Bueltan dira brigadak!
35 negu inperialismoari aurre egiten,
35 udaberri militante internazionalistak formatzen,
35 uda beste herriekin harreman militanteak sortzen,
35 udazken elkartasuna antolatzen.
35 udagorri Euskal Herria internazionalista eraikitzen,
35 urte udagorritzen!
Askapenak 35 urte beteko ditu aurten eta, osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urte hauen ostean, berriro ere martxan jarriko ditugu brigadak.
Internazionalismoak herrion askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu. Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten.
Elkartasunak politikoa izan behar du, eta bi norabideetakoa, joan-etorrikoa alegia. Hori da internazionalismoa; brigadek horri erantzun behar diote. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta laguntzera edo irakaspen iraultzailerik ematera. Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera daramatzatela; horrek ez dakar herriokiko onurarik. Guk munduko herri langile guztion askatasuna dugu helburu, geurearen askatasuna izanik lehen urratsa, hori baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik eraginkorrena. Horretarako daramatzagu 35 udagorri brigadak antolatzen; hain zuzen ere, herri borroken elkar-ezagutza bultzatzeko eta, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten.
Esandako guztiagatik, eta aurkakoa pentsatu baliteke ere, brigadistaren lana Euskal Herrira itzultzean hasten da, tokian-tokian antolatuta irakaspenak lau haizetara zabaltzeaz arduratu behar baitu. Brigadak ez dira esperientzia pertsonal bat, baizik eta ondo antolatutako talde baten bidez errealitatearen beste ikuspegi batez jabetu eta Euskal Herriak behar dituen irakaspenak lortzea eta, itzultzean, esperientzia horiek dagokien unean eta lekuan aplikatzen laguntzea. Hau da, antolatzea eta borrokatzea da brigada; udagorritzen jarraitzeko tresna bat.
Beraz, Euskal Herriko borrokalariok brigadetan parte hartzera eta elkartasun internazionalista indartzen laguntzera animatzen zaituztegu, udagorritzen daramatzagun urteek etenik izan ez dezaten, garaipenera arte.
Gaurtik aurrera brigadetan izena emateko epea zabaldik dago. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.
Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora brigada internazionalistak!