Herrialde Katalanetako brigadaren azken kronika!
Irailak 9 eta 10
Bi egunotako kronika bateratuko ditugu. Udalgintzan diharduten CUPeko eta COS Coordinadora Obrera Sindicaleko lagunekin egon ginen egunotan, eta haien lanaren zein elkarlanaren nondik norakoak azaldu zizkiguten Navasen –non CUPeko alkatea daukaten, bigarren legengintzaldiz- eta Sabadellen –hemen izan zuten alkatetza aurrekoan, beste alderdi batzuekin koalizioa eginda, baina orain PSC dago ERCren babesarekin.
CUP udalgintzarako propio sortutako herri plataformek osatzen dute. Ez da alderdi politiko tradizionala egitura eta lan egiteko moduari dagokionez, tokian-tokian antolatzen da. Zein eragilek parte hartzen duten, zein norbanakok, zein ingurune sozial edo geografiko den… Prioraten zein Vallsen, esaterako, argi kontatu ziguten CUPetik CUPera aldea egon zitekeela, eta batez ere CUP bakoitzak autonomia handia zuela erabakitzeko eta lan egiteko. Hau berretsi ziguten aipatu bi herrietan izan genituen bileretan.
Navasen Uriel gazteria, etxebizitza, ingurugiro eta sustapen ekonomiko zinegotziak egin zigun harrera. 6.000 biztanle pasa dituen herrian hirugarren legegintzaldia hasi berri du CUPek. CiUk luzaroan gobernaturiko herri honetan udalgintzarako mugimendua egituratzea parke publiko bateko zuhaitzak moztu izanak sustatu zuen. Herritar asko antolatu ziren desadostasuna agertzeko, baina aurreko udalbatza hark bereari eutsi zion eta zuhaitzak moztu eta bestelako azpiegiturak eraiki zituen, baita udal-agintaritza galdu ere, Urielek azaldu zigun legez.
Udalak besteren artean herriko memoria historikoa lantzeko egitasmoak garatu ditu, baita elikadura burujabetzari –haur eskola eta zahar etxea bertako produktuez hornituz, esaterako, edota baserritarrentzat aholkularitza zerbitzua eskainiz-, atez atekoari –eta PNVren erreferendum eskaerarik gabe, inposatuta eta jendea konforme!- zein etxebizitza hutsak alokatzeari loturikoak ere, besteren artean. Txikitik txikirako politikan, gauza interesgarriak egiten dituztela erakutsi ziguten.
Bazkaltzera Bergara joan ginen, herri hain txikia ez, baina alde zahar xarmanta daukana. Aldapa pikoan guztia, eta goian geratzen diren etxeetariko bat Ateneu Llibertari da. Gaztetxe klasikoa nolanahi ere, barruan topatu genuen jendeak eta espazioaren estetikak argiro sentiarazi zigutenez, egia esan. Oilasko eta untxi paella bikaina jan genuen, bertakoekin berriketaldi lasaian, eta Radio Pinsania irrati librean elkarrizketa egin ziguten gero, Askapenaren twitter kontuan esteka aurki dezakezuena interesik izanez gero. Bertako Casalera itzulia iluntzean, ezker independentistako hainbat kiderekin hizketaldia izateko, eta egun luzea bukatutzat eman genuen. Sabadell zain hurrengo egunean, Bartzelona munstroa kasik bistan bertatik, mendialdea erabat atzean laga eta porlanetara salto.
Sabadellen langile eskubideak eta bertako CUPen eta udalaren nondik norakoak ezagutu genituen. COS Coordinadora Obrera Sindical-Secció Ajuntamenteko kideekin elkartu ginen goizean goiz -edo ez hain goiz, bueltaka galduta, eta gero bueltaka ezin aparkatuta tarte elegantea eman ostean. Porlanezko logikaren ajeak, brigada berandu eta kontrapartida urduri-. COS sindikatu txikia da, Països Catalans osoan presentzia duena, baina berau txikia da oso, zelulatxoak han-hemenka baino ez. Sabadelleko udaletxean zehazki, CCOO eta UGTren jardunarekiko zenbait langileren desadostasun sendoak, eta kasualitateak hauteskunde sindikalak atzeratu izanak –antolatzeko eta zerrendak osatzeko aukera eman zienak- saretzeko aukera eman zien, eta lehendabizikoz aurkeztu ziren. 1.700 behargin biltzen ditu Sabadelleko udaletxeak; ba hirutik batek COSi eman zion bozka, eta CCOO irabazi bazuen ere, UGT hirugarren utzi zuten delegatuen banaketan. Oraindik ere lortu duten garaipenari neurria ez diotela hartu kontatu ziguten, jendeak berehalako aldaketak nahi dituela eta hori ezin dela… Garrantzia handia ematen diotela batez ere antolaketaren horizontaltasunari, eta nola horrek beste denbora batzuekin lan egitea eskatzen duen, CCOO eta UGT bezalako erakunde bertikalen aldean askoz motelagoak.
