II. Herri Zapatisten eta Munduko Herrien arteko Topaketen osoko kronika.

 

Honako kronika honetan, aurtengo brigadarekin batera Herri Zapatisten Topaketetan izan den Askapenaren ordezkaritzak bizitakoa irakur dezakezue.

ZAPATISTAK BIDEA EGINEZ

 

 

 

 

Batzorde Klandestino Iraultzaile Indigena-EZLNeko (Askapen Nazionalerako Ejerzito Zapatista) Komandantzia Nagusiak, EZLNeko Seigarren Batzordeak eta Galaxiarteko Batzordeak egindako deiari erantzunez milaka lagun (2.500 inguru Barraskilo bakoitzeko) , mexikar zein atzerritiko hainbat herrietatik heldutakoak, bildu ginen Lancandona oihanean, Mexikoko hegoekialdeko mendi-oinetan II. Herri Zapatisten eta Munduko Herrien arteko Topaketetan parte hartzeko. Luzatu zuten lehenengo deiak zioenaren arabea, EZLNek eta zapatistek Barraskilo izendatzen dituzten 5 herrixka nagusietan egitekoak ziren topaketetok, hau da: Oventik, Morelia, La Garrucha, Roberto Barrios eta La Realidaden. Ez dakienarentzat esan, Barraskiloak zenbait komunitate zein udalerri autonomo zapatista elkartzen diren erdigune edo herrixken buru lakoak direla. Hori argituta, Barraskiloetara heltzen diren bideak (komunitateetarainokoak baino hobeak badira ere) ez direla inolaz ere asfaltoz txukun eginak eta eurite sasoia denez bide asko egoera oso txarrean edo ez ibilgarrian daudela. Horregatik, 5 Barraskiloetan egin beharrean hirutan egitea erabaki zuten zapatistek (hurrenez hurren Oventik, Morelia eta La Realidad) eta Topaketetarako datak iragan berri dugun uztailaren 20tik 28ra izan dira. Munduko 80 herritatik urreratu ginen zapatisten hitza entzutera, euskaldun asko, eta horietan artean Askapena erakundeko kideak eta aurtengo brigada. Egunak joan dira Topaketetak amaitu zirenetik, baina bitarte honetan zapatisten bizi-erritmoak liluratu eta kutsatu gaitu eta eurekin egondako egunetan entzundako, ikusitako eta bizitakoak sailkatzen, lotzen, ulertzen ahalegintzen eta aztertzen jardun dugu, zuoi ahalik eta hoberen azaldu ahal izateko. Hortan eta EZLNko Subkomandante insurgente Markosek gogoratzen digun legez, laguntzeko asmoz bagoaz ere eurentzat hain elikagarria den janaria janda sabeletik sarri gaixotzen garenez, bada gure hesteak zelanbait garbitzen ere ibili gara. Hala, hemendik aurrerakoa duzue herri zapatistekin emandako egonaldiaren berri.

Gure bizimodu ipurtarinaren ikuspegitik begiratuta gaitza izan dakiguke ulertzea zapatisten ibiltzeko zein bizitza ulertzeko modua, ostera eurekin egotean, arrazoirik eman barik ere, barneratu egiten duzu zelanbait euren ibilera. Munduari begiratzeko zapatisten modua bestelakoa da, eurek daramaten bizi-abiadura beste bat da, benetan bizitza beste era batera bizi eta ikusten dutelako, ziurrenik ez dutelako begirada hain kutsatuta. Hausnarketari edo gogoetari ekintzari baino denbora luzeagoa eskaintzen diote, elkarrizketari mugarik ipini barik, edozein erabakik (latza eta gogorra bada ere) beharrezko du aurre-hausnarketa eta herriaren oneritzia.

Gure bizi erritmoa gure herrian utzita baino ezin izango dugu ulertu zelan begiratzen dioten munduari jatorrizko herri zapatistek Chiapasen. Geure burua jatorrizko herritzat defendatzen badugu ere, onartu beharko genuke beste erritmo batean bizi garela. Ostera, elkartasunaren bidean bihotzek aldi berean taupada egin dezaketela ere ikasi dugu askok.

