Greziako brigadaren ondorio eta irakaspenak
Orain dela bi aste inguru Bartzelonan elkartu ginen brigadara gingoazen hiru lagunak, ezker independetistaren taberna batean. Abentura hasi genuen leku berean amaitu dugu; zein leku hobeagarik brigada amaitzeko baino. Oraindik Grezian utzitako jendea eta anekdotak oso presente ditugu, eta sentipen anabasa bat barrenea. Zein laburra izan den eta aldi berean zein mamitsua. Kafe goiztiar baten bueltan brigadaren gaineko lehen ondorio eta irakaspenak idaztera animatu gara.
Hasteko, arreta deitu diguten gauzen inguruan aritu gara hizketan. Kolotumba. Kolotumba da burura datorkigun lehen hitza. Badakizue zer esan nahi duen? Honakoa hau da azalpena: zerbait egingo duzula esan, eta kontrakoa egitea. Eta hori da Greziako txoko askotan aurkitu dugun lehen sentipena; Syrizaren jarrerak eragindako sentipena, hain zuzen. Hamaika izan ziren ezkerreko koalizioak agintea eskuratu aurretik agindu zituen kontuak: Halkidikiko mehatzeak etengo zituela, uraren pribatizazioa bertan bereha geratuko zela, parke eolikoen eraikuntza gehiago egingo ez zela... baina errealitatea bestelakoa izan da. Gauza gutxi aldatu dira Alexis Tsipras agintean dagoenetik. Horrenbestez, Memmorandumaren ondorioz hartu beharreko neurriek eta horien ondorioek desilusio itzela sortu dute greziarren artean. Esperantza eza da gaur egun Grezian nagusitzen den sentipena. Izan ere, aldaketan sinesten zutenek ikusi dute politikak aldatzeko aukera ez dagoela gobernuan. Gaur egun Grezia Troikaren kolonia bat dela uste dute herritarrek, burujabetza osoa galdu duen lurraldea dela.
Gainera, azpimarratzeko da, elkartu garen greziarren aburuz bertako bizilagunek Memmorandumaren bigarren atalean aurkitzen direla gaur egun. Lehen kapituluan, murrizketak eta pribatizazio neurriak izan ziren protagonistak. Orain, berriz, Greziak duena kokapen geoestrategikoarekin lotura duten aferak dira nagusi, hala nola NATOk Kretan duen basea, Mazedoniako auzia, NATOk Balkanetan duen basea (berriz ere), Turkia, errefuxiatuen afera… Bai greziarrek eta bai guk lupaz jarraitu beharreko mugimenduak dira denak.
Euriaren antzera, azken urteetan esperantza ia desagertu bada ere, izugarriak dira oinarrizko beharrei erantzuteko sortu dituzten autoantolakuntza proiektu ezberdinak. Eskola eta klinika sozialak, elikadura kooperatibak, fabrika okupatuak, uraren pribatizazioaren aurkako borroka… Horiek guztiek oinarrian dute izaera kolektiboa, komunitatea da egitasmoen oinarria. Horren erakusle da menpekotasunari aurre egiteko terapia kolektiboaren proiektua. Nolabait, pribatizazio prozesuekin eta murrizketekin jendartea suntsitu eta pixkana hil nahi izan duten bitartean, Greziako herritarrek aurrera egin dute, antolatuz, elkartasunez eta modu kolektiboan. Baina urteek pisatu egiten dute, eta dagoeneko nekea antzematen da zenbait lagunen artean. Dena den, gauza batzuk oso argi dituzte; beraiez kabuz sortutako proiekturik ezean, zaila izango baitzaie aurrera egitea.
Arreta modu positiboan deitu diguten gauzen artean bada beste bat ere: elkartu garen lagunek borroka nazionala eta borroka sozialaren arteko uztartzearen gaineko interesa dute. Gaiaren inguruko galdera asko egin dizkigute Greziako zenbait txokotan eskainitako hitzaldietan (baita lagunarteko eremuetan ere), ezkerreko mugimenduei zaila egiten baitzaiei bi borroken uztarketa ulertzea.
