Libanoko brigadaren kronika berria: bestearen begietatik

“Tripoli? La. Tripoli? La.”, horrela hasi dugu eguna Colako autobus geltokian. Nahas-mahas erabatekoa den zubi azpi batetatik pasatzen den errepide lau karrildun batetan alde batetan zein bestean dauden furgoneta txikiek osatzen dute delako autobus geltokia. Ez dago seinalerik, ez dago kartelik; eta bertakoek, gure erosotasun mendebaldartarra ezdeus bihurtzen duen superbotere baten antzekoaren jabe dira. Ez dute galdetu beharrik zein furgoneta hartu behar duten jakiteko, ez dira galtzen, ez dabiltza errepidearen alde batetik bestera, noraezean dagoen oilasko saldoaren moduan.

Ezezko batzuk jaso ondoren, azkenean, bada Tripolira eramango gaituen furgoneta bat, eta gurekin batera beste lau pertsona igotzen dira, guztiak militarrak. Bezperan, Rami Salamirekin izandako elkarrizketan, esan zigun joera handia dagoela ejertzitoan sartzeko, “hori baita segurtasun gutxienekoa eman diezazukeen lanbidea edo”.

 

Tipo jatorra Rami, Fisika irakaslea unibertsitatean, bere gurasoek komunistekin borrokatu ziren Libanoko guda zibilean 1975 eta 1990 artean. Guda zibila gogoratzean aipatzen digu inportantea dela oso gogoan izatea Libano sortu bazen Kristauek Otomandar Inperioari egindako presioagatik izan zela. Haien eremu politikoa behar zuten herrialde arabiarrez jositako eremu honetan, eta aldarrikapen honetan laguntza paregabea jaso zuten mendebaldeko potentzietatik (Frantzia, Espainia,...), merkataritzarako bide ezin hobea suposatzen baitzuen. Honetarako jatorrizko Libano Mendiari Siriako eta Palestinako hainbat lurralde gehitu eta halaxe sortu sen Estatu berria.

 

“Hau guztia Fawwaz Traboulsiren ‘A Modern History of Lebanon’ liburuan ederki asko azaltzen da, irakurri ezazue, benetan gomendagarria da. Nik behintzat oso gustoko dut Fawwaz Traboulsi”.

 

Azkar asko jo genuen gomendatutako liburua eskuratzera, eta ondorioztatu ahal izan dugu Libanon ohikoak izan direla historian zehar suni, xii, druso eta kristauen arteko talka eta gudak boterea eskuratzeko. Eta guda zibila ez zen beste botere hartze saiakera bat baino izan; kristau libanesek, israeldarren laguntzarekin palestinar eta ezkerreko mugimenduen kontra jo zuten: tartean izan ziren Sabra eta Shatilako gertakariak, Israelgo Armada jada Beiruten zela, eta Ariel Sharon Defentsa Ministro.

 

Ramirekin elkarrizketan aurrera joan ahala, sentsazio arraroa da gurea eta galdera ezinbestekoa: “Esaten duzunagatik Rami, Estatua existitzen al da?” Eta erantzuna erabatekoa: “Ez. Hemen badira hiru familia handi, eta bakoitzak bere zatia kontrolatzen du; sunitek batetik, kristauek bestetik eta xiitek bestetik, gainera kanpo injerentzia handia dago: Iran, Siria, Saudi Arabia, Estatu Batuak... Mantentzen duten oreka, haiek nahi dutelako da; bakoitzak badu bere osasungintza sistema, bere hezkuntza sistema, bere milizia...eta lan egin nahi baduzu, edo lan txukuna izan, hobe duzu haietako batekin batu eta ederki ordaindu, orduan irekiko zaizkizu ateak. Begira nik, ez dut halakorik egin eta dudan lanpostua nahiko kaxkarra da”.

 

Ramiren esanetan “sektarismoa” (familia erlijiosoen instituzionalizazio politikoa) “itxura baino ez da, benetan ez da halako orekarik”. 1943an Itun Nazional bidez ezarritako sistema politiko honen arabera, sistema presidentziala ezarriko zen Libanon eta Presidentea kristau maronita izango da beti, Lehen Ministroa musulman sunia eta Parlamentuko Presidentea musulman xiia. “Baina gure historia politiko garaikideari kaso eginez gero, ikusiko duzue zenbatetan izan diren blokeo politiko instituzionalak hauteskunde batzuen ostean. Etengabeko gatazka politikoa da, norbere interesen mesedetan”.

