Historia ez dadin amaitu.

Iritzi artikulua
Xabier Lasa, Askapenako kidea

 

Mamu bat dabil Europan barrena: komunismoaren mamua. Horrela hasten da duela 174 urte idatzitako Manifestu Komunista. Sozialismoaren utopia zaharra zientzia bilakatzen hasia zegoen ordurako. Owen, Saint-Simon, Fourier eta antzeko utopisten eskutik lehenago, nola Flora Tristan eta beste hainbeste emakumeren borrokatik ikasiz, sozialismo zientifikoaren bidea arakatzen hasi ziren Marx eta Engels. Garai berean egin zuten eztanda iraultza burgesek, Europako herrialde ugaritan; langileek bultzatutako, baina burgesiaren interesek gidatutako iraultzak. Oraindik ere, ez zen langile-programa osaturik, garai hartan.

 

1871ko martxoa izan zen, hain zuzen ere, lehen langile programarekin ereindako matxinada. Vive la Commune! leloaren atzean, jendarte berri baten aldarria ezkutatzen zen; eta, aldarriaz harago, gorpuztu ere egin zen ideia. Langile armatuak Parisko kaleak hartu zituzten, barrikaden atzean, eta praktikara eraman zituzten beste jendarte eredu baterako oinarriak, 2 hilabetetan zehar. Langileriaren zuzenbideak ordezkatu zituen erregimen burgesaren legeak. Poliziaren ordez, herri miliziak; delegazioaren ordez, ordezkaritza. Funtzionarioak deuseztatu eta kargu aldagarriak jarri zituzten administrazio publikoan. Mahai gainean jarri zen langileon boterea artikulatu zuen lehenetariko esperientzia, burgesiaren estatua komunarengatik aldatu zutenean. Langileriak bere interesak defendatuko zituen programa eta egitura formak loratu zituen.

 

Kapitalismoa bere fase gorenera iritsita zegoen ordurako, fase inperialistara. Munduko lurralde gehienak Europako potentzien artean banatu zituzten, baina, aldi berean, kolonizatutako herrietako erresistentziak ere loratzen hasi ziren. Aurretik Abya Yalan gertatu bezala, Afrikako eta Asiako herriak altxatu egin ziren Europako metropolien kontra. Garai hartan, entzutetsuak izan ziren frantziarren eta britainiarren sarraskiak, bai Algerian, bai Indian. Hala iritsi zen Lehen Mundu Gerra, munduko potentzia handien arteko gerra interburgesa. Kapitalismoak goia jotzen duenean, krisitik ateratzeko duen aukera bakarra izan ohi da gerra.

 

Bitartean, sozialdemokraziaren barruan eztabaidak areagotu ziren. Hainbat faktorek erreformismoari ateak ireki zizkioten Europako alderdi gehienetan, besteak beste, Europako parlamentarismoak, kolonietako sarraskien aurrean izandako arduragabekeriak eta nazionalismoaren gorakadak. Asko izan ziren eztabaidak, II. Internazionalean; horietako ugari argitu zituzten eta dizkigute, batetik, Kautsky-k, Berstein-ek, Oto Bauer-ek, eta, bestetik, Zetkin-ek, Rosa-k, Liebnick-ek, Lenin-ek eta beste hainbestek. Eztabaida teorikoak bezain praktikoak; eraginkorrak bezain tragikoak. Milioika langilek galdu zuten bizia Gerra Handian langile klasea burgesia nazionalen esku uzteagatik, nahiz eta 1917ko iraultzarako oinarriak jarri ziren bertan eta klase gudatik herrion bakera kontsigna praktikara eraman.

 

Izan ere, XX. mendea iraultza sozialisten mendea izan zen Europan. Sobietar Iraultzaren ostean, mendearen lehen erdialdean, iraultza saiakerak biderkatu egin ziren Europako herrialde gehienetan: Alemaniako kontseiluak, Italiako langile borrokak, Irlandako askapen gerra eta James Connollyren sozialismo abertzalearen lehen pausuak... Kooperatibismoaren, kontzejismoaren eta iraultza saiakeren hamarkadak izan ziren. Faxismoaren gorakadak eta erreformismoaren traizioak  30eko hamarkadarako gerrara bidean jarri zuten berriro ere Europa, eta askotariko faxismoen aurkako bataila odoltsuari aurre egin behar izan zitzaion. Erresistentzia handia izan zen, ordea: brigada internazionalak, makiak, partisanoak, armada gorria... Eta 1945eko maiatzaren 9ko garaipenean gorpuztu zen epika iraultzailea, ekialdeko herri errepublikei bide eman ziena, hala nola Alemaniako Errepublika Demokratikoari, Jugoslaviari, Txekoslovakiari, Errumaniari eta Hungariari. Deskolonizazio prozesuak azkartu zituen eta nazio askapen prozesuentzat bultzada izan zen, bai Afrikan, bai Asian, bai Europan. Esperientzia hark aukera eman zuen arlo ugaritan esperimentatzeko: kulturan, ekonomian, baita pertsonen arteko harremanetan ere.

 

Orduko hainbat gertaerek eman zioten gaur egungo fase historikoari hasiera, besteak beste, petrolioaren krisiak, Margaret Thatcherren There is no alternative ideiak, Sobietar Batasunaren erorketak eta Europar Batasunaren eraketak. Gutxika, pentsamendu erreformista gailendu egin zitzaion pentsamendu iraultzaileari, egondako erresistentziei muzin egin gabe. Horren guztiaren ondorioz, ofentsiba kapitalista ekonomiko, politiko, militar eta kulturalak inoiz baino bortitzago kolpatu zuen langileria, eta langile antolaketak birrindu zituen. Indibidualismoa, errepresioa eta bizi baldintzen okertzea zirela-eta, areagotu egin zen nork bere burua salba zedin irtenbide ez-antolatuak bilatzeko joera. Elkarrekintza handitu beharrean, denok denon kontra jarri gintuzten lanean. Historiaren amaiera ote?

 

Baina errealitateak behin eta berriro azaleratzen du boteredunek ezkutatu nahi dutena, dominazio sistema kapitalistaren baitan, bizitza ez dagoela inolaz ere ziurtatuta. Gerrak, pandemiak, gosea, hondamendi ekologikoa... Sistema honek sortzen dituen ondorioak dira; eta txikituz joan beharrean, handituz doaz, urtez urte. Hori guztia horrela izanik, argi ikusten da, Tatcherren hitzak hartuta, alternatibarik ez dugula. Beraz, ezinbestekoa da kapitalismoa gaindituko duen sistema eraikitzea, espezie bezala bizirik iraun nahi badugu; eta oraindik eraikitzeko dagoen historia da sozialismoarena. Izandako esperientziek erakusten digute jendartea antola daitekeela beste modu batzuetan, eta aurretik izandako akatsak zuzentzeko aukera ere ematen digute.

 


Horrenbestez, gaur gaurkoz, guri dagokigu porrotetik ikasi eta sozialismoaren eraikuntza historikoarekin bat egitea. Aurreko belaunaldiek egin bezala, bandera gorriaren azpian, burgesia langileon interesetara makurraraziko duen jendarte eredu bat egingarri bihurtzea. Euskal Herritik hasita, beste nazio zapalduekin batera, langileon proiektua gorpuztu arte. Historia ez dadin amaitu, jarrai dezagun borrokan.

 

APURTU KAPITALAREN EUROPA!

 

 

Komunikabideetan:

https://www.berria.eus/paperekoa/1941/017/003/2022-04-28/historia-ez-dadin-amaitu.htm

https://www.argia.eus/albistea/historia-ez-dadin-amaitu