2023KO BRIGADAK: GREZIATIK 2. KRONIKA
TURISTOKRAZIA
Grezia Europako eta munduko herrialde bisitatuenetako bat da. 10 milioiko biztanleria duen herrialde honek 2022. urtean 27 milioi turista jaso zituen, hau da, ia biztanleriaren hirukoitza. Helburua baina, 2019. urtean lortu ziren datu historiko garaienak berriro lortzea da (31 milioi). Sektore honetako zerbitzuek BPGren % 18 ematen diote nazioari; Atenas hiriburua, Santorini, Mykonos, Rodas, Corfú, Creta eta Calcídica dira herrialdeko helmuga turistiko nagusiak.
Greziako ekonomian nekazaritza ez da oso garrantzitsua izan urte askotan, lur sail txikietan antolatuta baitago landa eremua. Bigarren sektoreari dagokionez, Greziak Lehen Mundu Gerraren ondoren sortutako industria gehienak (eta inoiz ez garatuegiak) Bigarren Mundu Gerran eta hurrengo gerra zibilean suntsitu ziren. Hortaz, hirugarren sektorean oinarritutako ekonomia garatu egin da azken 70 urteetan.
Gaur egungo Greziako turismoa 1960an eta 1970ean hasi zen loratzen, masa-turismoa izenarekin ezagutu zen garaian. Garapen hau ez da kasulitatez ematen; Europar Batasunak berrantolakuntzarako erabiltzen duen garai honetan, Grezia “Europako hondartza” izateko plana diseinatzen du, horrela Greziako herriak botere internazionalekiko duen dependentzia erreproduzituz beste behin ere. Agerikoa da orduztik noren interesetan izan diren herri honetan aurrera eramandako planifikatutako proiektu turistiko guztiak. Kapital atzerritarrek egindako inbertsioetan oinarrituak dira gehienak, eta onura gutxi dakarzkie Greziako herritarrei.
1960ko hamarkadatik aurrera, eskala handiko proiektuak egin ziren hotelak eta beste instalazio batzuk eraikitzeko, eta horrek nazioarteko turisten hazkundea eragin zuen. Nazioarteko ekitaldiek, hala nola 2004ko Olinpiar Jokoek eta 2006ko Eurovision Jaialdiak (Atenasen egin ziren biak), herrialdeko turismoa bultzatzen lagundu zuten neurri handi batean. Azpimarragarria da Olinpiar jokoen prestaketa arintzeko legedia urbanistikoetan aldaketak egin zirela. Gerora ez ziren atzera bota, eta ordutik azpiegiturak eraikitzeko bidea erraztu dute. Bestalde, kultura-azpiegitura handiek, Akropoli Berriko Museo Berriak adibidez, herrialdeko turista-fluxuari lagundu zioten. Bestalde, aipatzekoa da Tesalonika Europako gazteen hiriburua izan zela 2014an.
Aurtengo brigadan zehar, arlo desberdinetan lanean dauden kolektibo zein proiektuekin hitz egiteko aukera eduki dugu, eta uneoro presente egon den gaia izan da, erresistentzia zein herri eraikuntza prozesu guztiak zeharkatzen baititu eredu ekonomiko honek. Hurrengo lerroetan, arlo desberdinetan duen eragina eta honen inguruko hausnarketa batzuk elkarbanatuko ditugu.
ETXEBIZITZA
Greziako azken hamarkadetako egoera ekonomikoa lazgarria dela badakigu. Aurreko kronikan azaldutako menpekotasun horren azken kolpeak izan diren Europar Batasunak ezarritako Memorandumak eta Troikak ezarritako zorrak prekarietate sakonean murgildu ditu greziar langileak.
Gaur egun Greziako langile baten batazbesteko soldata 830€koa da. Eta soldata honekin bizitzea (eta ez bizirautea) zaila izaten da, batez ere hiri eta herri handietan. Inguru hauetan logela bateko etxe baten alokairuaren batazbestekoa 400€koa da, hau da, soldataren %50a (horniketak kontutan hartu gabe).
Etxebizitzaren afera eta turismoaren problematika lotuta daudela ez da gauza berria inorentzat, izan ere ondorio argiena izaten da holako kasuetan. XXI. mendean esponentzialki garatu diren etxebizitza turistikoak eta AirBnBak Greziako eremu guztietara heldu dira, urteotako izurrite bihurtuz, baita haien logika eta baloreak ere. Atzerriko inbertsoreeek bloke osoak erosi eta goitik behera pisu turistiko bihurtzen dituzte, eta etxejabeek etekin ahalik eta handiena ateratzeko holako plataformak erabiltzea nahiago dute alokairu merkatu erregularrean eskaintzea baino.
