BDZaren 10. urteurrenean elkarretaratzeak burutuko dira Donostia eta Bilbon ostegunean

Uztailaren 9an Donostian eta Bilbon elkarretaratzeak burutuko dira Boikot Desinbertsio eta Zigor kanpainaren 10 urteurrena ospatu eta elkartasunez kanpaina hau sustatzera dei egiteko.

Bilbon 19:00etan Plaza Berrian

Donostian 19:00etan Bulebarrean

Aste honetan 10 urte beteko dira Israelen aurkako Boikot Desinbertsio eta Zigor kanpaina (BDZ) abian jarri zela. Aldarri eta elkartasun internazionalistaren egun honetan ezin ahantzi ordea, pasa den udaran Gazaren eta Palestinar herriaren aurka egindako erasoaldi basatia. Palestinako irudi eta titularrez bete ziren portadak, aldarri eta salaketaz Euskal Herriko kaleak. Urte bete iragan da eta orain portadak betetzen ez dituzten arren, Palestinar herriaren aurkako zapalkuntza eguneroko ogia da. Horregatik, BDZ plataformatik kalera atera eta BDZ kanpainarekin bat egitera dei egin dute.

Horretarako, Palestinar herriarekiko zuen atxikimendu eta konpromisoa ikusgarri egiteko www.yallah-eh.org ataria duzue. Dela norbanako bezala, edo komertzio, udal, musika talde, elkarte, enpresa, kontseilu, irrati edo bestelako espazioak BDSaren aldeko eremu izendatzetik, sionismorik gabeko Euskal Herri bat eraikitzera helduko gara.