2022KO BRIGADAK: BRASILDIK 2. KRONIKA

MST: NEKAZAL ERREFORMA POPULARRA HORTZIMUGAN.


Dagoeneko 8 urte pasa dira Lurrik Gabeko Langileen Mugimenduak (MST) bere VI. Kongresu Nazionala ospatu zuenetik (2014). Bertan, mugimenduaren lelo berrian txertatzen diren erronka politiko, sozial eta estrategiko berriak zehaztu ziren: “Borrokatu, Eraiki Nekazal Erreforma Popularra!”.


Izan ere, mugimenduak aspaldi ondorioztatu zuen jada ez dagoela lekurik nekazal erreforma tradizionalerako (burgesa), lurren banaketa hutsean oinarritzen dena. Aitzitik, Nekazal Erreforma Popularra Kapitalaren aurkako erresistentzia-estrategia gisa jaiotzen da, enpresa trasnazionalen aurkako borrokan oinarrituta; agronegozioaren, agrotoxikoen ekoizpenaren, hazi transgenikoen eta baliabide naturalen agortzearen erantzule direnak. Ekoizpen kontuetatik haratago, giza eta genero harreman berrien eraikuntzan eta zapalkuntza ororen kontra sakontzen duen propiektu politikoa da ere bai, matxismoari eta lgtbfobiari aurre eginez, adibidez.


Zentzu honetan, hasiera batean MSTren borrokak eta erresistentziak nekazal munduan oinarritzen baziren ere, langile klase osoaren borroka gisa aurkezten da orain mugimenduaren ildo politikoa.

 

 

 

Lurraren aldeko borroka eta MSTren sorrera.


Brasil lurren metaketa handienetarikoa duen herrialdea da, baita latifundio handienak dituena ere. Egoera honek jatorri historikoak ditu, XVI. mendearen hasieran Portugalgo Koroak burututako okupazio bortitzetik datozenak.
Kolonizazioak latifundioen sorrerari bide eman zion, lur sail handiak jabe gutxi batzuen eskuetan geratuz. Izan ere, herrialdearen kostaldea 15 eskualdetan (capitania hereditaria) moztu eta aristrokazia portugaldarraren artean banatu zuten.


Lurraren espoliazioak herri erresistentziaren hainbat prozesu eragin zituen urtetan zehar. Esklabutzaren aurkako jatorrizko herrien borrokak kokatu ditzakegu hemen, Kapitalaren mesedetan haien kultura, pentsakera eta lurrak desagerrarazten ziren bitartean. Sepé Tiaraju indigena, kolonizatzaileen aurkako borrokalari mitikoa, esaldi hau ohiukatzen zuen bitartean erail omen zuten: “Lur honek jabea du!”.


Esklabutzarako bahitutako afrikarren (ia 5 milioi) erresistentziak eman ziren ere, “quilmbo”-en esperientziak erreferente direlarik gaur egunerarte. Esklabotzatik ihesi, nekazal zonaldeak okupatu, modu komunitarioan antolatu eta beren kultura eta tradizioen arabera bizi ziren.


XIX. mendean lurra jabetza pribatuaren logikan murgildu zen (1850 – Lurren Legea), hau da, herritarrek okupatzen zituzten lurrak erosteko aukera zuten orain. Hala ere, prezioak oso altuak zirenez herritar gehienak lurrik gabe geratu ziren, lur-jabe handien mesedetan. Zentzu horretan, esklabutzaren gainbeherarekin batera, lurraren aldeko borrokak zentralidadea izan zuen Brasilen.

 

 

XX. mendean zehar landa exodoa eman zen, industrializazioaren eta nekazal munduaren mekanizazioaren eraginez. Hori horrela, garai horietan lurraren aldeko borrokak antolaketa-modu sendoagoak eta nazio eraikuntzarako proiektuak erditu zituen; nekazal-erreforma eta eraldaketa sozialaren aldeko borrokak sortzen dira, besteak beste. Ildo horretan, Nekazal Ligak eta Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimendua (MASTER) sortu ziren, 1940ko eta 1960ko hamarkaden artean hainbat lur-okupazio burutu zituztelarik. Tamalez, borroka eta esperientzia horiek guztiak berriro ere zapalduak izan ziren 1964ko estatu kolpe militarraren bitartez.


