Ez dago argudio nahiko PKK europako erakunde terroristen zerrendan sartzeko

2018ko azaroaren 15ean, Europar Batasuneko Justizia Tribunalak baliogabetu egin ditu Europar Batasuneko Kontseiluak PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) “terroristen zerrendan” sartzeko egindako hainbat ekinbide, horretarako nahikoa argudio ez zela argudiatuta.


2001eko irailaren 11n AEBen kontra izandako erasoen ondorioz, hainbat neurri eta ebazpen argitaratu zituzten Nazio Batuen Segurtasun Batzordeak eta Europar Batasuneko Kontseiluak, terrorismoa mundu mailan borrokatzeko asmoz. Ebazpen horietako batean, honako hau erabaki zen: zerrenda bat osatzea eta zerrenda horretako pertsona, talde eta erakundeen funts eta baliabide ekonomikoak izoztea edo blokeatzea. Hartatik, PKK zerrendan sartu zuten 2002an, baita harekin nolabaiteko lotura zuten pertsona, talde eta erakundeen funts eta baliabide ekonomikoak adierazi ere.

Harrez geroztik, Europar Batasuneko Kontseiluak urtero berritu du zerrenda eta PKK bertan egotea bermatu. Horren aurrean, badira 4 urte PKK alderdiak prozedurak jarri dituela martxan Kontseiluaren aurka. PKK alderdiak bere aktiboak desizozteko borrokan jarraitzen du, Europar Batasuneko Kontseiluaren neurri murriztaileek ez baitute etenik izan. Zerrenda urtez urte eguneratzen da, baina PKK orain arte zerrenda horretan egon da; haatik, Europar Batasuneko Justizia Tribunalaren erabakiak PKKri zilegitasuna ematen dio nazioartean.


Aipatutako ondorioez harago, epaiak agerian uzten du Europar Batasuna osatzen duten Estatuek tematuta jarraitzen dutela erakunde terroristen zerrenda biziberritzen. Gainera, testuinguru honetan, ez dugu ahaztu behar Europar Batasuna izan zela Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari milaka milioika euro eman zizkiona “errefuxiatuen afera kudeatzeagatik”; zeinek eta Europar Batasunak, Ekialde Hurbilean ezegonkortasun politika etengabeak aplikatu eta gerra inperialistak babesten dituen horrek; nori eta Erdogani, 2014tik Turkian erregimen autoritarioa ezarri eta NATOko bigarren armada bere asmo inperialistak garatzeko erabiltzen duen horri.


Milaka izan dira Turkiar estatuak eraildako kurdu eta ezkerreko militante turkiarrak; torturatuak, umiliatuak, ukatuak... Eta Otomandar Inperioaren nostalgiaz bizi den Presidente faxistak ez du mugarik bere boterea ezartzerako orduan. Baina Europar Batasunak hitzez halakoak arbuiatzen baditu ere, haren ekintzek bestelakoa adierazten dute. Hala, agerian geratzen da, terrorismoaren aurkako doktrina garatuz, ezarritako statu quoa babestea besterik ez dela asmoa, herrien askatasuna ukatuz. Estatuek, eskura dituzten tresna guztiekin eta bortizkeria handienaz, jarraituko dute askapen borrokak zapaltzen.

 

Euskal Herrian ezagun zaigu egoera, eskarmentua dugu terrorismoaren aurkako doktrinaren mehatxupean bizitzen, milaka izan baitira gure herrian dauden poliziek atxilotu eta torturatutako herritarrak, baita eraildakoak ere; hamarnaka legez kanpo utzitako antolakundeak... Albiste honek, beraz, Kurdistango anaia-arrebei gure besarkadarik beroena helaraztera garamatza, garaipen txiki honen aurrean.


JIN JIYAN AZADI!
BIJI KURDISTAN!