Kanpotik barrura begira. Atzen utzi dugu Bartzelona ere, eta itzulerako bidaian Euskal Herria dugu helmuga. Etxea, kideak, auzoa eta herria. Grezian ikusitakoak eta ikasitakoak bizipenen motxilan sartu ditugu, eta gurekin dakartzagu etxera bueltan. Baina gure herrira begira jarrita, Grezian jasotako zenbait irakaspenek galderak eta zalantzak sortzen dizkigute.
Bat gatoz Grezia gaur egun laboregi bat dela esatean. Eremu politikoan, ekonomikoan eta geopolitikoan ez ezik, nazio identita eta estatu egituren inguruan aldaketak egiten ari dira. Behin eta berriz azpimarratu digute gaur egun grezia kolonia bat dela. Estatu bat izanik ere, burujabetza galdu duen herri bat dela. Gobernua bera ez baita erabakiak hartzen dituena, Troikaren aginduak betetzen dituena baizik. Eta honek, Troikak, Grezia bere nahieran erabiltzen du eremu guztietan. Greziaren ezagututako hainbat neurri ekonomiko Espainiar Estatuaren eskutik ezagutu ditugu guk, eta itxuran ezberdina badute ere, oinarri komun bati erantzuten diotela uste dugu; neurriok zerbitzuen pribatizazioa eta estatuaren eskumena mugatzera datoz. Neurri eta estreategi horiek baliabide gehienak enpresa pribatuen eta multinazionalen menpe geratzea ahalbidetuko dute. Globalizazio estrategia batean, identitateak, kulturak eta historiak urtu egiten dira, kapitalismoaren itsas merkatu bilakatuz. Horregatik, eta azken aldiko joerak ikusita, murrizketa eta neurri pribatizatzaile berrien aurrean ez ote gauden hausnartu dugu; Grezian bizi eta jasan dituzten neurriak ez ote ditugun gurean ere ikusiko (orain arte ikusi eta ezagutu ditugun neurriez gain). Eta hala izatekotan, prest al gaude balizko egoera horri erantzuteko?
Ikusi dugu nola Grezian oinarrizko baliabideak -ura, hezkuntza, osasuna, elikadura, energia, etxebizitza…- ez daudela jende guztiaren eskura. Estatuak berak, anaia handiaren aginduz mugatu dituela. Jabetu gara herria bere kabuz antolatu behar izan dela oinarrizko beharrak bermatzeko, eta finean, bizirauteko. Bizirik ez dagoen herriak ezin du borrokatu. Beraz, burujabetzaren aldeko borrokan murgilduta gauden honetan, gure burujabetza nola eraikiko dugu? Nola egin oinarrizko beharrak asetzeko? Pribatizazioaren, zentralizazioaren, estatalizazioren, globalizazioaren…., oro har, Europako kapitalismo basatiaren aurrean, nola eraiki Euskal Herri bizi eta eraldatzailea?
Bidaiaren zati bat egin dugu, baina hau ez da bukatu; orain, Euskal Herrian lan egitea dagokigu. Grezia, jarraitu gogor borrokan; zuek handik eta guk hemendik egingo ditugu etorkizun hobeago baten aldeko urratsak! Kalidinamita!
Eskerrik asko abentura honetan bidaide izan ditugun lagun guztiei. Eskerrik asko Atenasen, Thessalonikan eta Kretan (Rethimno nahiz Heraklion herrietan) etxean bezala hartu gaituzuenoi; etxeko ateak ireki dizkiguzuenoi; hitzaldietara etorri zaretenoi; galderez josi gaituzuenoi (zer pentsatua eman diguzue!). Mila esker Greziako borroken berri emateko hara eta hona ibili zareten guztioi; beroari aurre egiteko hartu izandako kafeen eta garagardoen bueltan milaka istorio kontatu dizkiguzuenoi. Borrokak batuko gaitu berriz!