1970eko hamarkadan, diktaduraren iraunkortasun ezak gizarteko hainbat sektoreen borroken aurrerabiderako tartea ireki zuen, pixkanaka masifikatuz, indar korrelazioa aldatuz eta Brasilgo herri borroken berrantolaketa emanez. Testuinguru honetan sortzen da Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) 1984. urtean. Gaur egunerarte irauten duten 3 helburu nagusitan oinarrituta eratu zen:


    • Lurraren aldeko borroka
    • Nekazal erreformaren aldeko borroka
    • Eraldaketa sozialaren aldeko borroka


Hasi hasieratik MSTk lur-okupazioak burutzen ditu, batetik, beharrezkoa duten herritarrei bizitza duin bat eskeintzeko eta, bestetik, jabetza pribatuaren funtzio soziala zalantzan jartzeko.  

 

 

Agronegozioa vs. Agroekologia


    1990eko hamarkadan, eredu neoliberala txertatzearekin batera, Brasilgo nekazal lurrak aldaketa ugari jasan zituen produktuen ekoizpenari dagokionez. Aldaketa horiek lur-jabe handiak burgesiaren beste frakzio batzuekin elkartzearekin batera gauzatu ziren: nekazal-sektoreko enpresa trasnazionalekin, kapital finantzieroarekin (bankuak) eta masa-komunikabideekin.


Nekazal-ekoizpeneko eredu berri hau agronegozio izenez ezagutzen da, besteak beste, ingurumenaren suntsipenean areagotzen duena; monokultibo intentsiboa, agrotoxikoen eta transgenikoen erabilera, baliabide naturalen agorpena, etab.  Zentzu horretan, agronegozioak irabaziak eskuratzeko makina baten moduan erabiltzen du lurra, ingurumenean zein guztion osasunean dituen ondorioak kontutan izan gabe.


Eredu suntsitzaile honen aurrean, MSTk agroekologian oinarritutako bizi eredua sustatzea du helburu. Agroekologiak gizakiok gure inguruarekin (lurra, pertsonak, animaliak…) harreman eredu eraldatzaileak planteatzen ditu. Ekoizpenari dagokionez, elikadura burujabetzarekin batera, ingurumenaren eta nekazarien praktika tradizionalen errespetuan oinarritzen da.  

 

Ildo horretan, Nekazal Erreforma Popularrak agroekologiaren auzia jasotzen du, “lurra lantzen duenarentzat” leloari, “herriarentzat elikagai eta harreman osasungarriak” gehituz.

 

 

“Sem feminismo não há Reforma Agraria!” (Nekazal Erreformarik ez feminismorik gabe!)


MSTren baitan historikoki emakumearen papera bigarren plano batetan egon izan da. Izan ere,  nekazalguneak oso tradizionalak izan ohi dira eta espazio hauetan gizonezkoen zapalkuntza handia egon da. Emakumeak  gizonezkoarekin alderatuta lan ordu gehiago egin ohi ditu (ekoizpen lanak, zaintza lanak…), hala eta guztiz ere irabazien gestioa gizonezkoen esku egoten izan da, emakumearen iritzia hutsala izanik. Alor politikoan ere emakumeak bigarren lerroko militanteak dira, MSTko borroka zein mobilizazioetan gizonezkoen gehiengoa nabarmena delarik.


Hortaz, azken hamarkadetan MSTk patriarkatuaren aurkako borrokan sakontzeko hautua egin du. 2000. urtean lehen aldiz emakumeak MSTko kongresu nazionalean parte hartu zuten eta bertan emakumeak landa gunean jasaten zuten jazarpena plazaratu zuten. Horrek emakumeen antolkateta autonomoa eta formakuntza feministaren hazkundea ahabildetu zuen. Prozesu hau ez zen erreza izan, gizartean sortuak ziren tabu askori aurre egin behar izan baitzioten; emakumeen gidaritza politikorako gaitasun ezaren ustea, besteak beste.


