Sara, Rojbin, Ronahi... Jin, jiyan, azadî!

 

Oihu honekin gogorarazten dira 2013ko urtarrilaren 9an Parisen turkiar zerbitzu sekretuek frantses estatuaren konplizitatearekin eraildako hiru militante kurduak: Sakine Cansiz (Sara), Fidan Dogan (Rojbin) eta Leyla Saylemez (Ronahi).

 


Ez da lehen aldia estatu batetako zerbitzu sekretuak beste estatu batetan aritzen direna kontrainsurgentzia lanetan eta militante iraultzaileak erailtzen dituztena. Klase kapitalistek bere dominazioari eusteko beharrezko duten errepresioaren parte da jokatzeko modu hau. Kondor Plana eta Gladio Operazioa ekar ditzakegu gogora, adibidez.

 


Kondor Plana Latinoamerikan egindako errepresio politikoko eta estatu terrorismoko kanpaina bat izan zen. Hilketak eta inteligentzia operazioak barneratzen zituen, ofizialki 1975ean hasi zen ezartzen, diktadore eskuindarren bidez. Programaren xedea zen Latinoamerikan errotzen zebilen pentsaera, ekinbide eta antolaketa sozialista eta komunista erauztea.
Gladio Operazioa berriz, IIMG ostean CIAk eta MI6k diseinatutako plana izan zen, eta hainbat herrialde kapitalistatan kokatutako eliteko talde armatu paramilitar sekretuek osatzen zuten. Gerra zikin eta bandera faltsuko ekintzak egin zituzten talde marxista, anarkista, abertzale, etab.-en kontra; finean, statu quo kapitalistari eusten zion hegemonia zalantzan jarriko zuen orori. Euskal Herriaren borrokaren historian halako gertakari ilunak baditugu, zoritxarrez: Hotel Monbar, Joxi Lasa eta Joxean Zabala, Argala, Jon Anza... ezaguna zaigu Estatu frantsesaren isiltasuna eta itsutasuna gerra zikinari dagokionean.

 


Alfonso Sastrek esan bezala “terrorismo esaten zaio ahulenen gerrari, eta gerra esaten zaio -baita gerra garbia ere- indartsuenen terrorismoari”. Hortik abiatu, eta guk baieztatuko dugu terrorismo esaten zaiola langile klasearen borrokari; gerra edo errepresioa, berriz, burgesiaren eta klase kapitalisten indarkeriari. Langile klasearen borroka, herri langileen borroka, ez da jendarteak onartutako zerbait, hedatuta baitago zerbait “txarra”, “kaltegarria”, “ordena sozialaren kontrakoa”, “bakearen kontrakoa”, “bizikidetzaren aurkakoa” dela. Modu honetan, ideologikoki dominazio kapitalista eta hortik eratorritako zapalkuntzak legitimatzeaz/normalizatzeaz gain, honi aurre egiteko bideak eta aukerak kriminalizatzen ditu de facto hauek abiatu baino lehen.

 


Borroka ideologikoak eremu honetan garrantzia handia du. Sistema kapitalistak langile klase otzana behar baitu bere dominazioa mantendu ahal izateko, antolatu eta borrokatuko ez den langile klasea. Honetarako, bere ikuskeran, borrokatzea onartezina den zerbait gisa txertatzea lortzen badu, lortuko du bere asimilazioa. Eta ez hori bakarrik, bere askapenerako bidea irekitzen ari diren borrokalariei hain beharrezko zaien legitimazioa ukatuko die. Hona hemen diskurtso antiterroristen helburu nagusietako bat; Euskal Herriaren kontrako borrokan ardatz estrategiko izandako ZEN Planaren gakoetako bat ere borroka ideologikoa zen.

 


Honek ere azaltzen du abenduaren 23an Parisen beste hiru militante kurdu erail izana, Evîn Goyî (Emine Kara), Abdullah Kızıl, Mîr Perwe. Komunikabideetan hiltzaileak “aurrekari arrazistak” zituela esan bazen ere, erailketa hau ezin da banatu, aipatu dugun diskurtso antiterroristak finkatzen duen orubetik. Europar Batasunak PKK talde terroristen zerrendan du eta hainbat dira atxilotu, espetxeratu eta Turkiara entregatutako militanteak; kurdu izatea eta bere herriaren aldeko lana egitea kriminalizatzen ari dira.

 


Kurdistan, Euskal Herriaren moduan, sistema kapitalistari kalte handia egiten dion herri langilea da. Ezinbestekoa zaio hauen askapen nazional eta soziala antolatuko duen edozein mugimendu deuseztea eta honetarako beharrezko zaizkion tresna guztiak erabiliko ditu ikusi dugun moduan. Are gehiago krisi testuinguru honetan, non klase kapitalistek euren dominazioa bermatzeko beharra duten. Europar Batasunaren baitan ere dinamika hauek ematen ari dira, eta Estatuek euren tresneria errepresiboa indartzeari ekin diote edozein disidentzia paretik kentzeko helburuarekin.

 


Honen aurrean elkartasun internazionalista inoiz baino garrantzitsuagoa da, erasoak areagotuko baitira. Argi utzi behar dugu euren askatasunaren alde borrokan ari diren herriak bakarrik ez daudela. Horregatik Sara, Rojbin eta Ronahiren erailketaren 10. urteurrenean ozen oihukatzen dugu...

 


Biji Berxwedana Kurdistan!