2022KO BRIGADAK: ARGENTINA-URUGUAITIK 2. KRONIKA
URUGUAI: La solidaridad es la ternura entre los pueblos
Abuztuaren 19a, Buenos Aires erraldoia atzean utzi ostean iritsi ginen Montevideora. Itsasontzi erraldoi hartatik jaitsi eta bat batean, jendetza mordo horren artean, ikurriñak zein presoen banderolak ikusi genituen. Bertan zegoen Norma.
Neguko aire hotzak zeharkatzen gintuen bitartean, Normaren bero eta goxotasunak besarkatu gintuen Montevideoko portuan. Horrela ezagutu genuen, makila gogor eutsiz eta irribarre atsegin zein bihurriarekin.
Iritsi bezain pronto ikasle zein irakasleek okupatutako ikastetxe batera gerturatu ginen. Normak harro begiratzen zituen haien oihu eta txaloak eta ugariak ziren ama berezi hori besarkatzera gerturatzen zirenak.
Hezkuntza komunitateko kideek daramaten borrokak ere bide paraleloa egin du gure ibilbidean. Gobernuak hezkuntza publikoaren aurkako erreforma aplikatu nahi du, hau da, pribatizazioaren bidean hezkuntza publikoaren balio galtzea pixkanaka darama aurrera Uruguayko gobernuak, baina hezkuntza komunitateak zein herriak tinko erantzun du: ¡Todxs a la huelga general! ¿Para qué? Para que vean, que este pueblo no cambia de idea, pelea y pelea por la educación, ¡popular!
Indarrez eta gogoz bete gintuen okupazio hori ikusi ostean, Filtroko koordinazio asanbladara joan ginen eta bertan ere jende ugariren berotasuna jaso genuen. La Sendan batu ginen gero. Normarekin batera militante koherente ugarik egin ziguten harrera. Sindikatuak zer diren, Uruguayko diktadura garaia... Han hemenka ikasten hasi ginen, elkarrizketa saio bakoitza berria baitzen guretzat.
Hurrengo egunetan Filtroari begirako lanketetan murgildu ginen. Murala margotzen, eskuorriak banatzen, hitzaldiak ematen... Eta bide horretan ezagutu genuen benetan Norma. Gogorra dirudi batzuetan, baina irudi horren atzean dagoena arakatuz gero, beste zerbait ikus daiteke. Bere familiarekiko kezka ikusi genuen, injustizien eta inpunitatearen aurrean ixilik ez egoteko garra, lagunen ongizatearen nahia, jasotako guztia eskertzeko grina... Berezia da semea akatu ostean munduari garraxi egin zion ama horrek eskua heldu eta irribarrea luzatzen dizunean: hor dago Norma, mundua irauli dezake, goxotasunez urtzen zaituen bitartean.
Hurrengo egunetako batean okupatutako zentro batera joan ginen hitzaldi bat ematera, Normak besotik heltzen gintuen, polizia agertu zen, ezin jakin zer den ama horrek polizia aurrean dagoenean senti dezakeena, baina gu begiratu eta agindu zein eskaera zen begiradarekin handik joateko eskatu zigun, gu babestuz. Une horretan, ordea, ez zen Normarena begirada konplize bakarra, 1994. urtean gure herriarekiko erakutsi zuten elkartasuna unez une sentitu dugu Uruguayn, eta bertan, ikasle zein irakasle artean ere esker hitzak besterik ez genituen jaso.
Honi lotuta, abuztuaren 23an, Filtroko martxa baina egun bete lehenago, hezkuntza publiko duinaren alde egin zen mobilizazioan egon ginen. Batera abestu genuen, batera aldarrikatu genuen, Uruguayn borrokatzen ari ziren hori guk ere gure sentitzen genuelako. Hezkuntza zein osasunaren pribatizazioa orokortzen ari da eta bada maila globalean sistema kapitalista anker honi stop esan eta publikoaren alde borrokatzeko garaia.
Elkartasunak dakarren goxotasun horren haritik, hurrengo egunean Filtroko martxan hezkuntza mobilizazioko kideek gure aldeko abestia abestu ziguten “Liberar, liberar a los vascos por luchar! El pueblo vasco, en resistencia, por el socialismo y la independencia”. Besoak gora eta erritmo ezin hobez bete zituzten Montevideoko kaleak.
