Apurtu Kapitalaren Europa!
Irakurketa honen bitartez, aurreko testuetan adierazitakoaren ibilbide bat egin nahi dugu. Urte asko igaro dira gure arreta Europar Batasunean jarri genuenetik, baina garrantzitsua izaten jarraitzen du.
Gatazka armatuak, krisi ekonomikoa, faxismoaren gorakada… “distopikoa” dela egoera diote askok, ez dagoela irtenbiderik; egoera salbuespenezkoa dela, ezinezkoa dela kausetara iristea eta, beraz, konponbideak aurkitzea. Baina etengabean gaude halako egoeretan, kapitalismoaren historian une oro errepikatu dira mundu osoan zehar: genozidioak eta kolonialismoa; Condor Plana eta autoritarismoa Latinoamerikan; gerra inperialistak Jugoslavian, Sirian eta Libian; kolonialismo kriminaleko hamarkadak Palestinan... Ez dira naturalki gertatzen diren jazoera batzuen emaitzak, askotariko testuinguruetako klase borrokaren dinamikaren ondorioak baizik.
Egungo panorama duela hainbat hamarkadatik hartzen ari diren neurri eta ekintzen ondorioa da; hori da, hain zuzen ere, helarazi nahi duguna. Are gehiago, Europar Batasunaren kasuan, egun ezartzen diren politikak eta joerak Bigarren Mundu Gerraren jatorrietatik datoz. Eta, noski, agerikoa da ez garela gai izan horri guztiari aurre egiteko. Garrantzitsua da hau guztia mahai gainean jartzea, izan ere, egun hartzen dituzten neurriek epe luzeko planteamenduei erantzuten diete, eta ondorioak egungoak baino askoz larriagoak izango dira Europar Batasunaren menpe bizi garen herri langileontzat. Betiere, ez badugu haiek gelditzea lortzen.
Horrez gain, nahiz eta Euskal Herrian inoiz baino presenteago dagoen Europako koiuntura eta Europar Batasunaren rola, instituzioaren izaerari zuzenduko zaizkion kritikak falta dira. Egia da 2000ko hamarkada hasieratik, bereziki 2007ko krisitik, gero eta ahots kritiko gehiago daudela Europar Batasunarekiko. Finean, zaila da ezkutatzea nola estutzen gaituzten langileok, baita Europar Batasunera sartzen saiatu diren 26.174 eraildako eta desagertuak ere. Ez dira nahikoak giza eskubideen aldeko diskurtsoak edota Erasmus eta antzeko programak. Ukrainako gerran NATO eta Estatu Batuekin batera zuzenean parte hartu izanak ez du lagundu. Prezioak ere etengabean ari dira igotzen orokorrean, gasarena eta energiena bereziki; ezin da sostengatu, nabari da Euskal Herrian. Hartutako neurri guztiek Europar Batasuna zalantzan jarrarazi dute. Baina kritikek ez dute erroa ukitzen.
Eragin handiko sektore batzuen Europar Batasunarekiko kritika, hain zuzen ere, politika baten edo bestearen kudeaketan zentratzen da; hau da, haien arabera, Europako instituzioetan boterea duten indar politikoen maniobren emaitzak dira Europar Batasunaren noraezak, bide okerrak hartzea. Europako Parlamenturako eta Estatukideen parlamentuetarako hauteskundeak egoki erabiltzeak edota “Europako gizarte zibila” deritzona eratzeak, adibidez, Europako politiken emaitza eta ikuspegia aldatuko luketela uste dute, Europar Batasunak bide zuzena hartuko lukeela. Baina kritika horiek estali egiten dute Europar Batasuna helburu eta izaera zehatza duen instituzioa dela: Europar Batasuneko klase kapitalista hegemonikoaren interesak babestea.
Europar Batasuna kritikatzen duen beste sektoretako bat indar politiko euroeszeptikoen ingurutik dator, sarri eskuin muturrarekin lotua. Eskuin muturreko indarrak eta haiei dagozkien kaleko talde faxistak (indar errepresiboetan integratuta ala ez) agerian uzten ari dira Europako kapitalaren eta inperialismo atlantistaren defendatzaile sutsuak direla, nahiz eta Europar Batasunaren aurkako diskurtsoa izan publikoki. Horiei guztiei aurre egiteko, beharrezkoa da borrokan jarraitzea, Kapitalaren Europa suntsitzeko. Izan ere, berau da Europako egungo egoeraren jatorria, izan ikuspuntu ekonomikotik, errepresibotik ala militarretik.