Eguneko bigarren eta azken zita udaletxean bertan izan zen –COSen lokaletik gentozen- Matias alkate ohi eta zinegotziarekin eta CUPeko liberatu Sandrarekin. Ordura arte ezagutu genituen errealitate sozioekonomikoen logiketatik at dago Sabadell, eta CUPen udal proiektua eta estrategia, lehentasunak… ezberdinak dira oso, Bartzelona bertan daukan ia 210.000 biztanledun hiria. CUPen noranzko ideologikoa presente izan dugu bidai osoan zehar, Navasen eta Bergan bertatik bertara ordezkaritzekin ezagutu duguna. Argazki soziologikoa izan zen akaso hein batean, CUPen politika bera baino, Sandrak eta Matiasek azaldu zigutena. Frankismo betean industriguneetara jotako belaunaldiek hazi dute Sabadell, haiek eta ondorengoek. Katalanismoa nolabait, CiUren, eta burgesia katalanaren parekotzat jo izan duen nukleoa, hizkuntza bera joera horrekin identifikatu duena, auzune periferikoetatik erdigunera alde handia daukana. Baina horren baitan ere, Matiasen hitzetan, Principataren independentzia ez, baina autodeterminazio eskubidearen aldeko gehiengo zabala, %70 edo 80koa. CUPera edo ildo independentistara abertzaletasunetik ez, baizik eta ezkertiartasunetik hurreratu diren belaunaldi berriak ere. Gurean berbera ez den bezala Ondarroako edo Hernaniko tradizio karlistatik sortu den abertzaletasuna edo Sestao edo Santurtziko ezkerraldekoa, erradikalak hauek ere bere izatean, eboluzio arras ezberdinak bizkarrean. Espainia, España, Espanya, herrien kartzela, apurtu behar dugula ulertzen dugu, etorkizun komuna gura dugu, kate horietatik at. Crida koalizioaren izenpean eskuratu zuten indepeek alkatetza aurreko legegintzaldian, Matias buru. Orain PSC dago Sabadellen, ERCren babesarekin.
Euskal Herriari dagokionez, bederen, zer pentsatu handiena eman digun kontuetarikoa ERCren rola izan da. Eta ERCrekin EH Bilduk dituen harremanena, Europar Parlamentura eskutik helduta joan baitira. Sarritan aditu ditugu kontrapartidetako kideak ERCren eskuinerako norantza salatzen, nola independientziarako bidean askok ERCren hegemonia politikoa bereganatu nahia traba nagusitzat ikusten duten, eta nola diskurtsiboki zein praktikan politika pribatizatzaileak eta ez iraultzaileegiak darabiltzaten, eta batez ere nola CiUren hautesle askok ontzat eman duten egun ERCk darabilen diskurtsoa. Batzuei ez zaie gustatuko akaso, baina erositako prezioan saltzen ari gara hau.
