Maiatzaren lehena, bizitzaren alde

Bizitza aldarrikatu genuen urtarrilean hego Euskal Herriko kaleetan; pertsianak jaitsi, lantokiak itxi eta lanari uko egin genion, kaleak aldarrikapenez betetzeko. Gaur, maiatzaren lehenean, bizitza eta kapitalaren arteko talka inoiz baina agerikoagoa da.


Kapitalaren birkonfigurazio testuinguru honetan, munduko potentzien arteko lehian erasoaldi inperialistak biderkatu dira, eta orain, COVID-19a  baliatzen ari dira, prozesu hori azkartzeko. Argi izan behar dugu, kapitalak bere interesak elikatzeko erabiliko duela pandemia egoera hau;  aberastasunen metaketarako jazarpen-mekanismo berriak prestatzeko aitzakia izan da, eta izango da gerora ere.


COVID-19 birusari esker askoren maskarak erori dira eta, hitzetatik harago, praktika zein neurriek erakutsi digute benetan zeintzuk diren haien interesak, zein haien herria eta zeintzuk euren lehentasunak. Osasuna eta bizitzaren gainetik, aberastasuna, garapena eta kontrol soziala izan baita, berriz ere, babestu  eta indartu dutena.


Egoera honetatik ordea, bestelako ikasgai batzuk ere atera ditugu. Batetik, Euskal Herriko jendartean sektorerik zaurgarrienak zeintzuk diren. Bestetik, instituzio zein egitura ekonomiko kapitalistekiko dugun menpekotasuna zenbaterainokoa den. Izan ere, gure osasunak, lanpostuek eta bestelakoek kontrol pribatu eta interes partikularrei erantzuten dieten heinean, esklabo gara. Eta bukatzeko azken irakaspena eta Herrien Nazioarteko Asanbladaren maiatzaren leheneko kanpainarekin bat eginez, langile klasea dela Euskal Herria eta mundua sostengatzen duena.


Lehen aipatu bezala, Kapitalaren birkonfigurazio honetan, jadanik egoera gogorra bizitzen ari bagara, argi izan behar dugu etortzekoa dena ez dela batere xamurra izango. Kapitalak atera ez duen etekina herriaren kontura berreskuratzeko neurriak aurreikus ditzakegu, eta besteak beste, dagoeneko altua den pobrezia tasa igotzen ikusiko dugu, lan baldintzen prekarizazioa biderkatuko da eta kontrol soziala estutuko.

 
Horregatik, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu Euskal Herrian gure identitatearen parte den auzolan eta komunitatearen defentsari heltzeaz bat, klabe ofentsiboetan eta eraikuntza parametroetan antolatzea.  Etxebizitza bloke, kale zein auzoetatik hasita, herri eta komunitateak saretu eta elkartasun dinamikak lantzeaz gain, menpekotasuna zein zapalketatik askatuko gaituzten harreman zein espazio berriak eraikitzea dagokigu. Eta bide horretan, munduko herrietatik gurera ekar ditzakegun hamaika borroka esperientzia ditugu. Besteak beste, Greziako klinika sozialak, Argentinako lantegi berreskuratuak, Kurdistango autonomia aldarriak, Venezuelako kontseilu komunalak, Italiako auzoetako elkartasun sareak, Boliviako herriak estatu kolpearen aurrean antolatutako erresistentziak eta nola ez, Kubako herritarren eta medikuen erakustaldi internazionalista.


Kapitalak bere alde erabiliko du egoera, hori ukaezina da. Euskal Herriko herri mugimendu, langile eta sektore antolatu orori dagokigu, aldaketa herriaren alde ekartzea, herri boterea artikulatzen jarraitzea eta egoerak aurkezten dizkigun aukerak ondo aprobetxatzea.

 

Bizitzaren alde, gora langileon borroka!