BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA!

Urteak daramatzagu brigadak antolatzen munduko hainbat herrialdetara, zapalduok elkarren borroka nahiz eraikuntza esperientzien berri izateko eta elkar hauspotzeko. Eta urtez urte, elkarren urgentzia areagotzen da, munduko langileok elkar batzeko urgentzia. Larrialdian gaude eta garaiak okertzen doaz; inperialismoaren, patriarkatuaren eta faxismoaren aurpegi gordinenak bizitzen ari garelako, hain zuzen ere. Lehentasunezkoa da, beraz, praktika eta elkartasun internazionalista indartzea.

Brigadak izan ditu Askapenak horretarako tresna baliagarri eta eraginkorrenak. Herrion borrokak ezagutu eta geure borrokak haietatik elikatu. Beti esan izan baitugu, beste herriei egin diezaiekegun ekarpen iraultzailerik handiena dela geurearen askatasuna. Estu gaude, estu gaude Euskal Herriko langileok, zer esanik ez zapalduenok: emakumeok, migratzaileok, gazteok, adinekook, nekazariok‚Ķ eta aliatuak bilatu ezean, bai Euskal Herrian bai munduan zehar,bizitza eta kapitalaren arteko kontraesan horretan itota bukatuko dugu. Saretze hori bizi, landu eta borrokatu beharra dugu, ezinbestean. 

Brigadista izateak berekin dakar beste herriekiko eta geurearekiko konpromisoa, eta bereziki, tokian tokiko borrokak ezagutzeko grina. Tokian tokikoak diogu, baina maiz urrun daramagu burua, geurean apenas dagoelakoan. Lehentasunen zerrendan dugu Europa, Euskal Herriaren joko zelaia. Europako langileria gero eta baldintza okerragoetan bizi da, eta faxismoa ari da izaten horren akuilu; aldi berean, ezkerrari bitartekoak falta zaizkiola dirudi horri guztiari aurre egiteko eta egoera iraultzeko baldintzak sortzeko. Baina bada zer ikasi eta zer borrokatu, badelako berpizten ari den mugimendu iraultzailea ere. Periferiako herriek bizi duten egoera landu eta ezkerreko mugimenduen errealitate eta prozesuak biziko ditugu, etxean dugunaz ere hausnar dezagun. Latinoamerikari begira, berriz, azken garaietako oldarraldi gogorrena bizitzen ari da. Hala ere, eraso horien aurrean, kontinente oso bat zutik erresistentzia gogorrean ari da haien lurrak, gorputzak eta bizitzak defendatuz. Ekialde Hurbila eraso inperialisten diana da, eta yankien azken kolpeak erabat astindu du eskualdea. Gertutik biziko ditugu mendebaldearen eta sionismoaren aurkako herri erresistentziak eta askapen borroka askotarikoak.

Beraz, lagun internazionalistok, hasi da brigada kanpaina! Inperialismoari eta faxismoari aurre egiteko mekanismoak eta borrokak jaso, haietatik ikasi eta elkarbanatzera goaz, Euskal Herri sozialista, feminista eta internazionalista eraikitzeko ale berriak jasotzera goaz. Eman izena, heldu konpromisoari eta bizi elkartasun internazionalista!


Gora Euskal Herria internazionalista!
Hamaika herri, borroka bakarra!