Abya Yala: Eskuin faxista eta ezker otzana

Iritzi artikulua
René Behoteguy Chávez, boliviarra eta Askapenako kidea

 

Lerrook idazten nabilela, Peruko armadaren balak herri desarmatua erailtzen ari dira Juliacan. Limako oligarkia arrazistaren eta kolonialaren zerbitzura dago Peruko armada, armada kriminala. Herriaren zapaltzaile eta inperialismo estatubatuarraren interesei belaunikatua, zuria. Peru bere ondare bihurtu duen oligarkiak ez du onartzen botereari aurre egin izana Peruko herri indioak, beltzak eta mestizoak, landa eremuko irakasle kitxua eta rondero laborari bat presidente bihurrarazi zutenean. Eta, horregatik, presidente karguaren lehen egunetik, konspiratu egin dute boteretik kentzeko, kongresua erabiliz “diziplinatzeko”, bere garaian haien arbasoek zartailua erabiltzen zuten modura . Izan ere, nahiz eta Castillok askotariko kontzesioak egin dizkien, edo are gehiago, kontzesio horiengatik zehazki, boteretsu sentitu dira herri nahia gutxiesteko.

 

Hala ere, Peruko herri mobilizatua nazkatuta dago bere pobreziaren truke ordaintzeaz gutxi batzuen aberastasuna, baita multinazional estatubatuarrei eta europarrei beren herrialdeko aberastasunak sistematikoki entregatzeaz ere. Kaleak hartu ditu herriak, benetako eraldaketa bat eskatzeko. Eraldaketa horretarako, ezinbestean, presidente izatera jolasten duen txotxongilo traidoreak uko egin behar du, eta Biltzar Konstituziogilea ezarri behar da, lotura klasista eta kolonialekin etengo duen bestelako Peru bat eraikitzeko.

 

Herri proiektu horren aurka, indarkeria errepresiogilea lehertu da. Muturreko indarkeria eta legez kontrako Peruko gobernuaren errepresio basatiaren aurreko isiltasun mediatikoa izugarria da; jada dozenaka dira hildakoak. Brasilen kasuan, berriz, alderantziz, ordena indarren pasibotasuna nagusitu da, bolsonaristak Brasilgo instituzio nagusietara sartu zirenean eta txikizioak eragin zituztenean; bide eman zieten bolsonaristei. Neurgailu bikoitz hori ez da berria Abya Yalan, eskuin oligarkikoek estatuaren bitarteko esanguratsuak kontrolatzen baitituzte. Eta, ikusi bezala, herriak ausardiaz erantzuten duenean eta eliteak zuritzen ez dituen presidenteak hautatzen dituenean, ez dute inolako arazorik estatu kolpeak emateko, Bolivian eta Hondurasen gertatu bezala, ezta militarrek “ordena ezar dezatela” eta “gaizki” botatzen duten herriak diziplina ditzatela eskatzeko ere. Hor erakusten dute benetako sena: biolentoak direla, arrazistak, klasistak eta intoleranteak.

 

Nahiz eta kontinentean zehar herri mugimenduek aurrerapenak izan dituzten eta ezker gobernuak ere iritsi diren boterera, eliteek herri prozesuak sabotatzeko behar adina botere izaten jarraitzen dute, eta ezinbestekoa da hori ulertzea. Pobreziaren aurkako eta herri duintasunaren aldeko borrokei dagokienez mende hasieran nolabaiteko hamarkada irabazia izan bazen ere, Lularen, Evoren, Chavezen edo Correaren gobernuek ez zuten lortu eliteen botere ekonomikoaren oinarriak itotzea, ez baitzuten zalantzan jarri ekoizpen bitartekoen jabetza bidegabea. Hau da, iraultza politikoak sistema kapitalistari azpiak jango dizkion benetako iraultza sozialera igaro behar du, eta horrek botere espazioetan langile klaseak eta herri sektoreak egotea eskatzen du. Atsekabetu egiten nau esateak ezker gobernuen azken olatu hau ahulago eta otzanago ageri dela, eta, tamalez, larrutik ordaindu da; herri mobilizazio izugarri bat, odola eta sakrifizioa.

 

Langileak, laborariak, indigenak erailtzen jarraitzen dute balek. Gaur Juliacan, atzo Senkatan eta Sacaban, eta baita Medellingo auzoetan ere. Eta pobreenek uzten dute odola etorkizuna argitzeko; ez da bidezkoa aldaketa estetiko hutsengatik uztea. Edo errotik eraldatzen dira gure herriak katez lotzen dituzten egitura kapitalista eta kolonialak, edo, lehenago edo beranduago, botere ekonomikoaren jabeek, beren armadaz eta aparatu produktiboaren kontrolaz, garaitu egingo gaituzte. Zeren, berniz demokratikopean aurpegi argiki faxista ezkutatzen duen eskuin oligarkiko bati ari gara aurre egiten. Eta, Durruti handiak esango lukeen modura, “faxismoari ez zaio kontra egiten, birrindu egin behar da”.

 

Komunikabideetan:

https://www.argia.eus/albistea/abya-yala-eskuin-faxista-eta-esker-otzana

https://rebelion.org/abya-yala-la-derecha-fascista-y-la-izquierda-domesticada/