amaitu genuen gure parte hartzea.
Miren Azkarateren aurrean
Atzoko egunean aldiz egun berezia bizi izan dugu. Izan ere kongresu honen aurreko ponentzian hainbeste kritikatzen zen neoliberalismoaren parte den 'herrikide' baten hitzaldia programatuta zegoen, Eusko Jaurlaritzako eleduna den Miren Azkarateren hitzaldia hain zuzen ere.
Gure iritziz erabat bateraezinak dira munduko hizkuntza eta kultura guztiek duten etsai nagusia den kapitalismoaren ordezkari batek parte hartzea eredu basati berak zapalduriko kulturen arteko topaketa batean.
Are gutxiago gure herrian pairatzen dugun neoliberalismoaren ordezkari nagusia delarik.
Ederto baino hobeto ezagutzen dugu PNVk nazioartean darabilen zurikeria, baina oraingo honetan ezin izan dute beraien benetako aurpegi neoliberala izkutatu.
Latinoamerikan, eta Argentinan bereziki, PNV eta Eusko Jaurlaritzak beraien transnazionalen bidez, BBVA, Endesa eta Aguas de Bilbao kasu, burutu dituzten lurren lapurreta, uren pribatizazioak, harrobien ustiaketa basatiak eta abarren berri eman diogu hitzaldira hurbildu izan den orori. Euskal Herriko instituzioen izenean mintzo den andre horren aurrean azterketa kritikoa burutu zezaten.
Hitzaldira oso pertsona gutxi hurbildu izan da eta ez da harritzekoa izan ordu eta erdi luzez, Espainako konstituzioak euskarari egiten dion mesedea aipatu eta Eusko Jaurlaritzak euskararen alde azken 30 urtetan lortu dituen 'aurrerapenen' inguruko datuen zaparrada luzea bota eta gero.
Ezin aipatu gabe utzi gure lagun maputxeengadik jaso dugun laguntza. Gurekin batera 'El neoliberalismo mata a los pueblos' zioen pankartaren atzean izan eta esku-orriak banatzeaz gain, galdera ezin ederra egin diote Azkarateri:
'Gure hizkuntza, gure lurraren kulturari lotua dago, gure kosmobisioak adierazten digun moduan, ezin biziraun dezakegu gizaki bezala beraiek barik. Zure hitzaldia entzun ondoren zalantza bat sortu zait: nola esan al dezakezu zuen hizkuntza munduan leku bat bilatzeko ahaleginetan ari zaretela gurea zuen transnazionalen bidez suntsitzen ari zareten bitartean?'. Endesa, Iberdrola eta PNVren atzapar luzeak kontrolatzen dituen gainerako transnazionalek egin dituzten basakeriak aipatu zizkion orduan.
Miren Azkarateren aurpegia bere erantzuna bezain sinestezina izan zen: 'Nosotros vivimos donde vivimos, no hemos decidido donde nacer. Y en este sentido hacemos lo que tenemos que hacer para seguir viviendo como pueblo. Es el progeso.'
Momentuko estuasunak bere hitzeei atxiki zien zentzugabekeria albo batera utzita ederki adierazi zigun ze gutxi inporta zaion andre honek ordezkatzen duen sektore politikoari hizkuntzak eta kulturak, negozioak tartean baldin badaude.
Gure lagun maputxeak hitzaldiko txalo zaparradarik handiena jasotzeak garbiago laga zigun elkartasunaren indarrak ez duela mugarik:
MARI CHI WEU lagunak!!!