2023KO BRIGADAK: GREZIATIK 1. KRONIKA
GREZIA MODERNOA, SUBORDINAZIO ISTORIO BAT
Historia luzea du Greziar nazioak, baina honen historia modernoa laburtu beharko bagenu, 1829 urtea ezarri beharko genuke, Otomandar inperioarengatik independizatu zen urtea, hain zuzen ere. Denborarekin herrialdearen mugak eta biztanleriaren jatorria aldatuz joan diren arren, ukaezina da bilakaera honetan, greziarrek atzerriko potentziekiko izan duten dependentzia politiko, ekonomiko eta militarra. Ez da kasualitatea beraz, Greziar Erreinuaren lehenengo urteak arautu zituzten hiru alderdiak, Alderdi Errusiarra, Frantsesa eta Ingelesa izatea, bakoitzak ikuspegi politiko propioa izanik ere, heuren jatorrizko herrien interesen alde ekiten zutelarik.
Iraultza liberalen eta nazio estatuen sorreraren mendean zehar, hainbat gerrak eragin handia eduki zuten Greziar Erreinuaren bizitza politikoan, ekialdean zeuden otomandarrak arerio politiko nagusiak izan zirelarik. Garai honetan, greziarrek nabarmen egin zuten aurrera mugen hedapen geografikoari dagokionez.
Kontuan hartu beharra dago XIX mendea industrializazioaren urteak izan zirela Britania Handia, Alemania edota Italiako bezalako herrietan. Europako hainbat erresuma eta errepublikak euren ekonomia modernizatu zuten eta honek klase gizartearen sorrera ekarri zuen. Grezian ordea, oso bestelako garapen sozioekonomikoa gauzatu zen, Europako beste potentzia nagusiekiko dependentzia zela eta, ez baitzen urte haietan zehar inolako industriarik garatu. Horren ondorioz, ez zen sekula Grezian produkzio bitartekoen jabetza eta ekonomiaren gaineko kontrola zuen burgesia nazional indartsurik egituratu, eta horren ordez, norberaren posizio soziala indartu eta kanpoko herrien interesen menpe jardungo zuen aristokrazia baino ez zen existitu.
Venizelos eta Metaxasen moduko politikariek arautu zuten barne mailako politika XX mendean zehar, baina ahultasuna eta beste potentzia batzuekiko menpekotasuna agerikoa zen oraindik ere, eta Lehenengo Mundu Gerra heldu zenean, Otomandarrek ez zuten greziarren neultratasuna onartu. Gerra Handia 1918an bukatu zen, nahiz eta handik hilabete batzuetara Greko-turkiar Guduak egin zuen eztanda. Greziako Erreinua eta sortu berria zen Turkiako Errepublika hiru urtez borrokatzen egon ostean, guda amaierara heldu eta bien artean lurralde eta biztanleriaren banaketa egin zen. Esate baterako, Esmirnako hiriko biztanleria guztia helendarra izanik ere, hiria Turkian mantendu zen, bertako herritar guztiak Greziara bidaliz. Aldi berean, gehiengo islamiarra zeukan mendebaldeko Traziako lurraldea, Greziaren barne gelditu zen eta gobernuak minoria bezala onartu zituen.
Era sakonean aldatu zuen herriaren egunerokotasuna errefuxituen etorrerak. Hirietan auzo berriak eraiki ziren eta auzokideek eragile kultural berriak edota kirol taldeak sortu zituzten. Gainera garai honetan ere, KKE alderdi komunista sortu zen, hurrengo urteetan berebiziko garrantzia edukiko zuena.
Bigarren Mundu Gerra heldu zenean, eta lehenik Gerra Handian gerta bezala, Grezia neutral deklaratu zen. Hala eta guztiz ere, 1940an neutraltasuna mantentzea ezinezko bihurtu zen Italiar faxisten politika espantsionistaren aurrean, eta herriaren nahia ordezkatzen zuen okupazioari "Oxi" (ez) erantzun zion Metaxas diktadoreak Mussoliniri. Ondorioz, ELAren baitan antolatutako erresistentziaren aurrean, Italiarrek ezin izan zuten lurraldea okupatu eta Hitlerren Alemaniak parte hartu behar izan zuen konkista saiakeran. Ejeko potentziek herrialdea modu osoan kontrolatu ezin izan zuten arren, okupazioa ia erabatekoa izan zen eta ageriko sarraskiak burutu zituzten. Agerikoenetakoak Thessalonikiko juduena edota Kokkinia herrian eman zirenak, besteak beste.
Hala eta guztiz ere, Metaxasen urteetan zehar jarraituak izandako komunistak erresistentzia antolatzeko gaiizan ziren EAMen (Askatasun Nazionalaren Frontea) eta honen adar militarraren (ELAS, Askapen Nazionalerako Herri Armada) baitan. Honela, hainbat partisano komunisten borroka sutsuari esker, euren herria Italiarren, Alemaniarren eta Bulgariaren atzaparretatik askatzea lortu zuten.
