Bolibiako brigadaren azken kronika: prozesuaren gorabeherak
Boliviak 12 urte inguru daramatza herriak boterea eskuratu zuenetik MAS (Movimiento Al Socialismo) mugimenduaren bidez, Evo Morales Ayma buru dutelarik. Ordutik, asko dira estatu plurinazional bihurtu den honetan eman diren aurrerapausuak. Hautatutako bidea Bolivia indigena, sozial-komunitarioa eta burujabea lantzen duena da eta horri begira jarraitzen dute borrokan egun.
Gobernu neoliberala amaitu zenetik, eredu ekonomiko berria eraikitzea izan da lehentasunezko helburua. Argi daukate sozialismo komunitarioa integratzen duen ekonomia dela aukerarik onena. Baina, zein da eredu honen oinarria? Zeintzuk dira hau lortzeko egin behar diren aldaketak?
Estatuaren kontrola MASek hartu zuenenean, garapenik gabeko herri pobre eta zapaldua zen Bolivia, ezinbestekoa zen botere ekonomikoa berreskuratzea. Horretarako, aurrez finkatutako erlazio ekonomikoetan zuen posizioa aldatu zuen. Hidrokarburoen eta beste baliabideen nazionalizazioarekin indarra lortuz. Gaur egun, ekonomia alorrean, lau jabetza mota bereizten dituzte: estatu ekonomia, pribatua, sozial-kooperatiboa eta komunitarioa, azken hau nagusitzea helburu delarik. Sozialismo komunitarioa kapitalismoarekin apurtzen duen egituratzeko modu berria da, jabetza pribatua desagerraraziz erlazio berriak josten dituena. Klase sozialak akatze bidean eta antzinako komunitateak abiapuntu hartuta. Luze joanen den prozesua da haien ustez, lehenengo neurriak erreforma liberaltzat har daitezkeelarik (errepideen egokitzea, alfabetatzea, eta abar).
Inperialismoarekin distantzia hartuz ere, burujabetza lortzea dute proiektu. Horretarako, kokaren produkzioa defendatu zuten bezala, beste lehengai eta elikagaien kudeaketa herrialdean garatzearen apostua egin nahi dute, barne merkatua bultzatuz eta ekonomiaren dibertsifikazioa aurrera eramanez.
Sozialismo komunitarioaren bilaketan, kontzeptu berri bat jarri dute erdigunean, “ongi bizitzea”. Bizimodua ulertzeko era berri honek bakoitza bere buruarekin, naturarekin, besteekin, alor espiritualarekin (memoria, ohiturak,...) eta bizitza berarekin erlazionatzeko modua birpentsatzea proposatzen du. Ezinbestekoa suertatzen da: batetik, komunitate-sareen sorrera eta bestetik, norberaren interesak lehenesten dituen jarrerak desagertzea. Hau da, berriz ere kapitalismoaren inguruan zirkuluetan korrika egiteari uztea.
Behin baino gehiagotan entzun dugu herria, iraultza demokratikoaz gain, iraultza kulturalean sartuta dagoela, baina zer ulertzen dute iraultza kulturala planteatzean? Aurrez ezarritako gobernuetan, kolonialismoak ekarritako zapalkuntza arrazista oso presente zegoen. Hauetan bertakoen eskubideak ez ziren bermatzen. Bestalde, haien hizkuntza, janzkera, etab. lotsa sentitzeko arrazoi bilakatu ziren. Estatu plurinazionalaren helburuetako bat horri buelta ematea da; deskolonizazio ideologikoari buruz ari gara. Azaleko aldaketak emateaz gain (antzinako ohiturak goraipatzea, esaterako) eraldaketak sakona behar du izan. Folklorizazioa galaraziz, ahalegin handiak egin dira 36 hizkuntza ofizialak sustatzeko (egun Aymara, Quechua eta Guarani hizkuntzak oinarri dituen unibertsitate bana dago), baita bertakoen eskubideak ziurtatzeko ere. Garrantzi handia dauka pertsona hauek guztiek, aitortza izateaz gain, haien etorkizuna erabakitzeko aukera erreala izatea; beste gauza askoren artean, instituzioetan bere lekua harturiz.
Herri libre eta boteretsu baten bidean asko egin den arren, aipatzekoa da prozesu honen parte (izan) diren pertsonen autokritikarik ere badela. Hurrengo hauteskundeak gerturatzen hasi diren honetan, momentu erabakigarria da pausoak norabide egokian emateko. Kritikoek faltan dute, (adibidez,) kaleko agitazioa, herriaren kontzientzia berreskuratzea (iraultza aurrera eraman zutenak orain estatuaren administrazioan lanean baitaude) eta sakoneko aldaketa ekonomikoak egiten hastea behar-beharrezkoa da kapitalari gerra irabazteko.
Hala ere, baliabide eta aukera asko dituen herri duin baten aurrean gaude, eta ez dira gutxi bidea marrazten jarraitzen dutenak, Aberri Egunean oihuka errepikatzen zuten bezala: ¡Patria o muerte, venceremos!