Badatoz 2023ko brigadak!
Che Guevara komandanteak elkartasuna herrion arteko xamurtasuna dela esan zuenetik sei hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, inoiz baino agerikoagoa da elkartasun internazionalista herrien arteko ezinbesteko tresna dela. Urte luze hauetan, ehunka izan dira prozesu iraultzaile ezberdinetara joan diren militanteak, borroka moldeak gertutik ezagutu eta bueltan Euskal Herrian, praktika iraultzaile horiek oinarri hartuta, askotariko lanak egin dituztenak Euskal Herriko prozesu iraultzailea bera elikatzeko eta nazioarteko herri langileen borrokei ere ekarpena egiteko.
Internazionalismoa norberaren askapen borroka nazioarteko estrategia batean kokatzea da, zapaltzen gaituen sistema osoa suntsitzeko xedea, alegia, nor bere herriaren mugetatik haratago joatea. Internazionalismoa elkartasuna praktikan jartzea ere bada, eta horren baieztapen nagusia langileriaren askapena buru izango duen praktika bultzatzea da. Euskal Herriko langileriaren askapena nahitaez munduko langileriaren askapenarekin lotuta dago. Euskal Herriko borrokan antolatuta gaudenoi gainontzeko askapen borrokekin batzea dagokigu halabeharrez, hala ez bada, norberaren borrokak ez baitu etorkizunik izango.
Hain zuzen ere, zentzu hori dute brigadek, elkartasun internazionalistari ezin baitzaio begi bakarrez begiratu. Elkartasun internazionalista, munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna emateaz haragoko zerbait da, borroka berean gaudela ulertzea da. Elkartasunak, eraginkorra izan dadin, beste herrien prozesuen garapenerako baldintza errealak sortzen lagundu behar du. Horretan lagundu ezean, elkartasunak ez baitu zentzurik. Eta baldintza horiek sortzeko, geure askapen prozesua elikatzeak eta, era berean, Euskal Herri internazionalista eraikitzeak du sekulako pisua, elkartasuna horrela eraginkortzen delako.
Aurtengo brigadak norabide horretan zentratu nahi ditugu. Brigadisten lana, beraz, Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da. Azken hilabeteetako gertakariek argi utzi dute, beste behin ere, Europar Batasunaren egitura inperialistak apurtu ezean ez dela askapenik izango, horregatik, ezinbestekoa da europako herri langileon arteko harremanak indartzea. Hori dela eta, Europako herriek bizi duten egoera eta ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera joango gara.
Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste. Ekialde Hurbilari dagokionean inperialismoaren eta kolonialismo sionistaren aurkako herri erresistentziak ezagutuko ditugu.
Hori guztia dela eta, aurten elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi dugu zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian egin beharrekoa eta nazioartean egin beharrekoa.
Gaurtik aurrera, eta apirilaren 9a bitarte, brigadetan izena emateko epea zabalik egongo da. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.
Elkartasun internazionalista antolatu!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Hamaika herri, borroka bakarra!