Behin Gerra bukatuta ostean, Yaltako konferentzian Erresuma Batuari egokitu zitzaion herriaren gaineko kontrola eta kudeaketak sozial, politiko eta ekonomikoa. Honek ikara zuriaren hedapena ekarri zuen, greziar komunista eta sozialisten aurkako errepresio bortitza aurrera eramanez.
Komunisten iritziz, herria ez zen okupazio naziaren amaierarekin askatu, agintarien jatorria aldatu baino ez zela azpimarratzen zuten. Ondorioz, Askapen Nazionalerako Herri Armadaren (ELAS) baitan antolatu eta greziar mendebaldeko mendietan babestu ziren, bertatik Britaniar tiranoen kanporaketa gauzatzeko asmoz. Hasia zen beraz, 1946an, Greziar Gerra Zibila.
Lehengo urtean aurrerapen militarrak esanguratsuak izan ziren arren, bi faktore nagusik eragin zuten ELASen porrotean. Alde batetik, Yugoslavia eta Sobietar Batasunaren zatiketaren ostean, Greziar komunistak Stalinekin lerrokatu eta Titok laguntza militarra ematen jarraitzeari utzi zion. Bestalde, Greziar Armada eta britaniarren ezintasuna ikusita, AEBak gudan militarki parte hartzea erabaki zuten, Napalm bezalako gasak erabiliz.
Gauzak horrela, eta estatu batuarren kontra irabazi ezingo zutela ikusitakoan, ELASeko gudariek Albaniara ihes egitea erabaki zuten 1949an, bertatik Tashkentera (Uzbekistango Errepublika Sozialista Sobietarra) bidaiatuz, asilo eske.
Porrotak alderdi komunistaren ilegalizazioa ekarri zuen eta hauen kontrako mendeku politika sutsua. Urte luzez komunisten borroka eta erresistentzian izandako parte hartzea ezabatuak izan ziren, zilegitasun osoa Armada Nazionalari emanaz. Gainera, AEB, ekialde hurbila kontrolatuta izateko, NATOk erabiliko zituen baseak eraikitzen hasi zen.
Nolabait, 1949an demokraziaren berreskurapena etorri zen, AEBren laguntza zeukan alderdi eskuindarra hauteskunde guztietan gailendu zelarik. Aipatu beharra dago, noski, KKE alderdi komunista legez kanpo zegoela eta alderdi sozialdemokratak apenas zeukala indarrik. Alabaina, komunistak gero eta indar handiagoa eskuratzen ari ziren gazteen artean bereziki, eta Libiako iraultzaren arrakastak domino efektua gauzatzearen beldur, Junta Militarra ezarri zen 1967ko estatu kolpearen bitartez.
Koronelen diktadurak oposizio ezkertiarraren kontrako eraso eta jazarpen sistematikoa gauzatu zuen arren, bi faktore nagusik eragin zuten erregimenaren erorketa. Alde batetik, Atenaseko unibertsitateetako ikasleen altxamendua eman zen 1973an. Bestetik ordea, Koronelek Txipreko presidente zen Makarios IIIren kontrako estatu kolpea antolatu zuen, ondoren, Turkiarrek irlaren iparralde inbaditzeko erabiliko zutena. Ondorioz eta erregimenaren legitimitate falta handia zela eta, 1974an Greziako III Errepublika aldarrikatu eta demokrazia burgesa ezarri zen.
Lehenengo urteetan ezkerreko mugimendu ugarik ez zioten Errepublikari aitortzarik eman eta talde iraultzaile ezberdiak sortu ziren, Azaroak 17 besteak beste. Gainera, aipagarria da ez zela 1981era arte, hau da PASOK alderdi sozialdemokratak hauteskundeak irabazi zituen arte, estatuaren partetik greziar komunisten borrokaren errekonozimendu publiko eta instituzionalik egon. Urte honetan, gainera, Grezia Europar Batasunean sartu zen.
EB baitan sartzeak Greziar estatuaren subordinazio politiko, ekonomiko eta militarra areagotu baino ez zuen egin. Zerbitzu pribatuetan oinarriturik sektorea are eta gehiago indartu zen, lehenengo eta bigarren sektoreen kalterako, eta nola edo hala, Europa iparraldeko herrien opor gunea bilakatu zen. Horretaz gain, aipagarria da 2004ko Olinpiaden prestaketan azpiegitura berriak eraikitzeko inbertsio publiko handiak ere egin zirela. Atenaseko aeroportua greziar hiritarrentzako mesedegarria izan zen arren, beste eraikuntza asko Olinpiadek iraun zuten egunetan baino ez ziren erabili eta egun, azpiegitura horien %10 inguru baino ez dira erabiltzen. Hala ere, talde nazionalek Olinpiadetan egindako paper txukunak, futbol taldeak 2004ko Eurokopa irabazi izanak edota 2005 Eurovisionen lehenengo postua eskuratu izanak, herria euforia kolektibo batean murgilarazi zuen, askok Greziak G20an tokia eduki zezakeela pentsatzera heldu zirelarik.
