Kanakiako independentzia erreferenduma: menderatzailearengandik askatzeko bidean herriok elkartasuna indar

Igande honetan, Ozeaniako Kanakian – Kaledonia Berrian- independentzia erreferenduma eginen da. Herritarrek «Nahi al duzu Kaledoniak subirautasun osoa lortzea eta independente bilakatzea? galderari erantzun beharko diote baiezkoarekin edo ezezkoarekin. 1858an, Frantziak kolonizatu zuenetik, lehenengo aldia da herritarrek beraien etorkizunaz hautesontzietan iritzia eman ahalko dutela.

Nahiz eta kolonizazioak iraun duen urteetan zehar menderatzailearengandik askatzeko altxamenduak egon diren herritarren partetik, eta Nazio Batuen Erakundeak «deskolonizatu beharreko herrien» zerrendan daukan Kaledonia Berria, azken mendean, Frantziar estatu zenatralak bere menpe dauka Kaledonia Berria. Eta beraz, deskolonizatu beharreko herri horrek egun oraindik kolonizatua segitzen du. Garaian kolonia izena erabiltzen zen, egun frantses estatuko itsasoz harateko kolektibitate izena du, baina funtsean kolonia bat izaten jarraitzen du, XXI. mendeko Kolonia bat.

Igandeko erreferenduma Frantziako gobernu zentralarekin adostuta burutuko da, 1988ko Matignoneko akordioek marraztutako agendaren baitan.

Amaigabea dirudien deskolonizazio prozesuko ekitaldirik garrantzitsuena izan arren, zeresan handia eman du galdeketak. Jatorrizko herritar asko zentsutik kanpo egonen direlako alde batetik, eta ordura arte Matignoneko akordioen baitan, frantses gobernuak hartu beharreko engaiamendu ekonomiko politiko eta sozialen emaitzarik ez delako ikusi bestetik.

Gatazka denboran luzatu izanak eta deskolonizazio prozesua amaiera gabekoa diseinatu izanak, eraginak izan ditu eta, Independentisten artean ere badira erreferendumarekin desadostasunean direnak. FLNKS alderdi independentista historikoak baiezkoaren alde kanpaina egin badu ere, sindikatu independentista nagusiak, USTKEk, erreferendumean ez parte hartzeko deia luzatu du.

Igandean, herritarrek erabakiko dute parte hartu, edo ez. Bai bozkatu ala ez. Hautesontzien bidez edota eguneroko borrokaren indarrez, goiz ala berant, artxipelagoko biztanleek beraien independentzia eta jatorrizko herritarrek duintasuna berreskuratu beharko dute. Kapitalaren indartzeko, Frantziak menpeko mantendu dituen herrien zapalkuntza egoera jasanezina delakoan, askatasuna dugu herrion etorkizunaren berme bakar. Herriok menderatzailearengandik askatzeko bidean elkartasuna dugu indar.