Herrialde Katalanetako brigadaren 2. kronika: País Valencià, korrontearen aurka igerian

Balear uharteak atzean utzita Alacanten hasi genuen País Valenciàko ibilbidea. Lurralde honek erritmo eta errealitate oso ezberdinak ditu bere baitan eta leku batetik bestera dagoen aldaketa nabaria da. Hau, hein batean, gaizki deituriko trantsizio garaian jasan zuen espainolizazio gogorragatik da.


Hau ulertzeko jakin behar da País Valencià izan zela erresistitu zuen azken tokia eta horregatik, bereziki zigortuak izan zirela bai gera garaian bai hau amaitu ondoren. Testuinguru honetan, bisitatu ditugun hiru hiriak bonbardatuak izan ziren: Alacant, València eta Castelló. Alacanten, adibidez, merkatu zentrala bisitatu genuen, bertan, ehunka hildako izan ziren. Castellón aldiz, berritu berri duten babesleku antiaereo bat ezagutu genuen. Hiri honen bonbardaketen handitasuna ulertzeko aipagarria da esatea 43 bunker publiko daudela guztira hirian zehar, pribatuak kontuan izan gabe. Valentzia hirian, faxistak sartu ondoren egin zuten sarraskiaren berri eman ziguten Paternako hilerrian. Bertan, 2200 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten, ostera fosa komun ugaritan lurperatuz. Brigadari dagokionez, gure ibilbidean zehar gorpu hauetako batzuen hilobitik ateratzearen lekuko izateko aukera izan genuen. Gainera, gerra osteko Maki gerrilarien borrokaren berri izan genuen historialari baten eskutik.

Franco hil eta ondorengo urteetan UCDren gobernuak eta eskuin muturrak langile mugimenduaren eta katalanismoaren gorakadari aurre egiteko estrategia bat diseinatu zuten, Valentziako guda deritzona. Alde batetik katalanismoaren aurkako fobia eta erregionalismo espainola bultzatu zuten, eta bestetik talde faxistak eta estatu terrorismoa hauspotu zuten. Horrela ulertu daitezke independentismoaren aurka egin zituzten erasoak, besteak beste Guillem Agulló militante gaztearen erailketa. Gaur egun mugimendu antifaxista indartzen ari da baina Castellóko La Cosa Nostra lokalean azaldu zigutenaren arabera egoera ez da xamurra: iazko urriaren 9an antolatu zen manifestazioan eraso faxistak egon ziren. Hau ez errepikatzeko, aurten Valentziako manifestaziora etortzeko deialdia zabaldu da País Valencià osoan zehar.

Hizkuntzaren egoera ere ezagutzeko aukera izan dugu hala nola Alacantena, hau katalanak eraso gogorrena jaso duen lurraldea da eta bertako hiztun kopurua %3ra baino ez da heltzen. Iparralderantz mugitu ahala egoera hobea den arren, eskuin espainiarrak hizkuntzaren erabilera politiko bat egin du eta horregatik bereizten dituzte katalana eta valentziera hizkuntza ezberdinak izango balira lez. Urte luzetan zehar behin eta berriz errepikatua izan da ideia hau nazio izaera hori ezabatzeko helburuarekin eta honen ondorioz jendartearen eta instituzioen partetik hizkuntza gutxietsia da.

Batez ere Valentzian eta Alacanten, hizkuntzarekiko ez ezik, lurra eta euren ondarearekiko suntsipena nabaria da. Bi hirietan eman da kontrolik gabeko eraikuntza eta ondorioz, bertako lurrak eta ingurumenak sekulako kalteak pairatu ditu.

Honek, ordea, lurraren defentsaren alde dauden hainbat pertsona batu eta Per L’Horta bezalako plataformak sortarazi ditu. Talde honek Valentzia hiriaren inguruan dauden baratze lurrak salbatzeko lanetan dihardu, eta batez ere, portuaren (hiriko eliteen interes ekonomikoen zutabe nagusia) beharrak asetzeko honen inguruan egindako proiektu txikitzaileen multzoa salatzen du. Izan ere, portuak, egun, interes ekonomiko nazionalak izatetik nazioarteko kapitalen interes gune bilakatu dira, ekonomia globalean duten garrantzia asko hazi baita. Horrela, Valentziaren kasuan, oso agerikoa da udalaren aldetik portuarekiko diseinatutako estrategia eta ondorioz inguruko lurrek jasandako txikizioa.

Azken legegintzaldian Valentzia hirian zein Autonomia Erkidegoan, PP-k urte luzez bere hatzaparretan izan zuen gobernua galdu zuen Compromis eta PSOE-ren arteko kalizio baten aurrean. ``Aldaketa gobernua´´ deituriko honek ez du kanpainan zehar emandako hitza bete. Honek benetako aldaketa batean sinisten zuten hiritarren haserrea eta atsekabea ekarri du. Horrekin batera, herri mugimenduan beherakada bat ekarri du gobernu honek, izan ere mugimendu hauetako kide askok gobernu honen esku utzi zuten aldaketa hauen ardura eta ondorioz ez dute borrokan jarraitu. Gaur egun, guzti honen ondorioz, aldaketak ez dira eman eta gainera hauek bultzatzeko herri mugimenduaren zati handi bat desagertua dago.

Dena den, egoera honen aurrean salbuespenak aurki ditzakegu, haien artean plataforma. Israelekiko boikot, desinbertsio eta zigor kanpaina honek indar handia hartu du Valentzian. Are gehiago, munduan kanpaina honek indar handiena hartu duen hiria da. Instituzio dexenteren konpromisoa lortu dute boikota egiteko, baina garaipena ez zaie dohainik atera. ACOM bezalako lobby sionistak beti izan dituzte zelatan. Horren adibide dugu 2015ean Matisyahu abeslari sionistari egin nahi izan zitzaion boikot kanpaina Israelgo estatua ez salatzeagatik. Honen ondorioz 8 ekintzaile salatu eta epaitegietara eraman zituzten, espetxe zigorrak eskatuz. Israelgo estatuak BDZ kanpaina hau bere proiektu politikoaren etsai nagusitzat jo du. Helburu militar izateraino.

Bertako ezker independentistako militantziaren ikuspuntuaren arabera, prozesu politikoak oso erritmo ezberdinak izan ditu herrialde katalanetako toki batetik bestera eta egoera honek, estrategia nazional bateratu bat lortzeko oztopo bat suposatzen du. Mallorcan ikusi ahal izan genuen bezalaxe, lurraldetasunaren afera eta erronkak, era berean, agerian geratu dira beste behin. País Valencià-k dituen baldintza zailetan erronka nagusia mugimendua sendotzea da eta horretarako Casal-ak zabaldu eta indartzea izan da apostu nagusia.

Gauzak honela, eta egunetik egunera jasotako ezagutzek geure motxilen zama handitzen duelarik, Prioratera bidean abiatu gera. Bertan, hainbeste aldiz aipatu zaigun, Principata eta honen prozesua zein egoera konkretua ezagutzera.