 

Baliteke aurreritziak izatea, baina Tripolira bidean zatika erortzear dagoen furgonetan goazela, hiru karriletako errepidean lau ilara eta erdi ikus ditzakegu, ez dago inolako trafiko seinalerik,... eta instituzionalizazio politikoaren isla antzematen dugu.

 

Pentsamendu eta elkarrizketa hauek izaten ari garela, bapatean gidaria geratu eta jaisteko esaten digu, guk ez dugu ulertzen zer den gertatzen dena, baina argi dugu ez dugula gure helburuan etsiko, Tripolira eramango gaituen zerbitzua lortu dugu eta emandako hitza bete artean gure eserlekuetatik ez gaitu inork mugituko. EZ DIRA PASAKO!

 

Gidariak, sekulako pazientzia erakutsi duenak, kaletik zebilen itxura ez arabiarreko bati deitu eta esan dio mesedez guri azaltzeko Tripolin gaudela eta autobus geltokia gauden tokitik oso hurbil dagoela, hau da, eskatutako zerbitzua bete duela eta ordaintzeko. Orduantxe, gure duintasun guztiarekin “sukran” esan eta txintxo txintxo jaitsi gara.

 

Oraindik ez dakigu non utzi dugun Beirut eta non sartu garen Tripolin; 60 kilometro pasatxoko ibilbidean ez da hutsunerik izan United Colours of Benetton, Pizza Hut, Mac Donalds, Burger King eta hotelen segidan. Kostalde guztia eraikinez josia, mendia eraikinez josia...eraikinak, markak, eraikinak, markak,...hutsunerik gabe, atsedenik gabe.

 

Tarekekin dugu hitzordua Tripolin, FPLPko kidea eta Beddawiko, Libano iparraldean dagoen errefuxiatu eremuko bizilagunetako bat. Apurtxo bat bertakotu garelako edo beste aukerarik ez dugulako izan, nola edo hala sartu gara brigadako 6 lagunak eta Tarek taxian ordura arte ezagutzen ez genuen moduan gure gorputzak okertuta. 35 gradu, 8 pertsona taxi batetan eta Tareken esanetan 5 minutuko ibilbidea aurretik; egun hauek nahikoa dira jakiteko gutxienez 15 minutu eman beharko ditugula kotxean, izerditan blai eta ondo asmatu ezinik gure aho parean dugun belauna norberarena den edo ondokoarena.

 

Iritsi eta segituan ohartu gara Beddawikoak ez duela zerikusirik Shatilako eremuarekin; garbitasuna, txukuntasuna, zaratarik eza, lasaitasuna kaleetan... hau beste zerbait da.

 

Tarek eta gure arteko komunikazioa ez da guztiok nahiko genukeen bezain arina, haren ingelera ez da oso fina, eta gure arabiera hutsaren hurrengoa. Nola edo hala, baina, lortzen dugu elkar komunikatzea (google translatorren ezinbesteko laguntzarekin) eta hainbat elkarrizketa ditugu Tarek kidearekin. Horietako batetan azaltzen digu Shatila eta Ain al-Hilwen errefuxiatu eremuak ez dutela zerikusirik Libanon dauden gainontzeko 10 eremuekin.

 

"Egun Shatilan dagoen palestinar kopurua %30ekoa da, krisiaren ondorioz pobretutako jendea eta errefuxiatu siriarrak bildu dira bertara azken urteotan” dio, “marjinalitate gune bihurtu dira, eta drogaren sarrera ikaragarria izan da; gehien bat cannabisa eta extasia, baina bestelakoak ere badira. Biolentzia handia dago egoera guzti honen ondorioz eta egoera ez da ona”.

 

Segituan ulertzen dugu zertaz ari den, gure begi propioekin ikusi ahal izan baitugu aipatzen duen hori guztia. “Ain al-Hilwen berriz”, gure atentzioa segituan erakartzen du, aurreikusia baitugu bertara joatea egun parea ematera hurrengo egunotan “egoera bestelakoa da, arriskua wahabismoaren aldetik dator”.