Irailak 11. Diada eguna
Goizean goizetik, als carrers. Metroa lepo, jendea estelada urdinez eta kamisetaz hornituta erdigunera. Ekin genion egunari, ekingo bagenion, luzea izango zela jakitun ginelarik. Guillem Agulló Burjassoteko militante antifaxistaren hilketa 1993an gogoan, omenaldia egin zitzaion urtero legez, eta bertatik abiatu zen Arran gazte erakundearen manifestazioa. Eztarriak bero eta banderak airean, okupazio saiakera batekin eman zitzaion akabera. Saiakera diogu, bloke bat irekitzen saiatu baitziren zenbait lagun, adineko emakume batekin barruan aurkitzeko gero. Bertan ote zegoen edo norbaitek propio nahi izan zuen egun horretan barruan egon zedin gazteak sartzerako, bakoitzak pentsatu beza. Baina gentrifikazioaren salaketa eta beharra dutenentzat etxebizitza hutsak eskuragarri jartzeak duen garrantzia gogoan. Hainbat gazte erakundetako hizlariek eman zioten amaiera azken ekitaldian maniari, tartean Euskal Herrikoak. Eta handik…
Handik metro gutxitara Rescat kolektiboaren azken mobilizazio historikoa. Lola Lopez eta beste hainbat preso politikoren askatasuna aldarrikatuz pauso biziz, adin aldetik helduagoa zen jende andanarekin batean, euskal brigada ere bertan gindoazen. Diada honetatik aurrera Bartzelona Komandoko kide Lolari sostengua emango dion plataformak hartuko du lekukoa, eta Rescat, duela kasik bi hamarkada errepresaliatu politikoei sostengua eman dien erakundea amaitutzat eman zuten ekitaldi hunkigarrian, senitartekoak plaza zahar bateko –Ravalen- eskailera/oholtzan tente zirelarik beste hainbat kiderekin. Fins l’ultim rescat, borrokan jarraitzeko konpromisoa irmo, ez zen larregi ulertzen ziotena, haizeak ez zuelako laguntzen eta ekitaldi handietan darabilten edo darabilgun mailatik urruti zegoelako bertako soinu azpiegitura. Estilo kontuak eta antolatzeko moduak, baina mezua argia: etxean nahi ditugu guztiak.
Bazkaria Ravaleko okupatutako baxera batean, eta bilera formala gurekin zeuden Itacako kideekin, etxeetan hartu gaituztenak, programa lotu digutenak, Païsoseko jenderik ederrenetarikoenekin elkartzeko aukera eman digutenak. Bazkari xumea, bilera polita, balorazio partziala. Ez baita bukatu, baina brigada azken pausoak ematen hasiak ginen. Pare bat egun eta azken hitzorduak, Diada bera aurrera zihoan bitartean.
Programazioari bukaera eman genion Arran, Endavant, CUP, COS, Alerta Solidaria, SEPC eta beste eragile batzuek mobilizazio nazionala deitua baitzuten. Astiagatik eta bestelakoengatik, beste behin ere ehunka mila pertsona bildu zituen mobilizaziora ez ginen joan ahal izan. Manifa koloretsua izan bazen ere, ez zeukan Arranenak goizean zeukan punchik, nahiz eta jende gehiago bildu ginen alderatuz gero. Akaso eguneko nekea ere? Auskalo! Dena dela, amaierako ekitaldian, batzuen eta besteen hitzartzeak pasata, hiru neska gaztek hitz egin zuten, hitza eta eszenatokia hartu zituzten. Ikasi beharra dugu ekitaldiak borobiltzen. Berba egin zuten, hitz egin zuten, bihotza eta burua jarri zituzten oholtzatik parean zeukaten plaza betearentzat, eta hitzez ausartzen ez bagara ere laburbiltzera esan zutena, tarteka dena harrapatzen ez genuelako zein hitzartze luzea egin zutelako, baina bai indarra transmititu zigutela. Garrantzitsua da horrelako mobilizazio batetik ekiteko gogoz ateratzea, indarrez betea eta irabazteko dena daukagularik. Gure borroka berretsiaz, garaipena gurea dela bezainbat.
Aldeak alde eta zalantzak zalantza, herri antolatuak helburu handiak lor ditzake. Antolatu behar gara eta gaitasuna badugu, sinetsi dugu beste behin, Gazte Topaguneko ekitaldian, Bilboko manifa kolosaletan, aske guneetan eta gure herri eta auzoetako gaztetxeetako desalojo bortitzetan sinetsi dugun bezala. Gai gara, darraigun, iparra galdu barik. Gora herri askeak!
