Bolibiako brigadaren kronika: denboraren ikuspegiak

Lehenengo eszena: autobusa arratsaldeko 16:00etan ateratzekoa da. Lau euskaldunak 15:30tan gerturatu dira. Autobusa 16:05 heldu da hitzordura. Bolibiako hiru kide 16:15etan. Beste kide batzuk falta dira, eta haien zain eman dituzte 20, 40, 60, 80 minutu. Euskaldunak urduritzen hasi dira, baina bertakoak ez. Autobusa ordu eta erdi berandu irten da. Euskaldunek behin eta berriro galdetu dute garaiz helduko ote diren, zenbat falta den helburu den hirira iristeko, kexaka aritu dira. Bertakoek ez dute arazorik ikusten, lasai asko solastu dira haien artean. Azkenean, autobusa behar den momentuan iritsi da, aurreikusita zegoena baino beranduago izan arren.


Bigarren eszena: Llama bat mendian dabil. Bat-batean, lurrean etzan egin da. Artzaina gerturatu zaio eta artilea mozteari ekin dio. Bertakoei galdetuta, euskaldunak harritu egin dira: “Nola da posible hain fama txarra duen llamak pertsona ez erasotzea? Nolatan utzi dio ilea mozten?”. Llamak, behar baino ile gehiago duenean, ezin du bere pisua jasan eta artilea kentzea behar du. Zergatik erasotuko ote du mesede egingo dion pertsona horri?


Bi irakaspen. Lehenengoa, erritmoak ez duela merkatu kapitalistak markatzen (momentuz), behar naturalak baizik; bigarrena, animaliek eraso egiten dutela bere bizitza edo bizimodua arriskuan ikusten dutenean. Bertakoek ederki ongi dakite naturatik eta naturarekin batera pentsatu behar dela bizitza, ez natura etsai bailitz.

Hirugarren eszena: arratsaldeko laurak dira eta euskaldunek ez dute bazkaldu. Familia batek kudeatzen duen (jat)etxe batera sartu dira. Aspaldi bazkaldu dute bertako gehienek, jakitun dira beharbada jateko aukerarik ez dutela izango. Etxeko andereak, Caserak, baietz dio. Pasta bukatzen ari zaiola, baina arrozarekin edo moldatuko direla. Ez dago sukalde ordutegirik, janaria bukatzerakoan amaitzen da bazkariak emateko ordua. Otordu ederra hartu ondoren, gailetatxo batzuk eman eta taxia dei diezaieketela esan diete. Edo nahi duten lekura lagundu. Familiak ez du presarik, prest dago behar denean laguntzeko.

Distantzia hartu gabe zail da adierazten zein punturaino garen euskaldunak (eta okzidentalak, orokorrean) erlojuaren menpeko. Berandu gabiltza beti eta, beraz, ez gara inora iristeko gai. Boliviarrak ez dira inoiz berandu iristen, momentuak garrantzia duelako. Merkatuan dauden caserak, saltzen ez duten bitartean, unea probesten dabiltza: josten, zeozer jaten, ondoko postukoari zerbait behar duen galdetzen, arto aleak bereizten,... momentuan bizi bazara ez zara berandu iristen, ez baituzu geroaren kezkarik.

Euskaldunak, berriz, Bolivian gaude hurrengo egunetan egingo ditugunen zain. Egiten ez baditugu, egiten ez dugulako kezkatuta. Kausa-efektua, emaitzaren gorestea, bidearen bukaeran klimaxen bat lortuko dugula pentsatzea: gizarte kapitalistaren bizimodua gurutziltzaturik dugu barrenean, egunero kritikatzen dugun arren. Eta beste kultura batekin harremanetan jartzeak ispiluaren aurrean jartzera behartzen gaitu. Ispiluak produkzioaren mamua geu garela esan digu honako honetan. Ez gure gizartearen bizimodua erreproduzitzen dugulako, bertako bizimoduari egokitzeko gai ez garelako baizik.