Filtroko martxan gertatutakoa ezin da edonola azaldu. Pankartak, ikurrinak, presoak, memoria, justizia... Eta ELKARTASUNA. Montevideo iluna zegoen martxa hasi zenerako, baina argi berezia zeraman bertan zegoen bakoitzak. Norma, denen ama, aurrean eta indartsu, edozeri aurre egiteko prest. Haren atzetik Uruguayko herria, berriz ere Euskal Herriari irribarre eginez, berriz ere Euskal Herria besarkatuz. Ahaztezina. Baita oholtza horretan “¡Arriba los que luchan!” garraxi egiten zuen ama horren irudia ere.
1994. urte hartan, Espainiar Estatuak bere tresna guztiak erabili zituen errepresioa eta zigorra aplikatzeko. Estatu terrorismoa erabili ostean, 90. hamarkadan Euskal Herriaren askapenerako borroka mundu mailan deslegitimatzeko saiakera hasi zen. Honen ondorioz, 1992an 30 herritar atxilotu zituzten Uruguayn, haien artean 13 euskaldun. Denboraren eta justiziaren poderioz, hasierako hogeita hamar atxiloketetatik hiru gelditu ziren estradizio aginduarekin: Goitia, Lizarralde eta Ibanez. Uruguayko abokatu zein politikari ugarik zentzu gabeko erabakitzat hartu zuten, gainontzekoek asilo politikoa eskuratu bazuten, askapen borrokan parte hartzea arrazoi politikoa zela argudiatzen zuten, hortaz hiru hauek estraditatzea ulergaitza zen. Are gehiago Espainiako komisaldegietan torturatuak izango zirela argi zegoen bitartean.
Kartzela barruan zein kanpoan zeuden euskal errefuxiatuek tinko eutsi zioten duintasunari eta preso gelditu ziren haiek gose greba erabili zuten arma gisa. Izan ere, arrazoi politikoengatik zeuden Uruguayn eta eskubidea den asilo politikoa besterik ez zuten eskatzen.
Felipe Gonzalez “sozialistak” anbulantziak eta polizia autoak oparitu zizkion Lacalleren gobernuari, beraz Uruguayko gobernuak ere, salduta, bat egin zuen bide errepresiboan bere txakurrei agindu zehatzak emanez. Honela iritsi zen 1994ko abuztuaren 24a, Espainiara kanporatuak izateko azken eguna. Hiru euskal presoak Filtroko ospitalean zeuden zeramaten gose grebaren ondorioz. Uruguayko milaka herritar ospitale kanpoan bildu ziren elkartasun ariketa sendoa eginez. Izan ere, bi urtetan aurrera eraman zen prozesu horretan, herritarrek Uruguayk asilo politikoaren alde izan zuen jarrera historikoa defendatzen zuten, onartezina zen gobernuak hiru euskaldun horiek justizia jasoko ez zuten estatu batera estraditatzea.
Elkartasun saio hori garesti ordaindu zuten, ordea. Estraditazio egunean Uruguayko poliziak Filtroko ospitalea inguratu zuen, errepresioa kolpeka hasi zen, baina hiru euskaldunak aireportura eramateko garaian eman zioten hasiera benetako sarraskiari. Kaleko argiak itzali eta manifestari ororen aurka hasi ziren tiroka, kasu batzuetan manifestariak despistatzeko prestatutako gezurretazko anbulantzietatik ere egin zuen tiro poliziak.
Amorru handiz esan behar dugu bertan erail zituztela Fernando eta Roberto. Fernando bost tirorekin akatu zuen poliziak. Roberto bere etxe aurrean erail zuten, labankadaka, froga asko eduki zitzakeen kamera lapurtu ostean. Amorru handiz, beraz, esan behar dugu Normak ez duela bere semea berriro besarkatuko. Izan ere, Uruguayko poliziak asilo politikoaren defentsan zeuden herritarrak modu bidegabean zigortu zituen.
Baina inperialismoak ez daki elkartasuna eta goxotasuna zer diren, ez daki aplikatutako errepresioak hautsi ezingo den harremana sortu zuela. Gaur egun, 28 urteren ostean, euskal ikurrak zintzilik daramatzan Uruguayko ama horrek injustizia ororen kontra egiten jarraitzen du. Gaur egun, 28 urteren ostean, abuztuaren 24an oraindik aldarrikapenez betetzen dira kaleak. Memoria, justizia eta egia: Uruguaiko Herriarentzat eta Euskal Herriarentzat!
Arriba las que y los que luchan!