Irailak 12
Akabera usainak nekea dakarren, edo nekeak akabera usainarazi nahi digun, nabarmena da denbora daramagula buelta bueltaka, emozioz eta bizipenez lepo, azken txanpari ekiteko doi-doi gaudela esatea larregi esatea litzateke ala? Vatubedeu, jo dezagun kriston armosua, arrautza ta kroketa, xingar ta hanburgesa! Herriak biziko bada elikatu behar du.
Jana ez zen ugari ordea Canadenca 1918an egin zuten greban. Lehen zita CGTren lokalean, Santsen, eguerdi aldera. Hankaz gora jarri zuten sistema produktiboa, elkartasun olatu handia sortzea lortu zuten CNTko afiliatuek eta beharginek, eta besteren artean lehendabizikoz munduan 8 orduko lanaldia legez onartzea lortu zen. Errepaso historikoz hornitua, herri antolatuak lor ditzakeen helburuez jasoriko beste irakaspen bat, ez genukeena egun ahantzi behar. Sinetsi eta ekin, elkartasun sareak kalean, ekintzek dute hitza. Gauza handiak lor daitezkeela argi ikusi genuen, historia eta batez ere eskubideak letra larriz idatzi baitzituzten duela 100 urte. Borroka da bide bakarra, lelo leloa dirudi, baina egia ia jainkotiarra bihurtzen da horrelakoen berri daukanean batek.
Arratsaldea berriz ere Santsen eman genuen, eta Poble Lliure erakunde independentistako nazioarteko arduradun Xavik egin zigun harrera auzoan Bartzelona mailarako daukaten lokalean. Terra Lliure erakundetik sortu zen MDT Moviment de Defensa de la Terra alderdiaren ondorengoa da. CUPen parte hartzen duten eragileetariko bat izanik ere, baditu ezberdintasun ideologiko zein estrategikoak beste batzuekiko. Esanguratsuena estatu espainoleko hauteskundeetara aurkeztu ziana alderdi moduan litzateke, CUPek muzin egin dion artean, Poble Lliure gisara aurkeztea erabaki baitzuten, nahiz eta emaitzek ez dieten ordezkaritzarik eman. Proiektu politikoen, eta moduen batez ere, aldeak ikusi behar dira Països Catalansen erradiografia soziopolitikoa egiten saiatzeko, eta eztabaidarako eta iritzi trukaketarako abagunea eskaini zigun. Ezin esan dezakegu espektro politikoa murritza denik brigadarako helburu jarri dugun herrialdean… errealitateak konplexuak dira, are bertatik bertara!
Irailak 13
Azken eguna, azken eguna! Zeinen gertu bihotzean, zeinen urruti denboran Burjassot, Castelló, Benimaclet… eta bi aste baino ez dira pasa, gaizki kontatuta, gezurra dirudi!
Eguna potente hasi genezan, Raval auzora bisita. Auzo berezia da zeharo, Bernat PAHC Plataforma de Afectades per la Hipoteca i el Capitalisme auzo sindikatuko kideak azaldu zigunez. Etengabeko eraldaketa, egonkortasunik eza, eta faktore hauexek betikoarazten duten auzo identitatea eta etiketatu ezina, etiketa eskasak dira berau identifikatzen saiatzeko. Trantsizio identitatea betikotutako dinamiketan oinarritua, gizartearen klase babesgabeenek bertan topatzen dute lekua, eta horrela izan da historikoki. Behin-behinekotasuna darion auzunea, desjabetuen babeslekua. Etorkin adingabeak, prostituzioan dihardutenak, genero identitatea dela medio onarpenik beste inon nekez topa dezaketenak, okupak zein drogamenpekotasunak bizia baldintzatzen dietenak, aterpe dute Raval. Anarkikoa, bai. Antolatua, inork pentsa lezakeena baino askoz gehiago. Auzo sindikatu indartsua dauka, manteroak eta putak klase kontzientziaz antolatzen dira, okupazioa zilegia baino askoz ere gehiago da, elkartasun sareak borborka dauzkate, ekosistema sozial surrealista da Euskal Herri sasiburgesetik datorren turista politikoarentzat. Eta horren euskarri espekulazioaren eta gentrifikazioaren kontzientzia, fondo buitre edo espekulazio hutsera dedikatzen diren