Kurdistango askapena mugimenduak Estatu Islamikoa garaitu duela adierazi du

Martxoaren 21ean, Newroz egunean, Kurdistango askapen mugimenduak honako mezua helarazi zion jendarteari:


“Burkide agurgarriak,
gaur, Newroz erresistentzia egunean, Siriako Ipar Ekialdean hedatuta zegoen Estatu Islamikoaren porrot militarraren berri eman nahi dugu, eta ildo beretik, Leyla Guven eta gose grebalariei agur bero eta indartsu bat helarazi. Era berean, gure burkide guztiei Newroz zoriontsua opatzearekin batera, azpimarratu nahi dugu gure gogoa EIren kontra eta bizitza aske baten alde bidean geratu diren horiekin guztiekin dagoela.


Aipatu garaipen militar honen oinarria, hain zuzen ere, Rêber Apok (Abdullah Öcalan) garatutako XXI. mendeko sozialismoan dago, eta jendarteak garatutako demokrazia erradikalean, emakumeen askapenean eta ekologia sozialean ditu zutabeak.


Mazlum Dogan eta Zülküf Gezen izar ditugula, erresistentzia handiagoko urtea espero dugu. Borrokak aurrera darrai, Efrîn askatuko dugu eta iraultza eta sozialismoa mundu osoan zehar barreiatzeko borrokan jarraituko dugu. Gure burkide internazionalista guztiei dei egiten diegu garaipen une historiko hau ospa dezaten eta erakuts diezaioten munduari ezinezkoa gela gelditzea bizitza duin baterako eta  askatasunerako nahia!


Newroz pîroz be, Newroz zoriontsua!
Berxwedan jiyan e – Erresistentzia bizitza da!
Isolamendua apurtu, faxismoari hortzak erakutsi, Kurdistan askatu!


 

Askapenatik ere hala jakinarazi nahi diogu Euskal Herriari, erresistentzia garai gogorrak ari dela bizitzen herri kurdua, Rojavako borrokari gose grebalarien borroka gehitu baitzaie. Duela hilabete batzuk Leyla Guvenek, DTKko bi lehendakarietako bat eta HDPko parlamentaria, gose grebari ekin zionetik ehunka izan dira turkiar espetxeetan borroka horri batu zaizkion preso politikoak. Hala eman zuen bizitza Zülküf Gezen preso politikoak eta berriki  Ayten Beçet eta Zehra Saglemek. Leyla Guvenek berak ere 135 egun daramatza gose greban.


Gose grebaren aldarrikapen nagusia Abdullah Öcalani ezarritako isolamenduarekin amaitzea da, eta dei egitea Turkiari elkarrizketa politikoari berriro heltzera. Hainbat saiakera egon dira mahaian esertzeko. 2013an, adibidez, elkarrizketak hasi zituzten turkiar estatuak eta PKKk, baina 2015ean Turkiak eten egin zituen Kurdistango askapen borroka hartzen ari zen indarra ikusita eta hura zapaldu asmoz. Blokeo horri erantzuteko modua izan zen Bakurreko udaletxeetan autonomia aldarrikapenak egiten hastea, eta ezagun da Turkiaren aldetik jasotako erantzun basatia.


Harrezkero, Turkiak bere zapalkuntza areagotu baino ez du egin, eta Ekialde Hurbilerako mehatxu larri bihurtu dira otomandar inperioaren loria berreskuratzeko bere asmoak. Arrisku horren jabe, Ekialde Hurbileko Gazteriaren II. Konferentzia burutu zen Kobanên, eta Kurdistan, Siria, Irak, Jordania, Libano, Palestina, Libia, Armenia, Egipto, Turkia, Tunisia, Yemen eta Sudanetik bertaratutako 300 ordezkariek Ekialde Hurbileko Gazteriaren Kontseilu Iraultzailea sortzea erabaki zuten.


Kontseiluaren sorrera ekitaldian, Ekialde Hurbilean eragiten ari diren etengabeko kaosa, krisia, gatazka eta alienazioa salatu ziren. Eta argi adierazi zuten horren guztiaren ondoriozko “politika erlijioso, sektario, sexista eta elkarbizitzaren kontrakoek Ekialde Hurbileko aniztasuna eta aberastasuna diskriminazio eta etengabeko gatazka bihurtu” dituztela. Ezarritako statu quo honen kontra borrokatzera dei egin dute “bizi eredu demokratikoa, zientifikoa eta alternatiboa” garatu ahal izateko, eta bide honetan “gizonezkoen mentalitateak dominaturiko mekanismoak oztopo izango” direla baieztatu.


XX. mende hasieran jaiotako politika horiek (Sykes-Picot eta Lausanneko Tratatuak, Balfour Deklarazioa, etengabeko esku hartzeak, protektoratuak...) Ekialde Hurbileko herrien arteko gatazkak sortu zituztela salatu zuten, baita XXI. mendeko modernitate kapitalistak eraso bortitza muturrera eraman duela ere. “Ekialde Hurbilaren bihotzean, Kurdistanen, guda dago, potentzia inperialistek eta haien laguntzaileek abiatutakoa: hirugarren mundu gerra deritzogu guk. Sistema kapitalistaren eta Siria iparraldean abiatutako sistemaren arteko gerra da, zehazki”.


Ekialde Hurbilean gazte antolakunde demokratiko, sozialista eta iraultzaile mordoa izanik, egoera ezegonkorrari modu eraginkorrean aurre egin ahal izateko, “egitura antolatu eta iraultzaile berri baten beharra” azpimarratu zuten bertan bildutakoek. Eta honekin batera “Estatu inbaditzaile turkiarra, guztien etsai” gisa izendatu, “bere gerra jardueren kontra borrokatuko direla” adierazita.


Herrion burujabetzarako bidean, bidelagun izango gaituzue.
Biji berxwedana Kurdistan, Gora Kurdistango iraultza!