2023KO BRIGADAK: VENEZUELATIK 2. KRONIKA
KOMUNA ALA EZER EZ – Che Guevararen komunaren esperientzia
Venezuelako iraultza sozialistari buruz hitz egiterako orduan, komunak dira klabeetako bat. Chavez 1999an bihurtu zen presidente eta hasieratik izan zuen oso argi herri botereak izan behar zuen garrantzia sozialismoa eraikitzerako orduan. Komunak dira, beraz, herri boterea artikulatzeko oinarrizko unitateak. Herri antolatuak Estatuaren administrazioan parte har dezan, eta era berean, burujabetza irabazi eta Estatuarekiko menpekotasun gutxiago izan dezan, nolabaiteko Estatu paralelo bat eraikiz. Komunak milaka pertsonaz osatuak egon daitezke, eta beraz, hauek antolatzeko egiturak garrantzi handia dauka, kontseilu komunaletako asanbladak izanik erabakiak hartzeko instantziarik gorenak.
"Gogora dezagun sozialismoa espiritu bat baino ez dela hasiera batean. Hortaz, premiazkoa dugu proiektu sozialistari oinarri materiala ematen hastea. Horretarako komunen frontean, herri-boterearen estrukturetan, langile mugimenduetan... masiboki sartu behar gara." Hugo Chavez (2008)
Iraultzaren lehen urteetan zeuden antolakuntza komunitarioetatik urrunago joateko asmoz, 2009an kontseilu komunalen legea sortu zen, herri eta auzoetako herriaren oinarrizko antolakuntza guneak eratzeko. Hauek asanblada bidez funtzionatzen dute, eta horiek dira erabakigune nagusiak. Kontseilu komunalek elkartu eta komuna bat osatzea erabaki dezakete eta maila bat goragoko instantzia sortu, helburua, Estatu edo jendarte komunalera iristea izanik.
Herritarrek hautaturiko bozeramaileek kontseilu komunaletako erabakiak komunara eramaten dituzte eta bertan adostu. Herri boterearen, kontseilu komunalen eta komunen legeek oinarri juridiko indartsua ematen diete egitura hauei eta bertan harturiko erabakiei.
"Kontseilu komunalak, demokrazia parte hartzaile eta protagonikoaren markoan, herritarrak, antolakunde komunitarioak, herri mugimenduak eta mugimendu sozialak parte hartzeko, artikulatzeko eta integratzeko instantziak dira. Herriari ahalbidetzen diote gobernu komunitarioa eratzea eta beren beharren, potentzialen eta asmoen araberako politika publikoak eta proiektuak kudeatzea, jendarte eredu sozialista eraikitzeko bidean, berdintasuna ekitatea eta justizia soziala oinarritzat hartuz." Kontseilu komunalei buruzko lege organikoa, 2. artikulua
Gaur egun, 47.000 kontseilu komunal daude erregistratuta (estimatzen da guztira 50.000 komunitate daudela Estatu osoan, hau da, elkarrekin bizitzeko tradizioa duten herritar taldeak), baina den-denak ez daude aktibo eta ez dira funtzionatzen ari. Kontseilu komunalen %60 komuna batean integratua dago (3.700 komuna daude guztira).
Kontseilu komunalak, hasiera batean, Estatuaren errekurtsoak kudeatzeko sortu ziren, petrolioaren errentatik zetorren diru zama beren beharretara bideratzeko, azpiegituretara eta zerbitzuen arlora batez ere (bideak konpontzeko, osasun zentroak eta eskolak eraikitzeko...), baina geroz eta komuna gehiago jabetza sozial komunaleko ekoizpen unitateak sortzen ari dira, beren kabuz finantzatzeko asanbladan erabakitako proiektuak, ekonomia dibertsifikatuz eta gobernuarekiko dependentzia txikituz, egun batean Estatu burgesaren eredua gainditzea helburu izanda. Horren adibide dugu Che Guevara Komuna Sozialista, botere komunalaren eraikuntzan abangoardia eta Union Komunera egitura berriaren sortzaileetako bat.
Historia
Meridako Estatuan, zehazki Tucani udalerrian eta Mesa de Julia herrian, Che Guevara Komuna Sozialista aurkitzen da. Andeetako magalean, historikoki kakaoa landatu izan den zonalde batean dago, nahiz eta beranduago azukre kanabera, anana eta kafea ere sartu duten. Venezuela eta Kolonbiako mugatik gertu egonda, migrazioak markatutako eremu batean dago, eta komunetako kideen artean sustrai Kolonbiarrak dituztenak daude, baita Kolonbiatik arrazoi politikoengatik ihes egin behar izan dutenak ere.
2010-2011 urteen artean ekin zioten komuna sortzeari, eta azkenik, 2013. urtean, Chavezen heriotzaren ondoren, lortu zuten komuna Fundacomunal-en (komunak administratzen dituen Estatuko erakundea) erregistratzea. Hasieran 10 kontseilu komunalek osatzen bazuten ere, gaur egun 14 kontseiluk osatzen dute, eta 1562 familia bizi dira bertan.