kapital atzerritarrekiko, Blackstone buru, gorroto egituratua, Ciutadans bozka dezakeen edozein herritar xumetik hasi eta ezker erradikaleneraino, Bartzelonak bildu ditzakeen genero eta klase edo kolektibo identitate guztietatik, eta bai, guztietatik, pasatuz. Aniztasun urbano erradikalaren adierazpen maximoa. Muturreko erradriogafia soziala, Bernatek azal zezakeena. Baina ez, El Lokal izeneko liburu eta disko denda txikira eraman gintuen, leku erreferentea berau, bertan auzunearen bilakaeraren lekuko izan den Iñakik esplikatu ziezagun, inolako euskarri eta prestakuntzarik gabe, zetorkion modura, auzoaren garrantzia eta presentzia historikoa, zein fauna sozialaren zergatia eta nondik norakoa. Harritu gintuen bere ikusteko moduak eta interpretatzekoak, tesi bat egin barik, osoa ez hurrengoa. “Ez zitzaidan ba ama bat agertu, iluntzean denda ixtear nintzelarik, seme-alaba birekin eta maleta eskutan, esanez kalera bota berri zutela bere etxetik eta mezkitako imanak gure erreferentzia eman ziola –dendatxoarena- laguntza eska zezan? Lasai, ez duzue kalean lo egingo eta, eta bihar topatuko dugu zerbait”. Adibide horrek borobil lezake bere kontakizunaren eta espazio horren berorren osotasuna; matrailezurra lurreraino erori zitzaigun.
Koordinazio eta ausardia itzelez, auzoko kolektiboak antolatuta daude, galtzeko ia ezer ez dutenak dena emateko prest, garaipen txiki handiak borrokatzen. Banketxeak, Isralego eta Europako inbertsoreak espekulazioari muzin egitera behartzen, familia nukleo babesgabeekin batera, 5, 6, 7 urterainoko alokairu kontratuak lortzen 200 euroren truke. Egurra, garaipen potoloak eskuratuz ahaldundu den auzune deskribaezina. Nortasun iragankorrez irauten dabilena.
Azken inpresioak inpresio, hitzordua bazkaltzeko Santsen eta aurrera goaz. Endavant alderdi independentistako kide batekin elkartu gara, eta kontuak esateko tarte apur bat laga badiogu ere, eztabaidara lotu gara atzera Santseko Casalean, Euskal Herriaren, gure errealitatearen, 47en eta besteren kontuak azalduz, eta abagunea profitatuz iritzi-truke gisara. Eta kitto, dena zalantzan jartzeko garatzen joan garen gaitasunari beha, analisi politikoak zeinen egituratuak dauzkagun interpretatuz gero, asko ikasi dugu.
Azken hitza
Borobildu karratua, azken paragrafoaren aurrean erredaktatzearen ardura. Askapenako Països Catalanseko 2019ko brigada izan gara. Zer ikasi dugun, zer daroagun bueltan. Esker ona zinez, gertuko baina urrutiko errealitate hau ezagut genezan lan egin duzuen kide guztioi. Etxean hartu gaituztenei, beraien denbora guri emateak merezi zuela sinesten dutenei. Ikasketa prozesu demasarekin goaz, nork bere herrian eta militantzian ezar dezan indarberrituta. Harreman berriak sortuta, kate-begi berriak erantsita aurrera doan gure soka luzean, bakoitzarena eta guztiona den sokan elkarri estu helduta. Kritikaz eta ideiaz lepo, irakaspenez eta esperientziaz ase, balio beza sortu dugun txinpartak su berriak iziotzeko eta su zaharrak biziberritzeko. Ez daukagu zalantzarik, hauspotuta goaz norbere bizitzara. Txikiaren handitasunaren kontzientzia azalean daroagu, borroka txiki bakarrak garaipenerako bidean jartzen duen harlauza bakoitzaren presentziaz ohartu gara. Saretzea, konpromisoa, gure zainetan, Euskal Herriaren eta ahaide ditugun herri asimilatu ezinen katebegitxoak; matrailako galanta hartuko dugunak astelehena astelehentzean eta egikaritzean, errutina atzera hezurmamitzean. Baina aurrera begiratzeko eta daukagunetik sortzeko askoz indar handiagoz! Moltìsimas graciàs, ens trobarem als carrers!