Alexandrosi eskutitza

Iritzi artikulua
Julen Mendizabal, Askapenako kidea

 

Bi poliziarekin garrantzirik gabeko eztabaida izan zenuen. Poliziek inguruetatik urruntzeko agindua jaso zuten; eta polizia-autoa urrundu zuten bai, polizia-etxetik jasotako aginduak betetzen ari zirenaren itxura emateko, baina, matoi txukunen gisa, biek oinez zure bila itzultzea erabaki zuten. Lagunekin lurrean eserita zeunden, jai giroan, polizietako batek pistola atera eta tiroz bertan hil zintuen arte. Alexandros Grigorópulos zen zure izena, 15 urteko ikaslea, eta zure hilketak Grezia osoan matxinada piztu zuen, geldiezina den ukabil indartsu bat bailitzan. 1973ko azaroaren 17tik ikusia ez zen neurriko herri eztanda eragin zenuen.

 

Zure borreroek biktimarena egin nahi izan zuten. Esan zuten ez zutela tiro egitea baino beste erremediorik izan, ez zirela konturatu ere egin hogeita hamar gazteren erasotik ihes egiten ari ziren unean airera egindako tiroak farola batean jo eta zure gorputza zeharkatu zuenik. Eskerrak emakume batek bere telefonoarekin grabatu zuen bideoak bertsio poliziala gezurtatu zuela. Bideoan, bi poliziak ageri dira, zu erail ondoren, ingurunetik lasai asko urruntzen.

 

2008ko abenduaren 6an, Atenas hiriburuko Exharkia auzoan erail zintuen poliziak. Klase politiko dekadente eta ustel batek gobernatzen duen Greziako estatuak, poliziaren basakeriari esker soilik eusten dion zapalkuntza egitura estatalak berak, neurrigabeko gastu militarra oinarri, gazteriarentzako pobrezia ala erbestea beste aukerarik ez du eskaintzen. Gau hartan bertan, irmoki hasi zen zabaltzen “Suntsi dezagun hiltzaileen gobernua” kontsigna; gau hartan bertan, Salonika, Patras edo Greziako edozein herritan, poliziaren egoitzei eraso egin zieten. Harri eta molotov koktelen zaparradaren azpian zeuden poliziek oraindik ez zekiten matxinatuek zekitena: gupidagabe erail zintuztela. Abenduaren 8an, Syntagma plazan jarritako Gabonetako zuhaitz erraldoia sutan zegoen. Abenduaren 10ean, greba orokor eguna Grezian, jendetza bildu zen zure hiletan, batez ere gaztetxoak. Bazter batean geroz eta polizia gehiago pilatzen hasi zen. Nagusikeriaz eta harropuzkeriaz, polizia batek pistola atera eta airera tiro egiten hasi zen, mehatxatua sentitu omen zelako; zure hiletara joandako 12 urteko umeengandik mehatxatua. Abenduaren 13an, ordurako 4.600 ke pote bota zituen Greziako poliziak matxinatuen aurka, eta, urgentziaz, ke pote gehiagoz hornitzeko eskatu zien Alemaniari eta Israeli. Abenduaren 16an, matxinatuek Greziako telebista estatalean sartzea lortu zuten eta bigarren kateko albistegia moztu, pantailari begira lotuta zeuden greziarrei “Utzi begiratzeari. Irten denok kalera” pankarta erakusteko. Abenduaren 26an, suak kiskali zuen Greziako estatuko Sustapen ministrordearen autoa... Zenbatu ezinak dira hil zintuzten unetik kiskali ziren luxuzko merkantzia denda eta banketxeak. Kalera borrokara irtendako ikasle eta gazteak bezain zenbatu ezinak.

 

Belaunaldi gobernaezin greziarraren eztandak mugak zeharkatu zituen, eta, zure izenean, jomuga bihurtu ziren Greziako enbaxada eta kontsulatuak, Bartzelonan, Erroman, Dublinen, Londresen, Berlinen, Parisen, Zagreben, Moskun, New Yorken edota Buenos Airesen. Zuek, greziarrok, beti egin izan diezuelako mundu mailako ekarpena demokraziari. 2008ko abenduko matxinada, etorkizuneko gertaeren iragarpena izan zen, oraina astintzeko etorkizunetik etorritako matxinoek egin zutena. Greziak zapalkuntzaren eta manipulazioaren, pobreziaren eta miseriaren, klase gizartearen eta txiroenen kontura bizi diren aberatsenen aurka, herriaren eskubideak baliarazteko jarraitu beharreko bidea argitu zuen. 2008ko abendua belaunaldi oso baten ametsen eta idealen gordailu kolektiboa izan zen. Zure hilketak mahai gainean jarri zituen Greziako estatuaren inguruko galdera ugari, baina ez zuen, une horretan, erantzunik aurkitzea lortu. 2008ko abenduko matxinadak, hain zuzen ere, heltzear zen Greziako estatu kapitalistaren porrota iragarri eta 2010ean piztu zen bost urteko greziar altxamenduaren hitzaurrea idatzi zuen.

 

Alexandros Grigorópulos gogoan zaitugu!

 

Komunikabideetan:

www.argia.eus/plaza/askapena/alexandrosi-eskutitza