Oventiken hasi, Morelian jarraitu (bertan hartu zuten hitza La Garrucha eta Roberto Barrios Barraskiloetako arduradunek) eta La Realidaden amaitu ziren Herri Zapatisten eta Munduko Herrien arteko II. Topaketa hauek. Azken agurreko hitzaldian EZLNko Teniente Koronel Insurgente Moisesek adierazi zuenez, 1994ko altxamendutik gaur arte zapatisten mundua zelan eraiki duten eta zelan antolatzen diren azaltzeko zein kontuak emateko deitu zituzten Topaketa hauek. Horrenbestez, kontuak eman behar zituztela jakinarazi zuten, urtetan maila internazionaletik zein nazionaletik jaso duten laguntzari esker aurrera pauso handiak eman dituztelako, eta horien berri eman gura zuten.
Halere, Zezta Internazionaleko ardunadun den Teniente Koronel Moisesek argitu legez, egia da zuon laguntzarekin azkarrago egin dugula aurrera, baina laguntza barik ere aurrera egingo genuke, astiroago, baino gure bidean aurrera beti. Horren albotik, Tacho komandanteak iraultzaile handi baten berbak ekarri zituen gogora, Che Guevarak behin esan omen zuen: Aurrera egiten badut, jarrai nazazue; geldituko banintz, bultza nazazue. Amaierako berbaldi hartan EZLNeko Teniente koronel insurgente Moisesek eta baita Subkomandante Insurgente Markosek ere jausitakoak, bidean galdutakoak ere ekarri zituzten gogora: Komandanta Ramona, Sub Pedro.... Ostean, zapatistek nora begiratzen duten galdetuta, ekialdera begiratzen dutela adierazi zuen Sub-ak, Eki irtetzen den lekurantz. Alabaina, ederretan ederrenak izanda ere gaueko izarrak dituzte gidari oraindik zapatistek, eta baita euren esanetan, nozbait zeru gainera izar berriak piztera joandakoak ere. Ostera, nork ez daki eguzkia ere izar bat dela? Sub-aren berbetatik zera antzeman zitekeen: jausitakoei, joandakoei zor dietela gaur direna, haiek akorduan dituztela gidari, eta haiei emandako hitzari jarraiki segituko dutela euren bidean aurrera. Bide zuzenean, euren moduan, euren abiadan. Aurrera.

Azken agur haiek zortzi egunez uztailak 20-28 hiru Barraskiloetan entzundako hitzaldi, aurkezpen zein azalpen guztiak elkar lotzen zituzten. Zortzi egun eta gauetan zehar emandako zatitxo bakoitzak mugabako puzzlea osatu zuten bat-batean, eta agerian begiak bakarrik dituztenen milaka ahots gure belarrietara apurka sartu izan ziren legez, La Realidadeko azken gau hartan puzzleak bere osotasunean hartu zuen bizia. Hala, puzzleko azken zatitxoetako batek dir-dir berezia izan zuen, komandantagai batek iragarpen harrigarri bat egin baitzuen: zapatistek III. Topaketa batzuk antolatuko dituztela abendu amaieran eta urtarrila hasieran La Garrucha barraskiloan. Egia esan, Topaketa hauetan bere biziko arreta izan duen gai baten gainean prestatuko dute hurrengo elkargunea, hau da, Emakumearen inguruan.

Hala ere, zortzi egunetako piezak gabe ez dago puzzlea osatzerik. Zortzi egun eta gau, euritsu eta sargori, hotz eta bero, gose ala bete, egarri ala ase, garbi ala izerdi kiratsez, neke ala fresko. Goiz zein arratsaldez barraskilo bakoitzeko ordezkariek, hainbat jatorrizko herri zapatistetako kideek (bakoitzak bere jakintza eta jardunbidearen alorretik) euren egitekoak eta antolatzeko zein lan egiteko moduak azaltzen zituzten eskaintzen zituzten berbaldietan, galderetarako txanda laburrak emanez. Oro har, barraskilo guztietako ordezkariek eta jakintza alor bakoitzeko bultzatzaileek landu zituzten gaiak hurrengoak izan ziren: Osasuna (klinikak, gaixotasunak, sendagaiak, sendabelarrak, irtenbideak), Hezkuntza (eskolen antolaketa, irakasleen lana, zein irakasgai ematen zituzten eta zein ikuspuntutik), Autonomia (zapatisten gobernu autonomoaren funtzionamendua, zelan garatzen zuten egunerokoan, trabak), Gobernu Onerako Batzordeak (herriak hautatuak, soldata bako egitekoa, konpondu behar zituzten auziak, komunitaterako lan egin beharra ziren zigorrak), Emakumearen borroka (egoera, genero bortzakeria, konpondu beharrekoak), komunitateen antolamendua, Autonomia eraikitzeko prozesuaren azterketa eta urteotako Balorazioa (altxamendutik gaur arteko atzerabegirakoa, egindako lana, hobetu beharrak). Hau da, gai edo alor horretan zapatistek zelan jarduten duten, egoera zein den eta antolatzeko moduak azaldu zituzten hizlariek. Horrez gainera, zapatistek zenbait herritako mugimendu gonbidatu zituzte Topaketetara euren borroken berri eman zezaten eta besteak beste, hurrengoen hitza entzun ahal izazn zen lurralde autonomo zapatistetan: Movimiento de los Sin Tierra (Brasil), Movimiento Campesino (Korea), Movimiento Campesino (Madagaskar), Moviento Campesino (AEB), Via Campesina, eta beste herrialde batzuetako nekazarien erakundeak ere bertan izan ziren: Europa, Asia, Amerika, etb.