Inflexio puntu bezala, 2006ko martxoaren 8an, emakumeak ekintza zuzena eta indartsua gauzatu zuten Barra de Ribeiro udalerrian (Rio Grande do Sul). Ia bi mila emakume nekazarik antolatu eta enpresa ezagun trasnazional baten eukalipto haztegiak suntsitu zituzten. Mobilizaio honen helburua eukaliptoen eta monolaborantzak sortutako kalte ekologikoak salatzea izan zen. Lehen aldia litzateke emakumeez bakarrik  osatutako talde batek ekintza bat burutzen zuela (https://www.youtube.com/watch?v=VNpAm_SMxxg).


Ekintza honen bitartez nekazal emakumeek agronegozioaren kalteak zein agroekologiaren garrantziaren auziak gizartean plazaratu zituzten lehen aldiz. Jada emakumea ez zen gizonezkoaren subordinatua izango, agronegozioaren, bioaniztasuna eta ingurumenaren aldeko parte aktiboa baizik. Hortaz, harez geroztik emakumearen papera askoz ere indartsuagoa bilakatu eta zilegitasuna lortu du mugimenduaren baitan.   


Gaur egun, MSTren antolakuntza politikoan emakumearen papera eta gizonezkoarena parekideak izatera heldu dira, horren adibide dugu MSTko egituren koordinazio guztiak emakume eta gizonezkoen artean elkarbanatu beharraren araua. Gainera, emakumearen inguruko eztabaidak asentamentu eta akanpaleku guztietan ematen dira, sektore zein emakumeen kolektiboen bitartez.


Nekazal emakumeak feminismoaren inguruko hausnarketa sakonak burutzen jarraitzen du. Horren adibide argia dugu 2019an Nekazal Emakumearen Lehen Kongresu Nazionala ospatu izana, non nekazal feminismo irautzailearen kontzeptuaren inguruan eztabaidatu zuten, Nekazal Erreforma Popularra etengabe elikatuz.  

 

 


Sexu-aniztasunaren “hazia” mugimenduaren baitan.


2014ko Kongresu Nazionalean eztabaidatutako ildo politiko berrien artean, MSTk barnebiltzen duen militantziaren barnean existitzen diren auzi guztiei heltzeko beharra ondorioztatu zen, horien artean sexu-aniztasunaren auzia. Izan ere, Brasilek LGTB kolektiboko kideen erailketa gehien duen herrialdea da, nekazal munduan batez ere baztertuak daudelarik.


Hori horrela, MST 2013tik hasia zen LGTBko hainbat kolektiborekin topaketak egiten, 2015ean azkenik “Lurrik Gabeko LGTB Mugimendua” sortuz eta sexu zein genero aniztasunari buruzko eztabaidak Nekazal Erreforma Popularraren programari gehituz. Gainera, 2017an “MST eta sexu aniztasuna: eztabaidarako galderak” liburuxka argitara eman zen, gaia asentamentu eta akanpalekuetara hedatzea ahalbidetu zuena.

 


Gaur egun, 300 LGTB militante baino gehiagok parte hartzen dute mugimenduaren egituretan; lurren okupazioetan, asentamentu zein akanpalekuen antolaketan eta formazio lanetan, besteak beste.


Hasiera batean lurraren aldeko borrokaren norabidea desbideratzen zuen gaia uste bazen ere, hainbat militantek helarazi diguten arabera, LGTB auzia mugimenduaren ildoan txertatzeak onurak baino ez ditu ekarri. Izan ere, LGTB kolektiboko kideen partea hartzearen hazkundeak, “harrera-gune” seguruekin batera ahalbidetzen dena, MST indartu du.

 

 

 “POR UMA REFORMA AGRARIA POPULAR!”    
“LUTAR, VENCER, SEMPRE MST!”