Colimir Colinas de Mirador Kooperatiba
Mendietan gora, Mesa Juliako goiko partean, itsasotik 700 metrotan dago kokatua kooperatiba. Kafea prozesatzeko planta mekanizatu bat eta zonaldean kafearen kalitatea eta ekoizpena hobetzeko bibero bat daukate.
Kooperatibaren sorrera komuna baino lehenagokoa da eta fase ezberdinak pasatu izan dituzte. Batzuentzat Estatutik finantziazioa jasotzeko bide bat ikusten zuten bitartean, beste batzuek kooperatiban apustu estrategiko bat ikusten zuten gizarte berri baterantz bidean produkzio antolakuntza kolektiboak sustatzeko, eta honek zenbait bazkide galtzea ekarri zuen. Bestalde, Estatutik finantziazioa jaso izan duten arren proiektu ezberdinak garatu ahal izateko, hainbatetan talkak izan dituzte kooperatibaren autogestioa defendatzeko Estatuak esku hartu nahi izan duenean, baina beti lortu dute autonomia defendatzea.
Astelehenero lan kolektiboa egiten dute bertan dauden familia guztien artean eta arratsaldean asanblada egiten dute, hori izanik erabakigune nagusia. Hezkuntza, industria, idazkaritza, finantzak, proiektuak eta kontraloria arloak dituzte asanbladaren azpitik.
Gainera, garrantzitsua da komunaren bizitza kalitatea hobetzea eta bertako nekazariei makinak eskaintzen dizkiete, %30eko deskontua izanik kooperatibako bazkide direnak, bitartekari pribatuak ekidite aldera. Hezkuntza eta ososaun arloetan ere saiatzen ari dira ekarpenak egiten kooperatibatik, komunitatea indartzeko.
Argi dute halere kooperatibak dituen muga eta kontraesanak, baina hazi bat erein dute, gutxinaka loratuko dena hurrengo belaunaldiek erreleboa hartu eta sozialismoa eraikitzerako bidean jarraitzen badute.
EPS (Empresa de Propiedad Social) Che Guevara
Jabetza kolektiboan eta gestio demokratikoan oinarrituta, kakaoa prozesatzeko eta txokolate hautsa eta tabletak ekoizteko planta sortu zuen komunak 2014ean, herrialdeko lehenengoetako bat izanik. Prozesu produktiboak demokratizatzera bidean, helburuak maila lokalean kakaoaren landaketa eta txokolatea produzitzeko azpiegitura industriala eskaintzea da. 18 langilez osatua dago eta lau eremutan dago banatua: administrazioa, produkzioaren gestioa, formakuntza eta kontraloria. Erabaki garrantzitsuenak langile guztiek osatutako asanbladan hartzen dira, eta astean 1300kg ekoizteko gaitasuna daukate.
Hala ere, kideek argi daukate produkzio kate osoaren kontrola ez duten bitartean, eta bitartekarien menpekotasunak jarraitzen duen bitartean produkzio bideak ez direla guztiz langileen esku egongo, eta garrantzi handia ematen diote zentzu honetan aurrerapausoak emateari. Horrez gain, produktuen salmenaren parte bat beste komunetako produktuetan kobratzearen ideia daukate, merkatuarekiko independentzia irabazteko eta ekonomia komunalaren sarea indartzeko.
Krisi kapitalista eta blokeo inperialistaren eragina
AEB-k 2017tik aurrera jarritako finantza santzioek eta 2019ko petrolioaren enbargoak kalte izugarria eragin diote Venezuelako herriari, eta komunan ere ikus daitezke eraginak. Petroliotik lortutako erregaien faltak edota honen prezioaren garestitzeak zailtasun handiak suposatzen dute nekazari txikien eremu batean. Uzta produkzio komunaleko plantetara ezin eraman, bitartekariek egoera aprobetxatzen dute eta nekazariei prezio merkean erosten diete, zaurgarritasun egoera aprobetxatuz. Erregaien prezioen igoerak ekoizpen kostuak igotzen ditu, makineriaren mantenimendurako intsumoak falta izan dira eta argi mozketek produkzioa gelditzea eragiten du maiz.
Hala ere, kideek sormen handiz egin diete aurre inperialismoaren erasoen ondorioei, soluzio herrikoi eta subiranoez aurrera ateraz. Horren adibide dira erregai moduan kafe aleen oskola erabili izana, konposta egiteko kakao aleen azala erabiltzea, eguzki lehorgailuak sortzea kafea eta kakoa sikatzeko...
Komunen etorkizuna
Chavezek "Komuna ala ezer ez" zihoenean, benetan sozialismoa eraikitzeko modua zela uste zuelako zen. Eta argi zuen hori zela bidea Estatu burges zaharra deuseztatzeko botere komunal berritik. Gaur egun ordea, Chavismoa oso anitz da eta badago lehia eta kontraesan bat Estatu zaharrak daukan boterea eta botere komunalaren artean. Gainera, inperialismoa eta barne burgesia daukate etsai. Datorren urteetan ikusiko dugu norantza egiten duen indar korrelazioak, baina guk gertutik ikusi ahal izan dugu Chavezen ideiak azkeneraino eramateko prest dagoen indar militante ikaragarria.