Zapalkuntzaren aurrean, tinko Goierrin!

Herri epaiketa egingo dute larunbatean Ordizian from GITB on Vimeo.

Hilabeteetako dinamikaren ostean, urriaren 3an larunbata herri epaiketa burutuko da Ordizian. Atzo agerraldia egin zuten Aritz Ganboa auziperatuarekin batera. Hona hemen agerraldian irakurritako testua:

Estatu espainiarrak internazionalismoaren aurka burutu nahi duen erasoarekin garbi izan behar dugu, ez gaudela beste epaiketa, kartzelaratze edo eta ilegalizazio baten aurrean, espainiar estatuak ezker abertzalea deuseztatzeko asmoz hamarkada hauetan burutu izan duen erasoaldiaren baitan beste pauso bat gehiago baita. Ilegalizazio-prozesuari euskal gaztediaren kontrako epaiketekin eman zioten hasiera, jarraian 18/98 sumarioa etorri zen eta gero etengabekoak izan dira “makro sumarioak”. Tartean, noski, adierazpen-askatasunaren aurkako eraso zuzenak izan genituen, irrati, egunkari eta aldizkarien itxiera eta horietan lan egiten zuten pertsonen kartzelaratzeekin.

Urte hauetan guztietan, denetarik entzun behar izan dugu makro-sumarioen aurrean: zirko hutsa izan dira, inongo oinarririk gabeko epaiketak, demokraziaren kontrako eraso zuzenak, alegia. Herri mugimenduetatik etengabe salatu ditugu eraso horiek guztiak, baina baita Vaskongadetako zein Nafarroako Parlamentuetatik edota zientoka udaletxetatik ere. Halaber, euskal jendarteak hamaika aldiz hartu ditu kaleak eta askotan salaketa horiek guztiak aldarrikapen-bakar bihurtu bada ere, “utz gaitzazue bakean!”, makro-prozesuek eta herri honetako militanteen aurkako erasoek bere horretan jarraitzen dute.

Honezkero argi geratu da dinamika errepresibo horrek helburu garbia duela: Euskal Herri aske eta sozialista bihurtzea amets duen dinamika deuseztatzea, alegia. Horretarako, edozein herrik bere burua bizirik eusteko ezinbestekoak dituen zutabeen kontra jo dute:

  • Gazteen aurka: subjektu politiko gisa desagerrarazteko eta askapen prozesuan belaunaldi artean eman izan den jarraipena eteteko (Jarrai, Haika, Segi…).

  • Herri mugimenduaren aurka: prozesuaren zutabe nagusiari, autoeraketan oinarritutako dinamikari amaiera emateko (Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekin…).

  • Euskara eta kulturaren aurka: Euskal Herria euskalduna egiten duenari amaiera emateko (AEK, Euskaldunon Egunkaria…).

  • Komunikabide kritikoen aurka: euskaldunon pentsamenduan aurrera pausoak ematen laguntzen duten ikuspegi kritikodun tresnak isilarazteko asmoz (Egin, Egunkaria, Ardi Beltza, Kale Gorria, Apurtu, Ateak Ireki, sarean dabiltzan norbanakoak...).

  • Elkartasun-sareen kontra: statuen errepresioaren inpunitatea handitze aldera Amnistiaren aldeko Mugimenduaren kontrako etengabeko errepresioa (AAB, Askatasuna, Herrira, abokatuen kontrako operazioak, Etxerat…).

  • Nazioarte-mailako elkartasun-sareen kontra: mundu mailan lortzen ari garen elkartasuna mozteko nazioarte-mailan lan egiten duten zenbait eragileren kontra (Xaki, ezker abertzalean nazioartean lanean dabilenen eragile eta pertsonen kontra…).

Azken puntu horretan kokatzen da, hain zuzen ere, Askapenaren aurkako baina ez isolatutako eraso berria.

Askapenaren aurkako erasoa Estatuen ofentsiba orokorrean kokatzen dugu. Horregatik azpimarratzen dugu, erantzunak orokorra izan behar duela, herri-erantzuna izan behar duela.

Estatuek Euskal Herri askea lortzea ezinezkotzat saldu nahi badigute, eguneroko lanean indar gehiago jarriko dugu hain urruti baina aldi berean gure eskuetan dagoen biharko Euskal Herria eraikitzeko asmoz.

Horrexegatik, bakoitzak bere lekutik eta bakoitzak bere esparrutik, Askapenaren aurkako erasoari, aipatutako beste guztiei bezalaxe, erantzun behar diegu. Horretantxe aritu gara azken asteotan Goierrin hainbat ekimenekin: kale apainketak (Beasain, Ordizia, Itsasondo, Urretxu...), buzoneoak (Ormaiztegi), informazio-banatzeak (Ordizia, Urretxu...), elkartasun-adierazpenak hainbat udaletxetan (Itsasondo, Zaldibia, Lazkao, Zerain...)... Eta larunbat honetan, Goierriko Herri Epaiketaren harira, egun osoko egitarau internazionalista antolatu dugu Ordizian:

  • 12:00etan, Ordiziako plazan, dantzari kataluniarren ikuskizuna.

  • 14:00etan, bazkaria.

  • 16:00etan, Mantala No! Bakarlaria, Jaima sahararra, musika eta erakusketa

(17:00etan Donostiako Bakea Erabakia manifestazioan parte hartzeko aukera)

  • 20:00etan, Manifestazioa eta estatu espainiarraren aurkako Herri Epaiketa

Azkenik, datorren urriaren 12an, Iruñean burutuko den Herri Sententzian parte hartzera deitzen dugu. Horretarako, Goierritik autobusak antolatuko ditugu.

Elkartasunik adierazten ez duen herria, bihotzik gabeko herria delako, Askapena Aurrera! Burujabetzaren bidean borrokan diharduten herri guztiak aurrera!


 

2015eko irailaren 30ean

Goierrin