Datuek hitzek baino argiago hitz egiten dutenez, horra hor zenbaki batzuk: 2017ko hirugarren hiruhilekotik 2023ko lehen hiruhilekora, Greziako etxebizitzen prezioak % 49,3 igo ziren batez beste. Eraikin zahar eta apartamentuen konponketak aitzaki moduan erabiliz, etxebizitza asko gutxienez 2 edo 3-4 aldiz garestiagoak dira orain.
Honen ondorioak? Gauza gutxi berri esateko: prezioen igoera, lan are prekarioagak onartzera behartutak egotea, auzokideak periferiara (eta irlen kasuan irlatik kanpora) joan behar izatea, komunitatearen suntsiketa... Baina batez ere neoliberalismoaren baloreen eta etikaren ezarpena, hiriko eremu guztien ustiapena zein auzokideen bizitzen gainetik norbanakoen aberastea zilegizkoa izatearen sinesmena.
AMA LURRAREN DEFENTSA
Aipatu bezala, 60ko hamarkadatik milaka dira turisten erabilerarako eraikitako azpiegiturak. "Dena barne" hotel handien eraikuntza zonaldeetatik hasi zen prozesu hau, eta gaur egun Greziako zati handia hartzen duen mota guztietatko eraikin, jatetxe, atrakzio, garraio eta beste baliabide anitzen multzoa da. Honek ez du soilik arkitektura eta harremanetan eragina izan, baizik eta Greziak duen aberastasun naturalerako sarraskia gauzatu ere bai.
2000 urtea baino lehen ama lurraren suntsiketa hasita bazegoen ere, urte honetatik aurrera hasten dira ezagutzeko aukera eduki dugun gatazka handienak, Olinpiar jokoetarako aldatutako legeek azpiegituren eraikuntza errazten baitute. Azpiegiturak inolako kontrolik gabe han eta hemen agertuz joan dira.
Kretan proiektu hauen inguruan gehiago jakiteko aukera izan genuen, eta Vanna-k egindako errepaso historiko eta kokapenaren ostean, Kastelliko Maria ezagutu genuen. Bertan eraikitzen ari diren aeroportuari eta kontran antolatzen ari diren borrokari buruz azaldu zigun. Kastelli Heraklionetik 32 Km-ra dagoen herria da, Minoa Pediadako munizipalitatean. Ingurune hau mendiz inguratuta dago eta herri txikietako nekazari eta abeltzainez osatuta dago. Hemen erabaki du gobernuak Heraklioneko aeroportu berria eraikitzea, gaur egungoa hiritik gertuegi dagoela aitzaki. Herriko alkateak azpiegitura honen eraikuntza aukera paregabetzat saldu die herritarrei, gazteentzako lana ekarriko duelakoan eta lurraren erabileragatik etekina ateratzeko bide izango delakoan. Baina Mariak eta inguruan antolatzen ari diren herritarrek argi daukate aeroportuak eta inguruan eraiki beharreko errepide sareak ez direla inolaz ere herritarron mesederako izango, eta 2003. urtean proiektua aurkeztu zenetik horren kontra borrokan daude. Momentura arte lurrari esker bizi ziren komunitate hauek bizitzen duten egoera jasangaitza da, haien mendi eta lursailak ebastearekin batera (haien ura eta olibondoak lapurtzera helduz), haien harremanak, bizi eredu eta errealitatea desagerrarazten ari baitira. Hori gutxi balitz bezala, azpiegitura hau eraikitzeko Europako Bankuari 150 milioi € eskatu zaizkie, eta Greziarrek ondo dakite zein nekeza den holakoak bueltatzea eta nork daraman bizkarrean maileguaren pisua.
Kastelliko aeroportua ez da adibide bakarra, ehunka dira Grezia osoan zehar turismoaren eta kapitalisten aurrean antolatzen ari diren herritarrak. Mariak esaten duen bezala “Nola deitu ahal zaio hazkundea, heriotza bidez egiten denari?”
