Brasilgo brigadaren 3. kronika: elikatzea ekintza politikoa da

“Gosaria da eguneko lehen hautu politikoa!”. Esaldi horrekin laburbildu daiteke egun hauetan Brasilen ikasi eta sentitu duguna. Florestan Fernandes eskola atzean utzi, eta Bahia estatura etorri gara. Bahia estatua Brasilgo ipar-ekialdean dago. Zonalde hau da Brasilen pobrezia-tasa handienetakoa duena, baita jatorri afrikarreko jende gehien dagoena ere; kolonizazio garaian Afrikatik ekarritako esklaboak lurralde honetan pilatu baitziren. Brasilgo landa eremuaren erdian gaude, eta hemen hasi gara MSTren aldarrikapenak praktikan nola jartzen dituzten geure begiz ikusten.

 

Jaci Rocha asentamentua, Bahia estatuan
Aldarri hauek hobeto ulertzeko Brasilgo diktadura garaian gertatu zen “iraultza berdea” deitura egin behar dugu salto. 1964tik 1984ra iraun zuen diktadura militarrak Brasilen eta urte hauetan gertatu zen “Iraultza berdea”. Garai hartan, lur gehienak latifundisten esku zeuden, eta iraultza berdeak bultzatutako mekanizazioaren ondorioz, nekazari txikiek zituzten lur apurrak galdu zituzten, latifundista handiei saltzera behartuta ikusi zutelako beren burua. Honek nekazari txikiak hirietara mugitzera behartu eta exportazioa helburu zuten latifundioen areagotzea ekarri zuen.


Oso denbora gutxian gertatu zen landatik hirietarako nekazarien migrazioa, eta hiriek ez zuten pertsona guzti hauen beharrak asetzeko baliabiderik, eta horrek hirietako periferien sorrera eta bazterketa ekarri zituen (garai horretan sortu ziren fabelak).


Testuinguru honetan sortu zen MST, Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimendua. Nekazariek landa eremura itzuli nahi zutelako, eta hori modu kolektiboan soilik lortu zezaketelako. Hasieratik, eta Brasilgo konstituzioa oinarri hartuta, MST mugimenduaren helburua nekazal erreforma lortzea izan da. Horretarako, ordura arte Brasilen izandako beste nekazal borroka batzuk eredu hartu, eta latifundista handien lurrak okupatzeari ekin zioten. Lurrak okupatu eta akanpamentuak sortu dituzte urte hauetan, eta lur horien legalizazioa lortutakoan, asentamentu bihurtzen dituzte (familiek urte asko igaro ditzakete akanpamentuetan bizitzen).


Nekazal erreformarekin batera, eraldaketa soziala eta lurraren aldeko mugimendua dira MSTren ardatzak, eta ez dituzte bata bestea gabe ulertzen. Hori lortzera bidean, honakoak dira MSTren lan ildoak: elikagai osasuntsuak ekoiztea Brasilgo jendartearentzat, formazio politikoa, emakumeen protagonismoa bultzatzea, kooperatiben antolakuntza bultzatzea eta agroekologia sustatzea, besteak beste.

 

Agroekologia, bizitza eredu berri bat

2000. urtetik ari dira agroekologia lantzen MST mugimenduaren barruan, eta 2014. urteko VI. Kongresu Nazionalean ildo politiko gisa berretsi zuten. MSTren arabera, agroekologiak elikagai osasuntsuen ekoizpena ahalbidetzen du bizitzaren defentsan. Agroekologia biodibertsitatea kudeatzean datza, bere ikuspegi zabalenean, hau da, dimentsio sozial, politiko, ideologiko, ekonomiko, ekologiko, energetiko eta kulturalak lantzen ditu. Bizitza eredu kapitalistaren alternatiba da: sistema kapitalista oinarritik aldatzera behartzen duena, eta ez soilik ekoizpen eredua.


Jendartearen esku egongo diren elikagai osasuntsuak ekoiztea da agroekologiaren helburua, beti ere, zaintza ardatz hartuta, ekoizpena hasten den unetik amaitzen den arte; kate horretan parte hartzen duten faktore guztiak zaintzea ezinbestekotzat jotzen dute: ingurugiroa, langileak, kontsumitzaileak, baliabideak, lurra, zein kultura, besteak beste.
 

Agroekologia eskolako baratzetako bat


Agroekologia lantzeko eskola herritarrak

Aipatu bezala, MST 2000. urtean hasi zen agroekologia ildo politiko gisa lantzen, eta agroekologiaren inguruko ezagutza garatzeari eta zabaltzeari ekin zioten. Horretarako hezkuntza ezinbesteko tresna zela ikusi zuten, eta urte hauetan hainbat eskola sortu dituzte; horietako bat da Bahia estatuko Jaci Rocha asentamentuan dagoen Egídio Brunetto Agroekologia eta Agrofloresta eskola.


Hamar urte dituen asentamentu honetan, 2013an eraiki zuten eskola auzolanean. Bere helburua Brasilgon asentamentu eta kanpamentuetako komuniteetan agroekologian oinarritutako formazio tekniko eta politikoa ematea da. Horretarako, asentamentuetan dauden eskoletako irakasleek formazioak jasotzen dituzte, agroekologiaren inguruko ezagutza zabaltzeko.


Eskolak hiru ardatz ditu oinarri: hezkuntza eta agroekologia, formazio teknikoa eta osasuna herritarrentzat. Horrez gain, agroekologiako curriculum-a sortzen ari dira, eskola guztietan agroekologia eduki pedagogiko gisa erakutsi ahal izateko.  


Bestetik, agroekologiarekin lotutako esperimentuak egiten dituzte bertan, ikasitakoa beren komunitateetako eskoletan praktikan jartzeko. Horretarako, esperimentu horiek biltzen dituen material pedagogikoa sortzen ari dira: bideoak, liburuxkak, eskuorriak…etab.


Eskolako egonaldia amaituta, datozen egunak asentamentu eta kanpamentuetan igaroko ditugu, teorikoki jaso duguna praktikan ikusteko. Ea zer aurkitzen dugun!
 

Egidio Brunetto Agroekologia Eskolako taldea