Libanoko brigadaren lehen kronika: elkartasun zubiak eraikiz
Goiz esnatu gara Shatilako Children and Youth Centerreko gure logelatan; gau osoan zehar haizegailua piztuta izateak ez du asko lagundu bero hezea gainditzen, eta iratzargailuak jo duenerako gutako batzuk esna geunden, eta izerditan blai, dagoeneko egiten zuen beroaren ondorioz.
Egongelara azaldu eta bertan ziren jada brigadako kide batzuk katilua eskutan; batzuk gaileta eta bollo batzuk erostera jaistea erabaki dute Shatilan han eta hemen dauden dendatako batera. Shatila... Libanon dauden palestinar errefuxiatuen eremuetako bat; 82. urtean, bertan eta ondoan dagoen Sabrako beste eremuan, Libanoko Falange Kristauak, orduan Beiruten bertan zen Israelgo Armadaren babesarekin, palestinarren aurkako sarraskia burutu zuen toki bera.
Egun, palestinar errefuxiatuen populazioa bikoiztu da harrez gero, eta inguruetan Libanoko pobre eta zapalduenak pilatzen joan dira azken urteetan. Bigarren mailako hiritarrak ere izatera iristen ez direnak dira palestinar errefuxiatuak, eskubiderik gabekoak, lurra ere ostu dietenak.
Shatila horren guztiaren adierazle da; etxe batetik bestera gurutzatzen diren kableek eta kaleen estutasunek ez dute eguzkia sartzen uzten ia. Kiratsa, aglomerazioa, beroa, zarata...egunotan gure etxe izango denetik kalera atera eta segituan ohartu gara bertan bizitzearen gogortasunaz.
Beirutera goaz eremuko sarreretako batean geratu dugun taxi batean, erabat pribatizatutako kosta ezagutu nahi dugu. Zabortegia dirudien zati ñimiñoa izan ezik, gainontzeko guztia jatetxe eta klub pribatuen jabetza da, eta nabari da harrapakeria horren ondorioa kostaldean, ez baita naturarentzako tarterik utzi. Segituan ohartu gara armaz jositako zaindari pribatuek babestutako eremu elitista horiek ez direla guretzako modukoak, itsasoaz gozatzea ere ez dago beraz edonoren esku Libanon.
Zoritxarrez egoera ezaguna egin zaigu, eta ezin izan dugu ekidin Euskal Herriko turistifikazio prozesuarekin lotura, gertatzen ari denaren eta gerta daitekeenaren kezkaz. Arratsaldean hitzordua dugu eta bilera tokira gerturatzeko taxia hartzeko Beirut zentrotik pasa garenean H&M, Starbucks, Dunkin’ Donuts...ondotik pasa gara. Halakoetan beti burura etortzen zaigun gogoeta berretsi dugu: “berdin zaigu Beiruten, Bartzelonan, Belfasten, Istanbulen edo Donostian gauden”.
Iritsi gara Beiruteko Unibertsitate Arabiarreko sarrerako atera, bertan Mohammad Kallam dugu zain. Palestinar errefuxiatua, bere gurasoak 1948an bota egin zituzten Palestinatik: Nakba. Bere etxera eraman gaitu, eta bere etxeko egongelan eroso jarri eta gero lasai askoan hizketan hasi da.
Lehenik eta behin azaltzen digu etxea Shatilan badu ere, bertatik alde egin duela bere familiarekin eta etxe bat alokatu hortik kanpo (baina ez oso urrun). Garbitasun faltak, etengabeko argi mozketak, zarata etengabeak, kaniletatik ateratzen den ur gazia (gure etxeko kanilak erdoilduta daude gatzagatik),... ezinezkoa zen modu horretan haurrek ikastea eta aurrera ateratzea.
1984an Cuban, ingeniaritza zibilean graduatutako 63 urteko gizon honek, patxadaz azaltzen digu nola 1978an israeldarrek Libano hegoaldea okupatu zuten eta bere gurasoekin bizi zen herriraino iritsi ziren Libanoko ejertzitoko zati baten laguntzarekin. Baina alde egin behar izan bazuen ere, oso presente du Libanon jazotako gerra.
Oraintxe hiru lanpostu betetzen ditu bakarrean soldata arrunta baino baxuagoa den bat kobratu ahal izateko. Segituan azaltzen digu palestinarrek bizi duten egoera babesgabea: maiz debekatuta dute lan egitea, ezin dute jabetzarik izan haien izenean, ikasketak ere garestiegiak dira haientzat, ... Argiki adierazten digu arazoa ez dela libanoko herriarena: “libanoko langileek ez dute errurik haien gobernuak halako legeak egiten baditu, gobernuaren errua da nik lanik egin ezin badut”.