2009-2019, independentzia eskuratzeko gertu egon ginen urteak
2009an Europar Banku Zentralak herriaren egoera ekonomikoa negargarria zela plazaratu zuen, onartuz azken hamar urteetan Greziak sortu zituen zorrak ezkutatu zirela. Hainbat kreditu agentziek "zabor bono" izendatu zuten greziar estatuaren zorra.
Hurrengo urtean, Europar Batasunak lehenengo Memoranduma ezarri zion Greziari. Ondorioz, zerbitzu publikoen pribatizazio prozesu batean murgildu zen Greziar estatua, herriaren interes kolektiboaren ordez, atzerriko inbertsio funtsen interesak lehenetsiz. Gainera, langileek euren soldaten murriztapen bortitza jasan zuten eta jubilazio urtea atzeratu zen, besteak beste, norbanakoek ordaindu beharreko zergak igotzen ziren bitartean.
Atzeraldi ekonomikoaren eta austeritate politiken erruz, herrialdea %26ko langabezia-tasa izatera pasatu zen (azpimarragarria da gazteen artean kopuru hori %50tik gorakoa izatera iritsi zela) . Horretaz gain, 2,5 milioi greziar inguru pobreziaren mugaren azpitik bizi ziren, egoera honek haurren Greziako haurren % 40ri eta erretiratuen % 45i eragiten zielarik.
Heleniarrek euren zorrak ordaindu ezin izango zituztelakoan, Grexit terminoa erabiltzen hasi ziren komunikabideetan. Egoera politiko eta ekonomiko haren aurrean, biztanleriaren lehengo enfasia amorru bilakatzen hasi zen eta alderdi politiko tradizionalak, PASOK sozialdemokratak batez ere, gizartearen legitimitatea galtzen hasi ziren, pixkanaka Syriza edo Urrezko Egunsentia (alderdi neonazia) gailentzen hasi zirelarik.
Haserrea gero eta handiagoa zen eta mundu osoan zehar ezaguna bihurtu ziren Atenaseko Sintagma plazaren okupazioa, poliziaren kontrako kale borrokak, baita mugimendu faxisten erasoaldien kontrakoak ere. Politika parlamentarioan, gainera, hauteskunde orokorrak behin baino gehiagotan errepikatu behar izan ziren, 2015ean Syriza, austeritatearen aurkako eta Greziaren subironatasun nazionala berreskuratzearen aldeko diskurtso eta erretorika erabiliz, alderdi bozkatuena izatera heldu zenera arte.
Poztasun eta esperantzak ez zuen luze iraun. Tsiprasen gobernu berriak ez zituen bere promesak bete, eta kanpainan zehar zorrari ezetz esango ziotela adieraztetik, zuzenean hasi ziren Troikarekin negoziaketetan. Varoufakis ekonomia ministroaren saiakerek ez zuten arrakastarik eduki eta ondorioz, EBtik kanporatua izateko mehatxua berriro jaso zen. Gainera, hirugarren memorandum baten arriskua zegoen.
Enegarren zemaiaren aurrean, Tsiprasen gobernuak referenduma antolatu zuen ea greziarrek memoranduma onartu ala zorra ordaintzeari uko egiteko prest zeuden jakiteko, honek izan zitzakeen ondorio guztiekin. Paradigmatikoa zirudien arren, gobernuaren aurreikuspena erreferenduma galtzea zen, modu horretan ezer egin ez zitekelaren ardura herritarrengan jartzeko, baina %62ak EBren xantaiaren kontra bozkatu zuen. Entzungor eginez eta beste aukerarik ez zelakoan, Syrizak bigarren memoranduma onartu zuen eta Tsiprasek bere dimisioa aurkeztu.
Nahiz eta egindako traizioak Syrizak, eta orohar ezkerreko politikek, sinesgarritasun osoa galtzea eragin zuen, hurrengo hauteskundeetan Tsipras lehenengo postua mantentzeko gai izan zen. Bigarren memoranduma onartuta eta, printzipioz, krisi ekonomikoa amaierara helduta, beste bi faktorek Greziako ezkerra ostrazismora kondenatuko zuten.
