Venezuelako brigadaren lehen kronika: Venezuela itotzeko estrategiaren aurrean, Herriaren arnasa
Venezuelari buruz Europara iristen den errelato mediatikoa buruan genuela iritsi ginen Caracasera uztailaren 31an. Diktadura bat hitz ematen ziguten Le Monde, El País eta enparauek; gosetea, miseria gorria... Apokalipsiara iristear ginen.
Hegazkinetik jeitsi eta berehala abisatu gintuzten: argirik gabe zegoen Caracas, eta ur mozketak zeuden herrialde guzian; edozein saltegitako prezioak zeruan: "astero igotzen dira prezioak hemen, batzuetan egunean bertan ere bai", azaldu ziguten, Venezuelak jasaten duen hiperinflazioaren adibide garbia. Hotelera iritsi eta afixa: ur jarioa 6:00-6:30 eta 19:00-19:30 artean. Edozein jatetxetan plater baten prezioa 6-7 milioi bolibar -1,5 euro inguru-, edozein herritarren hilabeteko lansaria baino gehiago. Gezurti eta manipulatzailetzat jotzen dugun prentsa inperialistak arrazoi ote zuen?
Egoera ekonomiko larria bizi du gaur egun Venezuelak eta hori ezin da ukatu, azken hamarkadetan iraultza bolibartarrak izan dituen lorpenak ukaezinak diren gisa berean.
Urteetan, petroliaren errentatik bizi izan da Latinoamerikako bihotzean kokatua den errepublika, prosperitate osoz. Chavez buru osatutako gobernuak herritar xumeen oinarrizko beharrei erantzuna eman zien, urteetan pilatutako zor soziala gogoan: etxebizitza -milioika herritarri eskaini zien aterpea iraultzak-, osasuna -misio ezberdinen bidez mediku azterketa osoak eta mediku arreta dohainik herritar guzientzat-, hezkuntza -unibertsitaterainoko ikasketak dohainik herritar guzientzat-, garraio sarea... hamarkadetan bazterrean utzitako auzo guzietara ura, gasa eta elektrizitatea iritsi ziren. Robinson misioaren bidez, herriari idazten eta irakurtzen irakatsi zioten, mundu mailako alfabetizazio tasa altuenetara iristeraino. Kronika bakarra ez litzateke nahikoa herriari emandakoaren zerrenda luzea kontatzeko, eta hori oso presente ikusten da Venezuelarren artean. #AquiNoSeHablaMalDeChavez
Gerra ekonomikoa: herriaren desjabetzea
Herrialde arabiarretan desoreka politikoa eragin ondotik, Latinoamerikan sortutako esperantza zapuzteari ekin dio inperialismoak. Argentina, Brasil, Ecuador, El Salvador, Nikaragua... komeni da zooma atzera bota eta ikuspegia zabaltzea. Venezuelan gertatzen ari dena ez da kasualitatea. Estrategia oso baten parte da.
Nicolas Maduro presidentearen kontrako atentatu saiakerak bazterrak mugitu zituen Caracasen. Nabaria zen tentsioa aterpea eman zigun 23 Enero auzoko Simon Bolibar koordinadoran. Azken urteetan egindakoaz kritika zorrotzak plazaratzen badituzte ere, gobernuaren balizko erorketaren beldur ikusi genituen, etorkizuna are ilunagoa litzatekeela jakitun. Arrakastatsua izan zen bi egun beranduago Caracasen barna Maduroren eta prozesu bolibartarraren aldeko martxa; milaka herritar atera ziren kalera.
Gobernu bolibartarrak ez zuen garaiz aurreikusi etor zitekeena, eta hori baliatu dute prozesu iraultzailea ito nahi dutenek. Ekoizpenaren %90 inportatzen duen herri bati iturria itxi ezkero, muturreko egoera dakar horrek. Oinarrizko higiene produktuak desagertu ziren aurrena (Venezular gizartearentzat ezinbestekoak diren produktuak); gerra psikologikoa, gerra ekonomikoaren baitan. Bere beharrak asetzeko behar dituen produktuak erostea oztopatzen diote orain estatuari.
Urteetan zahartzen joan diren azpiegituren egoerak eragin ditu antza ur eta argi mozketak, baina konpontzeko materiala kanpoan erosi beharko luke gobernuak, eta blokeo ekonomikoak ez dio uzten. Autobusak banan bana gelditzen ari dira erabilezin, baina kasik ezinezkoa da aldatzeko gurpilak ala bestelako materialak lortzea. Autoak ere geroz eta urriagoak dira herrialdean, jendeak ezin baitu mantenua ordaindu. Guzti horrek kolapsoa eragin du metroan, eta martxan diren bestelako garraioetan ere.
Gizartearen kontsumo ohiturak ez dira egun batetik bestera aldatzen eta egoerari aurre egiteko jarrera indibidulistak areagotzen ari dira. Gasolina kontrabandoa da kalte handienetako bat: Venezuelan merke erosia Kolonbian saltzen dute, garesti, eta hori da besteak beste esku-diruaren desagertzea eragin duen elementuetako bat. Baina ez da hori kontrabandorako gai bakarra, oinarrizko jaki eta orotariko produktuak ere Kolonbiara garraiatzen dira, errentagarriagoa delako.
Alternatibak eraikiz
Venezuelara iritsi garenetik, gerra ekonomikoari aurre egiteko gobernu bolibartarrak martxan jarri dituen neurriak ikusi ahal izan ditugu. Bi helburu nagusi ditu: barne produkzioa garatzea oinarrizko beharrei erantzuteko eta nazioarteko blokeo ekonomikoa gainditzeko alternatibak aurkitzea. Estatu mailako enpresak bisitatzeko aukera ere izan dugu, eta Petro kriptomonetari buruzko azalpenak jaso genituen Blockchain behatokian. Abuztuaren 20an izanen da operatibo, Nicolas Maduro presidenteak egoera ekonomikoari aurre egiteko neurri sorta aurkeztuko duen egun berean.
Oinarrizko elikagaiekin osatutako CLAP saskiak arnasa eman die herritar askori eta zerbitzu publiko guziak dohainik jaso ahal izateak ere egoeraren karga arintzen laguntzen du.
40 egunez herrialdea zeharkatu duen laborarien martxarekin batera iritsi ginen Caracasera. "Herrialdeari burua altxatzen laguntzeko proiektua dakarkigu gurekin", zioten behin eta berriz, gobernuari laguntza eta neurriak eskatzera etorritakoek. Nekazari eta herritarren arteko zirkuitu zuzenak eraikitzen ari dira han eta hemen, bi aldeentzako prezio justuak lortzeko ahaleginarekin. Ildo horretan kokatzen dira Pueblo a Pueblo proiektua eta herrialdean zehar garatzen ari diren kontsumo komiteak. Beharrak eraginda, egunerokoa kudeatzeko modu berriak asmatzen ari dira venezuelarrak, eta iniziatiba horietako anitz laguntzen ari da gobernua.
Brigada bere erdigunera iritsi zaigu jadanik, eta orainarte ikusi eta bizi izandakoaren ondoriorik argiena da herriak bizirik jarraitzen duela. Komunitateetan antolaturik, egunez egun, egoerari aurre egiteko estrategia berriak asmatzen ari da Venezuelako gizartea, eta hori da gaur egun, iraultzak bizirik jarraitzeko modu eraginkorrena. Ondoko egunetan, Meridan eta Laran egonen gara, hango komunitateetan dituzten proiektuak ezagutzen.
Aquí hay un pueblo digno!