Osasun eskubideen inguruan galdetuta, aipatzen digu Shatilan osasun zentro bakarra dagoela eta bertako mediku bakarrak 100 eta 200 pertsona artean artatu behar dituela egunero 8:00tatik 14:00tara “pentsa zein baldintzatan artatzen dituen gaixoak, nola atendituko duzu inor lasai horrela?”. Botikak lortzeko ere arazoak daudela dio, farmazia oso gutxi daude Shatilan eta botiken gaineko kontrolik ez dagoenez, askotan kadukatuak daude, egon baldin badaude eta Shatilatik kanpo askoz prezio garestiagoan erosi behar ez badira. Ilargi Erdi Gorriaren inguruko lanaren inguruan galdetuta “haien artatzea oso txarra” dela esaten du irmo.
Egoera orokorraz kexu da Mohammad, Ekialde Hurbileko gerra egoerak Libanoko egoeran eragiten du; Siria eta Yemeneko gerrek eta Irakeko egoera nahasiak zuzenean eragiten diote Libanoko politika eta ekonomiari, “Libano krisian dago” dio. Honen adierazle gisa aipatzen digu heriotza adin media jaitsi egin dela azken urteetan, “lehen jendea 80 urte pasata hiltzen zen, orain 60/70 urterekin”. “Jende heldua lehen” darrai “askoz hobe elikatzen zen, gobernuak ez du haiek zaintzeko interesik erakusten. Helduen zaintza familian egiten da, edo kristau elkarte batzuek bideratzen dute. Dena den jende heldua borrokatzen ari da gauzak aldatzeko, jubilazioa existitzen bada ere oso pentsio kaxkarrak dira”, hori esan eta ezinbestean etortzen zaigu burura Euskal Herrian pentsionistek aurrera daramaten borroka sutsua. Esandako guztiari ondorio logikoa emanez edo, zera dio: “Libano kapitalista da”.
Palestinar herriaren egoerara itzuliz, argitzen digu Libanoko egoera orokorra hori izanik, Libanoko palestinar errefuxiatuena askoz gogorragoa dela pairatzen duten eskubide gabezia medio. Aipatzen digu Shatila inguruan marginalidade handia pilatu dela (Beirut eta inguruetako pobreenak tarteko), eta gobernuak propaganda handia egiten duela honek guztiak sortzen dituen talka sozialen errua palestinar errefuxiatuei egozteko. Gauzak honela, esan daiteke Shatilaren inguruko beldurra hedatzeko politikak direla, ezinbestean arrazismoa dakartenak. “Interes berezia dute bertako politikari batzuek Israelekin negozioak egiteko, horregatik baztertzen eta kriminalizatzen gaituzte. Hezbollahk ere palestinarren borroka babesten du, eta horregatik Libanoko jende askok mespretxatzen gaitu”.
“Dena den”, onartzen du, “palestinar guztiak ez dira txintxoak; badira delinkuenteak eta gaiztoak direnak, harritzen nauena da oraindik ere ez erotu izana bizi diren baldintzatan bizita”.
Honen aurrean, Mohammadek argi du palestinar identitatea zabaltzea eta hurrengo belaunaldietara transmititzea oso garrantzitsua dela. “Gure haurrak Libano eta Siriako beste haurrekin nahasten dira, eta askotan haien kabuz ikasten dute palestinarra izatea zer den eta zergatik ez dauden haienak diren lurretan”. Harro esaten digu “palestinar guztiak militanteak dira, baina entrenamendurik gabeak; prest daude haien lurrengatik borrokatzeko israeldarren eta bere lagunen kontra (yankeeak, frantsesak, ingelesak...). “AEBek gatazka erlijiosoak eta fakzionalismoa bultzatzen ditu, baina palestinarren artean hau ez da gertatzen” dio lurraren aldeko borrokan batasuna adierazteko.
AEBekin jarraituz, haserre antzean edo dio “Trump petrala da, bere herriak ere ez du maite, baina zoritxarrez Estatu Batuetan ez dago benetako ezkerreko alderdirik. Munduko herriek ez dituzte gustuko AEBen moduko politikak, halakoekin herriak baitira galtzaile; inperialismoa, mundu osoa irentsi nahi duen piztia basatia da”. Honen aurrean herriek borrokatzeko duten beharraz mintzo da, eta bere ibilbide luzeari errepasoa eginez edo, goxo dio “denborarekin bada aldatzen den jendea bere interes berekoiengatik, baina badira inoiz aldatu ez direnak, hortxe dugu Fidel Castroren adibidea”.
Elkarrizketa honek utzitako sentsazio eta irakaspenak liseritzen ditugun bitartean Shatilara goaz ttipi ttapa. Etorbide luze eta zabalak atzean utzi eta kaleak estutzen hasten dira, eta zarata handitzen, iritsi gara Shatilara: kiratsa, bero sapa, zarata, kable mordoak gure buru gainean, ur zikinak bustitako lurra... Baina bada zerbait diferentea, etxera iritsi aurretik, iskinako dendan sartu eta bandera palestinoa erosi dugu, garrantzitsua da brigadako argazkitan azaltzea.