Brasilgo brigadaren 4. kronika: lurretik eraikitzen da komunitatea

Gure Brasilgo abentura azken txanpan sartu da eta azken kronikan genion moduan, Lurrik Gabeko Nekazarien mugimenduaren praktika geure azalean bizitzeko aukera izaten ari gara. Beraz, orain arteko teoria dena praktikan nola jartzen duten azaltzen saiatuko gara kronika honetan.


MST Brasilgo 26 estatutatik 23tan antolatuta dago, hau da, estatu hauetan ditu akanpamentu eta asentamentuak. Gaur egun, 350.000 familia daude asentatuta eta 90.000 akanpatuta; 160 kooperatiba dituzte martxan, 2.000 elkarte eta 120 agroindustria.


Bahia estatuan, berriz, 10.400 familia asentatuta daude 147 asentamentutan eta 25.467 familia 240 akanpamentutan; guztira, 315.000 hekatrea kontrolatzen ditu MSTk. Ezagutzeko aukera izan dugun estatu honetako borroka nagusia zelulosa enpresen aurkakoa da, eukalipto monokultiboak landatzen dituzten multinazionalen kontrakoa.

Ezer baino lehen, garrantzitsua da asentamentuen eta akanpamentuen arteko ezberdintasuna azaltzea: MSTk funtzio soziala betetzen ez duten lurrak okupatzen ditu, hau da, latifundista handiek euren interesetarako erabiltzen dituztenak eta ez jendartearen beharrizanak asetzeko. Okupatutako lur eremuan akanpamentua eraikitzea da lehen urratsa; familiek plastiko beltzezko eta egurrezko etxolak eraikitzen dituzte eta bertan bizitzen hasten dira, lurrari bere erabilera soziala itzultzea aldarrikatuz.


Hori baino lehen, okupazioan parte hartuko duten familiak zein norbanakoak bildu eta antolatu behar dira; oinarri lana deitzen dio horri MST mugimenduak. Hirietako periferietara gerturatu, eta bertan bizi direnekin hitz egiten dute MSTren borroka azalduz eta okupazioetan parte hartzeko proposamena eginez. Gehienak hirira joatera behartuak izan ziren guraso nekazarien seme-alabak dira eta hiriko egonkortasun ezaren ondorioz berriz ere nekazal eremura itzultzea erabakitzen dute.


Etxeen ondoren, eskola eraikitzen dute haurren zein helduen alfabetizazioa eta formazioa bermatzeko, eta osasun zentroa eta kanpamentu osorako ura zein janaria ekoizteko baliabideak sortzea da hurrengo urratsa. Azpiegitura hau guztia egiteko materiala inguruko baliabideetatik lortzen dute, eukaliptu egurra, azendako plastiku odi zein material ezberdinak erabiliz.



Prozesu luzea aurretik

Prozesu luzea izaten da gehienetan akanpamentuak asentamentu bihurtzea. Gobernuaren eta latifundistaren arteko negoziazioen ondorioz luzatzen dira: bi urtetatik hasi, eta badira 10 urte baino gehiago dituzten akanpamentuak ere. Negoziazio hauek MSTk lurrak okupatzen dituenean hasten dira; izan ere, Konstituzioan dagoen lege bati heldurik (lurrek erabilera soziala bete behar dutela adierazten duen legea), Gobernua lur eremu hori erostera behartuta dago. Erositakoan, lur eremu hori partzeletan banatu eta familien esku uzten dute bakoitzak bere etxea eraiki eta ekoizpenari ekin diezaion. Nekazariek ez dute inoiz lur eremu horren jabetza izango, lur eremuaren erabilera eskubide mugagabea lortuko dute.

 

Bela Manha, 13 urte eraikitzen

Bela Manha asentamentua eraiki duten lurretan eukaliptoak zeden, eta 2007.urtean okupatu zituzten. 1.000 familia elkartu ziren okupazioa burutzeko; horretarako, ezinbestekoa izan zen oinarri lana. Familia guztiek okupazioan parte hartuko zuen beste familia bat lortzeko betebeharra izan zuten. Bederatzi urtetan akanpamentua izan zen, eta lau urte daramatzate asentamentu gisa. 135 familia daude asentatuta; familia bakoitza bere lote propioetan ekoizten ari da dagoeneko, eta mandioka eta artoa lantzen dituzte nagusiki.
Asentamentuko familiak nucleos de base izeneko taldeetan banatuta daude; talde horiek 10 familiez osatuta daude, eta eremu kolektiboak lantzen dituzte euren artean. Lur horietatik ateratako diruarekin finantzatzen dituzte asentamentuaren gastuak (militantzia gastuak, instalazio kolektiboakā€¦etab.)


Era berean, nucleo de base-ak osatzen dituzten pertsonak sektoreetan (lan-taldeetan) parte hartzen dute: komunikazioa, ekoizpena, generoa, hezkuntza, osasuna, kultura, frente de masas, formazioa eta gazteria. Asentamentu eta akanpamentuetan dauden pertsona guztiek sektoreetan (gutxienez, batean) pate hartzeko betebeharra daukate.


Paulo Kageyama, asentamentu bidean
Brigadako azken egunak Paulo Kageyama aurre-asentamentuan pasa ditugu. 180 familia daude bertan, eta guztira 2.600 hektarea okupatzen ditu. Duela 10 urte okupatu zuten lur-eremua, eta asentamentu bihurtzeko prozesua bideratuta badago ere, akanpamentua da oraindik.


Familia bakoitzak bere ekoizpena egiteko lurra lantzen ari da, eta lur eremu kolektiboak ere badituzte. Igandero, auzolan kolektiboak egiten dituzte lur horiek lantzeko. Indar handia egiten ari dira horretan: etorkizuneko asentamentuak akanpamentuak orain arte izan duen kolektibotasun izaera mantendu dezan, eta familiek beren arteko lankidetza eta komunitate izaerari eutsi diezaioten. Lurra era kolektiboan landu, eta lur horietako etekinak ere kolektiboak izatea da beren helburua.


Azpiegiturei dagokienez, eskola bat daukate: 100 ikasle daude bertan, eta beraiekin agroekologia lantzeko baratza ere badute. Asanbladak egiteko gune zentralaz gain, irina ekoizteko gune kolektiboa ere badute.


Akanpamentu eta asentamentu hauetan egun batzuk igaro, eta asentamentu berezi batera goaz: Irma Doroth emakumeek soilik okupatutako lehen asentamentua. Bagoaz!