Horregatik han eta hemen topatu daitezke uraren pribatizazioaren kontra antolatzen ari diren herritarrak, urtero ematen diren suteen aurrean neurriak hartzeko eskatzen duten taldeak edo herri honetako baliabide eta paisaia naturalak babesteko egunero lanean dabiltzatenak. Halaber, komununitate guzti hauek turismoak dakarren beste ondorio bat jasaten dute antolakuntzarako momentuan. Herritarrak ihes egitera kondenatuak topatzen direnean, aldi baterako turistez ordezkatuak izaten dira komunitateak, eta zaila izan da horrelakoetan lurrarekiko atxikimendua izatea eta hortaz lurraren defentsan komunitate politikoa antolatzea.
Guzti honek nahitaez turismoaren oinarritutako ekonomia eta borroka ekologista aurrez aurre jartzen ditu. Gobernutik lehen sektorean inbertitzea garestia eta geldoa dela eta hirugarren sektorean azkarra eta herriarentzako mesede izango delaren mezua helarazten duen bitartean, Greziako lan eremuko herritarrak tinko mantentzen dira ama lurraren defentsan.
IDENTITATEA ETA KOMUNITATEA
Greziako herriarentzako askapen nazional zein soziala guztiz baldintzatu eta oztopatzen duen sistema da kapital transnazionalek diseinatutako eredu ekonomiko hau. Argi dago lehenengo eta bigarren sektoreak guztiz suntsituta dituen herri batek nekez garaituko duela jadanik estrukturala den Europar Batasunarekiko zein NATOrekiko dependentzia.
Azken ziklo politikoak definitzen duen etsipenak eta hilabetez hilabete bizirauteko zailtasunek amatarazi egiten dute gurpil zoro honetatik irtetzeko itxaropena. Langileen lagabezi tasa jeitseko aukera bakarra hirugarren sektorean eta turismoan lanpostuak sortzea da, hauek lan baldintza prekarioak (soldata baxuak, denboraldizkoak…) eta ekonomia transnazionalagatik guztiz baldintzatutak direlarik.
Guzti honen ondorioz, Greziako herriaren komunitate eta identitatea eraldatzen joan da; gaur egun, haien burua “zerbitzuen herritzat" identifikatzera heldu dira. Gobernutik inbertsio ekonomikoaz haratago, inbertsio kutural eta intelektual handia egiten dute, herritarrak balio hauetan hezteko, historia propioa eta memoria historikoa alboratuz.
Honen adibide da Greziar kulturaren folklorizazio hutsa diren atzerritarrentzako prestatutako museo, konexio, atrakzio eta estimuluz beteriko txokoak kontrajartzen diren guztiz baztertutako memoria historikoari eskeinitako moumentu eta museoak. Azken hauek ezagutzeko aukera izan dugu brigadan zehar, Kokkinia, Grammos eta Viannoseko herrietan. Bertan jasotako gertakari historikoen omenez eraikitako monumentu eta museoetan instituzioen utzikeria agerikoa da eta militante, auzokide eta herri mugimenduari esker funtzionatzen dute.
HURRENGO HAMARKADETAN…
Beraz, turismo sektorean oinarritzen den eredu ekonomiko hau Greziar herriaren interesei guztiz kontrajarria dela argi dago, eta argudio erromantiko eta abstraktuetatik haratago, integralki greziar langile klase osoa zeharkatzen duten gai honi heldu beharko diote haien askapen prozesua abiatzeko; dena den, argi izanda atzerritarren kontrako gudu bat ez dela, baizik eta klase borrokaren baitan eman beharreko pausua dela lapurtutako lurra eta kultura berreskuratzea.
Bitartean, Europar Batasunetik duela 70 urte abian jarri zuten prozesu honen garapen esponentzialak bere punturik gorena jo duela ulertu du, eta ustiatu, espekulatu eta aberasteko eremu berriak arakatzen ari dira. Horrela izanda, orain arte “Europako hondartza” izan dena, “Europako bateria” izatea da hurrengo urratsa, eta hau lortzeko hamaika zentral hidroelektriko, eguzki plaka eta haize-erroten eraikuntzarako proiektuak jadanik martxan jarri dituzte.
Kronika batetan jasotako eta hasunartutako guztia isladatzea ezinezkoa denez, galdera batzuekin bukatuko dugu testu hau, brigadak diren hartu-eman ariketarako eta gure herrian eztabaidak zabaltzeko balio dezaketenak.
Posiblea al da turismo jasangarri eredu bat? Herri langilearen interesei erantzuten dion turismo eredurik ba al dago? Nola heldu Euskal Herrian “diru errez”aren logikan gero eta gehiago hedatzen ari den eredu honeri? Posible al da borroka sektorial moduan erantzutea arazo honi? Nola integratuko dugu borroka hau gure taktika eta estrategian?