Gaur egun, berriro ere, kapitalismoaren krisian murgilduta gaude, krisi bat igaro orduko, beste batean sartzen gara, eta ezinezkoa da sistema kapitalistaren zulotik ateratzea, berau suntsitzen ez bada. Bai Eusko Jaurlaritzak, baita Espainiako eta Frantziako gobernuek ere, esaten digute Covid pandemiarengatik gaudela egoera honetan, eta Ukrainako gerragatik ere bai; horiengatik hartu dituztela hartutako neurriak. Baina ez da egia; sistema kapitalista berrantolaketa fasean dago, eta horren ondorioak dira, bai prezioen igoera, bai langile klaseko gero eta kapa gehiagoren prekarizazio eta esplotazio maila areagotzea, baita krisi energetikoa eta ingurumenaren auzia ere. Eta, noski, Europar Batasunak nazioarteko kapitalaren antolaketan duen rolak ere zerikusi zuzena du guzti horretan. Horregatik, arazo horiei aurre egiteko aurkezten dizkiguten neurriak, izan Next Generation Funtsak, izan interes tipoen igoerak, ez dira irtenbideak, ez direlako kausak deuseztatzera zuzentzen. Alderantziz, finantza sektorearen eta kapital handiaren etekinak puzteko neurriak dira, eta horrek, nahitaez, langile klasea gehiago pobretzen eta prekarizatzen du.
Miseriak betidanik eragin izan du erreakzio bat, ezinegona. Eta erreakzio hori neutralizatzeko errepresioa da beste mekanismo garrantzitsuenetako bat. Europako burgesien helburuetako bat izan da, II. Mundu Gerratik, beren lurraldeetan gara litekeen klase borroka arrasto oro zanpatzea. Bere garaian, NATOren rolak eta Gladio sareak, adibidez, helburu horri erantzuten zioten. Euskal Herrian paper esanguratsua izan zuten, bai Europako estatuek nahiz instituzioek, bai NATOk, 60ko eta 70eko hamarkadetako langile mugimenduak jazartzen, altxamenduen aurkako neurriak aplikatzen, ZEN Plana gauzatzen, torturan, Ertzaintza eta Nafarroako Foru Polizia sortzen… Baita Europako instituzioetara batzeak omen dakartzan onuren inguruko propaganda egiten, eta biztanleria homogeneizatzen saiatzen ere; horretan, esaterako, eragin handia izan zuten hezkuntza neurriek. Zentzu horretan, begibistakoa da egunotako errepresio giroa eta Europar Batasunaren ustezko baloreak defendatzeko propaganda bizi-bizi daudela. Horrela, ikus daiteke nola legitimatzen diren gero eta gehiago posizio autoritario eta faxistak; ez hitzen bitartez soilik, baita ekintza zehatzen bitartez ere. Eta hemen gaude, inperialismo atlantista zalantzan jartzen duen ahots oro erreprimitzen den garaian, gizartea gero eta faxistagoa den aldian, eta estatuak armatzen ari diren sasoian, efikaziaz prestatzeko hain gutxi hitz egiten den beste gerra horretarako, klase borrokarako.
Nazioarteko testuinguruari erreparatuz, berriz, ezaugarri nagusietako bat da gerra, sistemari eusteko tresna bat gehiago baita. Europar Batasuna inperialismo estatubatuarraren aldean kokatuta dago, haren hegemoniaren defentsan, eta NATO erakunde kriminala da aktore nagusietako bat. Lotura hori aspalditik dator eta indartu egin da, estatukideak militarki koordinatzeko politiketan emandako urrats bakoitzean, eta baita Europa defendatzeko Iparrorratz Estrategikoa proposatzean ere. Lerrokatze hori NATOren azken gailurrean azpimarratu da, Madrilen. Hainbat erabaki hartu ziren bertan: erakunde kriminala Europaren Ekialdera hedatzeaz gain, Txina eta Errusia mehatxutzat markatu ziren, eta industria militarrera doan gastu publikoa igotzea eta azpiegitura zibilak erabilera militarrerako ezartzea erabaki zen.
Europako lurraldeak eta bere baliabideak, biztanleria barne, erabiltzen ari dira beste arma bat gehiagotzat, inperialismo atlantistaren gerran, bere hegemoniari eusteko.
Jada hartu dituzten eta hartzen ari diren neurri guzti horien aurrean, badago soluzioa, eta hori sinetsi behar da. Utzi egiten badiogu burgesiari bere gerra garatzen, gero eta prekarietate material eta errepresio gehiagoko egoerara eramango gaitu. Eta ikusi dugun modura, Europar Batasunaren aurkako borroka ezin da ulertu klase borrokaren eta herrion askapenaren logikatik kanpo. Eta beraz, urgentziazkoa da antolatzea, maila guztietan agorrarazten gaituen gerrari aurre egin ahal izateko. Horregatik diogu, Euskal Herritik, Europako beste herrietako kideekin, “Apurtu Kapitalaren Europa”, datozkigun erronkei eraginkortasunez erantzuteko gai izateko. Eta bide horretan, errealitate “distopiko” honi aurre egiteko, ortzimuga argiarekin: langileon eta herrion Europa eraikitzea.
APURTU KAPITALAREN EUROPA!