Alde batetik, 2018ko udako suteetan ehundaka hildako egon eta gero, gobernuaren kudeaketa gaitasun eskasa agerian jarri zen. Bestalde, gobernuak Prespako akordioa sinatu zuen Ipar Mazedoniarekin. Akordio horri esker, NATOren Ipar Mazedoniako estatu txotxongiloak Mazedoniako Jugoslaviako Errepublika Ohia izena aldatu eta Ipar Mazedoniako Errepublika izena hartu zuen. Ezkerreko zein eskumako jende askok Greziar nazioari egindako traiziotzat jaso zuen erabakia.
2019eko hauteskundeetan, hamar urtez Troikaren politikei aurre egiten egon zen herriak Demokrazia Berria alderdi demokrata kristauari eman zion garaipena, eta horrekin batera, edozein politika iraultzaile edo eraldatzaile ezartzeko esperantza oro desagertu zen.
Eta orain zer?
Gobernua osatu eta gutxira, COVID19aren birusa zabaldu zen mundu osotik. Itxiera une horretan, ezker mugimendua birkonposizio fase batean murgildurik zegoen, aurreko urteetako akatsak aztertu, ziklo politiko berrira egokituko zen estrategia diseinatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, herri langilearen aitortza osoa galdurik zuen eta eskuin muturra berdina egiten hasia zen.
Mitsotakis ez zen gai izan COVIDaren aurkako politikak eraginkortasunez ezartzeko. Europako beste estatuetan gertatu bezala, krisi ekonomiko berri batean murgildu zen herria. Horrez gain, Europar Batasuna greziarren interesei erantzuten ez zien plan ekonomiko zehatza prestatzen hasia zen herrialderako.
Greziako klima mediterranearra baliatuz, Europaren bateria energetiko bilakatu beharko zen Grezia hurrengo urteetan. Gas eta petroleo putzuak ustiatzen zituzten enpresa pribatuek, ekologismoaren eta energia berriztagarrien izenean, eguzki plakez eta parke eolikoz beteko zuten Grezia.
Gainera legislatura gidatuko zuen beste gertaera bat jazo zen. Errusia eta Ukraniaren arteko gerra biziagotu zenean, NATO beldur zen ea erakundeko bigarren armadarik potenteenak, Turkiak, aliatuz aldatuko ote zuen. Horrela, NATOk otomandarren xantaiei men egin eta Suedia onartzeko (gogoratu beharra dago errefuxitu kurduei asilo ematen dien herria dela), erakundearen bileretan Txipreko irlaren izena aldatuko zitzaion, kokatuta dagoen koordenaden ordez.
Turkiarren politika erasokorra ez zen soilik Txipreko irlara mugatu, eta Erdogan presidentea gero eta eragin handiagoa gauzatzen hasi zen Grezia ekialdean kokatuta dagoen Traziako biztanle musulmanengan. Etorkizunean zer gertatuko den ikusteke dago oraindik.
Beraz, agerikoa da Greziako herri langileak bizi duen egoera benetan lazgarria dela, bereziki 2015. urtean Troika, FMI eta Europar Batasunak inposatutako III. Memorandumak suposatu zuen porrot politikoaren ostean. Gaur egun, Greziar estatua inolako burujabetzarik ez duen estatua dela ere ukaezina da, ekonomikoki erabat dependientea eta politikoki zein militarki NATOk eta EBak azpiratua. Aldi berean, ezin uler daiteke eskuin muturraren gorakada greziar hauteskundeetan, herri langileak Syrizarengan jarritako esperantza eta alderdi-koalizioak herriak erreferendumean hartutako errespetatu beharrean, kapitalaren xantaiari men egin ziola kontuan hartu gabe. Honek halaber, ezkerreko mugimenduen erreferentzialtasun eta hegemoniaren galera nabarmena ekarri du berekin, nolabait eraldaketa prozesuen motor nagusi izatetik, ezkerreko alternatibarekiko esperantza eza eta desatxikimendua nagusitu baitzen.
Hala eta guztiz ere, ukaezina da oraindik tokian toki hamaika antolakunde, herri egitura eta mugimendu sozial bizirik ikus daitezkeela, Greziaren askapen sozial zein nazionalaren alde borrokan diharduen herri duin bat topatu dugula: NATOren kontra borrokatzen duena, berreskuratutako lantoki eta kooperatibetan antolatzen dena, langile mugimendua artikulatzen duena, faxismoari aurre egiten diona, gune autogestionatuetan erresistitzen duena edota mugimendu ekologista antikapitalistaren bitartez lurraldearen defentsan murgildurik dagoena.
Esan bezala, garaipena hain gertu ikusi zuen ezker iraultzailea hasia da dagoeneko Greziako subiranotasun politiko eta ekonomikoa berreskuratzeko askapen prozesuaren estrategia diseinatzen. Hurrengo urteetan, lan eginez eta konpromisoz soilik lortuko dutena. Bide horretan, atzo bezala etorkizunean ere, gurekin kontatzen jarraitu dezatela.