Zapatistek ez dute dena egina, guztia eraikia, oro erabakia. EZLN 1994an altxatu baino lehenago 10 urte eman zituzten oihanean euren buruak prestatzen, aztertzen, hausnartzen, indarrak biltzen, bidea zein izango zen erabakitzen. Orain 13 urte aurkeztu zioten euren burua munduari, 'hemen gaude eta bizirik gaude' esanez, borrokarako prestu, bidea egiten, ibiltzen jarraitzen dute. Izarpean igarri ei zuten zein zen bidea, oztopoz, sasiz, etsaiz betea ikusi arren, bide zuzena zen; jakinda sakrifizioz betea egongo zela; bide zuzena, behin hartutakoari darraiote. Etsai anker eta suntsitzaile nagusia zein zen antzeman zuten: kapitalismoa, neoliberalismoa, globalizazioa, estatu inperialistak. Eta beste askorekin batera, bidegurutze hortan egin genuen guk ere eurekin bat. Etsai nagusiak izen desberdinekin mozorro asko jantzi ditzakeelako, baina denontzat etsai berbera delako.

Egia esan, historiak bidegurutze berean ipini gaitu behin baino gehiagotan. Topaketa hauetako berbaldietan zapatistek hamaika aldiz ekarri dute akordura 1.500 urte inguru hura: kolonizatzaile, inbasore eta zapaltzaile espainiarrek euren lurrak lapurtu eta desagerrarazi gura zituzten sasoi hura. Euskaldunoi garai bereko Nafarroa etortzen zitzaigun gogora. Eta gaur egun enpresari espainiar handinahien lapurretak eta axolabako suntsipenak eta zapalketa salatzen dituzten bitartean, guk gure herria preso desagerrarazi eta zapaldu nahiean dabiltzanak izan genituen berbagai. Berberak ziren eta dira.

Alabaina, otso beltza eskutik hartu barik badabiltza, eta bagabiltza. Badabiltza, eta beste bide bat jorratzea posible dela erakutsi digute, beste behin. Halere, ez dute guretzako formula magikorik, ostera, eurenak funtzionatzen duela erakutsi digute, eta zelan funtzionatu dezakeen ere bai. Burujabetasuna, autonomia eta gure bide eraiki dezakegula, benetan posible dela azaldu digute. Guretzako argibideak eduki ditzakete; argibideei jarraituz gero posible dela ikusi dugu, herriak burujabeak izan daitezkeela gobernu kapitalistari bizkarra emanda, eta bai, funtzionatu dezakeela ulertu dugu, eta hori erakusten digun adibiderik garbiena eurek beraiek dira. Eurek euren modua eta denbora daukate, baina eman ziezaguketen jarraibiderik benetakoena eman ziguten, euren betiko modu umil baina zehatzean: 'Antolatu zaitezte'.
Topaketa hauetara jende asko 'formula magiko eta erantzun azkarren' bila joan baldin bada ere, zera ulertu beharko lukete: zapatisten borroka prozesu bizia dela, eguneroko ibilalditik ikasten duena bideko trabak gainditzen; ibiltzeko bide luzea dutela oraindik (2010-12 hain urrun ez egon arren)
Gure herria eta beste herri batzuk ere bide beretik gabiltza, baina baikoitzak bere ibilera daroa. Bide berean egonda ere denok eman behar dugu apur bat, bakoitzak jorratu dezala berea dena, denona dena elkarrekin landu ahal izateko; gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten. Badabiltza. Bagabiltza. Bidean gaude.

Monika Mena, Amaia Lopez de Munain, Itsaso Lekuona eta Irantzu Sasgarminaga
Askapenako Mexiko Arloko kideak