 

Wahabismoa, Estatu Islamikoak oinarrian duen ideologia erlijioso politikoa, aipatu eta gorputzak tenkatu egiten zaizkigu, behetik gora ziztada batek eragingo balio bezala. Gogora datozkigu komunikabideetatik jasotako informazioak eta brigada osoan agian lehen aldiz ohartzen gara, garai hauetako mamu eta etsai lazgarriena hementxe bertan dugula, gu garela harengana gerturatu garenak. Saudi Arabiako boteredunen ideologia izanik, wahabismoak badu nork sustengatu ekialde hurbileko hainbat lekutan, eta inperialismoaren mesedetan jokatzen duenez zapaldu guztiok etsai komun bezala ikusten dugu.

 

Tarekek hizketan darrai “nire klaseko hiru lagun, orain wahabitak dira. Arriskutsua da pentsakera hori ez baitu askatasuna nahi, baina egia da bertan oso jende jantzia dagoela, asko ikasten dute ondoren jendea konbentzitzeko; egia da badela jende asko haiengana gerturatzen dela diruagatik edo jasoko duen babesagatik, baina asko eta asko konbentzimendu osoz daude bertan.”

 

Orduantxe konturatzen gara, Tarekek eta bere burkideek egunero egin behar diete aurre Daeshi eta antzekoei, lurralde honetako errealitate soziopolitikoan ezinbestean kontutan hartu behar den aktoreetako bat; ezin zaio muzin egin mamua denaren aitzakiapean, hortxe dago onerako eta txarrerako, eta behar bezala aurre egitean datza Palestinar herriaren askatasunaren gakoetako bat.

 

Tarekek oso ondo azaltzen duen moduan “guda nagusia ideietan dago. Gure herriak arazo handiak bizi ditu, baztertuta gaude, ezin dugu lanik egin, gure lurrak lapurtu dituzte, ez dugu gure identidadea onartzen duen agiririk...erraza da drogatan edo wahabismoaren atzaparretan erortzea, horregatik lan handia egiten dugu jendeari azaltzen bere egoeraren arrazoia, problema hauen erroa, eta gurekin batera lan egitera eta borrokatzera gonbidatzen ditugu”.

 

“Dena den” dio inoiz baino argien “ez da nahikoa ideien inguruan hitz egitea, jendearen bapateko arazoei ere irtenbidea eman behar zaie. Askotan esaten didate Beddawiko gazteek ernegaturik ‘zer nahi duzu egitea ez badugu lanik?’, nik erantzuten diet ‘hara bestea! Nik ere ez dut lanik, baina lan mordoa dut haurrak entrenatzen, eremuan ekimen politiko eta kulturalak antolatzen, auzolanetan...etorri nirekin eta izango duzu zereginik!”.

 

“Askotan, eremuko gazteek armak hartu nahi dituzte eta Israelen kontra jo. Baina hori egin nahi badute, oso garrantzitsua da jakin dezaten zergatik egiten ari diren, bestela berdin izango die armak zergatik eta zertarako erabiltzen dituzten. Honela amaitzen du gazte askok Daeshen. Ni marxista-leninista naiz, nire alderdia marxista-leninista da, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu jendearen formazio politikoa, baina ez hitz handietako hori, egunerokoan ikasten dena baizik”.

 

Asko azpimarratzen du formakuntza dela oinarria, ondorioak kudeatzea garrantzitsua dela, baina hobe dela errora joan eta egon baden etsipen eta haserrea onartuta, haiei heldu eta lanketa ona egitea bide egokitik bideratu ahal izateko. “Nire alderdikideei apenas entzungo diezu esaten palestinarren egoera kaxkarra dela, baina hala da, eta hala onartu behar da; ez badugu onartzen ezingo dugu egoera gainditu”.

 

Oso gertuko sentitzen dugu Tarek, 28 urterekin esperientzia itzela duela erakusten duen militantea; gu behintzat txundituta gauzka.

 

Behin atseden hartuta, bagoaz eremutik bueltaxka ematera, “kanpalekuko segurtasunak zeintzuk zareten ikus zaitzaten eta honela argazkiak lasai asko atera ahal ditzazuen”. Kalexkaz kalexka bagoaz eremuan barna. Berretsi dugu hasierako sentsazioa, dagoen antolakuntza bestelakoa dela nabaria da.

 

Eta ttipi ttapa, iritsi gara FPLPko egoitzara, hortxe dugu hurrengo hitzordua...