Bolibiako brigadaren kronika berri bat: Bolibiako lanbideez hausnartzen

Mundu globalizatuan bizi garela diogu eta hiri handiak horren seinale direla. Hala ere, Boliviako hiriburura etorrita, hori guztiz horrela ez dela suma daiteke.

 

Egun batzuk eman ditugu La Pazen eta iristean arreta deitzen duen lehenetariko gauza dagoen “Cholita” mordoa da. Cholitak jatorri indigena duten eta janzkera tradiozionala daramaten emakumeak dira. Hauetako asko saltzaileak dira, “Caserak”; merkatuetan, kaleko postutxoetan edo, zuzenean, kaleko iskina batean edozein produktu saltzen dutenak. Baina haientzat saltzaile izatea ez da ogibide hutsa, bizitzeko modu bat baizik. Horren bitartez jendea ezagutu, bizilagunekin hitz egin edota ondoko postuetako eta lagunak diren beste Caseritekin egoteko aukera dute. Zahartzaroan ere euren postuetan darraite egunero-egunero. Pobreziak eragindako behar bat dela pentsa daiteke, Boliviako Gobernuak, ordea, 60 urtetik gorako adinduei hilero ordainsaria ematen die bere garaian kotizatu ez bazuten ere. Orduan, zergatik jarratizen dute salmenta postuetan? Bizitza ez dutelako beste modu batez irudikatzen.

Kasu askotan Caserita hauek elkartu eta euren postu sarea osatzen dute, batak besteari laguntzen diotelarik. Ez da harritzekoa kale berean produktu berdina saltzen duten postuak edota dendak aurkitzea. Horrela, ileapaindegien kalea, inprenten kalea edota koltxoi denden kalea aurki daiteke. Hauetako batetara joan eta, eskatutako zerbait ez badute, ondoko postuko Caserari eskatu edota berarengana bidaltzen zaituzte. Konpetentziaren logikak hemen ez du lekurik.

 

Deigarria den beste ogibide bat zapata garbitzaileena da. Hauek lurrean eserita eta aurpegia estalirik lan egiten dute, zapatak zikin dauzkatenen menpe egongo bailiran. Ongi aztertuz gero, sindikatu indartsu bat osatzen dutela ohartuko gara. Zapata garbitzaile izateak zituen estigmei aurre egin eta euren eskubideen alde borrokatu dute azken hamarkadetan (Egun horren isla den aldizkaria argitaratzen dute). Eta aurpegia estalia eramatearena? Ohitura kontua, besterik ez.

Sindikatu indartsua osatzen duten beste lanbide bat gidariena da. La Pazen ez dago guretzeko hain ohikoak diren eta hirian zehar mugitzeko balio duten autobusik. Horren ordez, minibusak edo trufiak deituriko furgonetak daude. Hauek ehundaka ibilbide ezberdin egiten dituzte hirian zehar. Ibilbideko edozein puntutan har daitezke eta nahi den lekuan jaitsi. Trufi gidari izateko nahikoa da furgoneta bat izatea eta sindikatuarekin ibilbidea adostea. Askotan familiarekin batera lan egiten dute; normalean gizonezkoa bolantean eta emakumezkoa haurrekin, bezeroak deitzen. Lana familiarekin egoteko beste aukera bat da.

 

Mundu okzidentalean lana bizitzeko, halabeharrez egin beharreko zerbait bezala ulertzen dugu, dirurik gabe ezin baitugu bizi. Hedonismo depresiboaren garai hauetan plazeraren antagoniko bilakatu da lana. Boliviarrek, aldiz, bizitzaren parte dela onartzen duten heinean, honekin duten harremana erabat bestelakoa da. Herri indigenek “Ongi bizitzearen” pentsakera garatu izan dute, hau da, norbera, beste kideak, animaliak, amalurra, etab. elkarreraginean daudela uste dute eta denen onura bilatuz jokatu behar dela. Lanaren alorrean ere horren arabera jokatzen dute. Horrela, lana ongi bizitzeko beste aukera bat dela pentsatzen dute eta, hortaz, ez dute harekiko talka zuzenik. Finean, lana ulertu eta bizitzeko beste era bat agerian utzi digute. Ez da nolanahiko irakaspena eman digutena!