MAIATZAK 1. Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere.

Gaur, maiatzaren lehenean, langile klasearen nazioarteko egunean, Askapenatik hurrengo mezua helarazi nahi diogu munduko proletargo eta herri langileei: Burgesia eta inperialismoaren aurkako antolakuntza eta borroka inoiz baina garrantzitsu eta premiazkoagoa da. Krisi kapitalista, eskubide politiko eta sozialen murrizketak, gerra, mundu mailako ofentsiba inperialista, faxismoaren gorakada... Proletargoaren eta herri langileen aurkako ofentsiba inperialista orokor baten aurrean aurkitzen gara. Ofentsiba inperialista hori langile klase eta herrien etorkizuna baldintzatuko duen eszenatokira zuzenduta dago: gerra inperialistara. Azken urte eta hilabete hauetan, burgesia atlantista eta bere tresna armatua, NATO, mundu mailako gerra orokor baterako prestatzen ari dira, Txina eta Errusiaren aurkako gerra nuklear orokorra. Gaur gaurkoz, gerra eszenatokia ez da etorkizuneko balizko hipotesi bat, hasita dagoen prozesua baizik. Gerra dagoeneko hemen dago, eta hala erakusten dute NATOren aurrekontuen igoerek, mendebaldeko ekonomien eraldaketa prozesuak (gerra ekonomia baterantz zuzenduta), eta Europako kasuan, agintarien gerra diskurtsoek, hala nola Europar Batasunak martxan jarritako “Defentsarako Inbertsio Programa”. Gerra eszenatoki hori klase arteko guda bezala ulertu behar dugu: burgesiak langile klasearen aurkako gerra orokorra martxan jarri du. Gerra klaseen arteko lehia bat da, berau sortzen eta posible egiten duten iturburuengatik, baina baita honek sortzen dituen ondorioengatik. Arrazoiei dagokienez, ulertu behar da guztiaren aurretik gerra krisi kapitalistaren aurkako erantzuna dela, irabazi tasaren beherakada arintzeko tresna baita (metatze-prozesu militarizatuaren bidez). Hau da, gaur egun, gerra inperialista duela urte batzuetatik hona kapitalismoak duen beheralditik irtetzeko beharrezko tresna da. Gerra inperialista klase arteko gerra ere bada, eta bereziki, berau sortzen dituen arrazoiei begiratzen badiegu. Izan ere, gerra proletargoak eta langile klaseak ordainduko du: miseria, alienazio eta heriotza gehiagorekin. Gerraren ondorioak, gutxienez, ondorengo hiru arlotan pairatuko ditugu (ekonomikoa, ideologikoa eta militarra): alde batetik, gerra inperialistak langile klasearen pobretzea eta proletarizazio handiagoa eragingo du, gerra keynesianismoak eta ekonomiaren logika militarrak eraginda; bestetik, langile klasearen atxikitze ideologikoa eta gizartearen militarizazioa lortzeko ofentsiba kulturala jarriko dute martxan; eta azkenik, proletargoa burgesiaren interesak eta gaur egungo munduaren banaketa inperialista defendatzen hiltzeko soldadu gisa bidaliko dute gerrara. Horregatik guztiagatik, maiatzaren lehen honetan, gerra inperialista eta ofentsiba kapitalistaren aurrean, munduko herri langileen eta prolertagoaren antolakuntzaren beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. Internazionalismoaren bidez, mundu mailako klase arteko guda antolatu eta berriz ere martxan jartzeko; mundu mailako ofentsiba kapitalista eta inperialistaren aurrean, borroka antiinperialistak ere nazioartekoa izan behar duelako. Horretarako, ez gara ezerezetik hasten. Borrokaren berregituraketa hori hasia da dagoeneko: inperialismoaren aurkako erresistentziatik ofentsibara igaro den Hegoalde globala daukagu. Klase arteko gudaren ziklo berria zabaldu du Hegoalde globalak, inperialismoaren aurrean askapen nazional eta soziala oinarri duen zikloa: entitate sionistaren aurkako palestinarren erresistentzia (“Erresistentziarako Ardatzak” babestuta); mundu mailako merkatu eta komertzioa xakean jarri duten Yemen eta huitiak; askatasun nazionalerako borrokaren bidez, NATO eta faxismoaren aurka 10 urtez borroka daraman Donbasseko herria; Turkiaren aurka borrokan dagoen herri kurdua; Abya Yalako herri langileak, herri antolakuntzaren eta egitura komunalen bidez gerra ekonomiko, kultural eta para-militarraren aurka erresistentzian daudenak; eta Saheleko herriak, inperialismoaren aurkako prozesu dekolonizatzailea martxan jarri dutenak, Afrikako herri langileen askatasunerako oinarriak jartzen ari direnak. Koiuntura honen aurrean, zein da Europako, eta bereziki Euskal Herriko proletargoaren papera? Euskal Herritik -espainiar eta frantziar estatuek, zein Europar Batasunak zapaldutako herria garen heinean- borroka berrabiarazteko momentu historikoa aztertzen jakin behar dugu, bi norabideetan: nazio askapen borroka eta borroka internazionalista (dialektika beraren bi elementu bezala). Euskal Herriko independentzia eta sozialismorako borroka gainontzeko askatasun nazional eta sozialerako mugimenduekin uztartu behar dugu, alde batetik, borroka marko antiinperialista berrian gure borroka propioa txertatuz, eta bestetik, borroka antiinperialista orokorrean Euskal Herriko askatasunak eragin dezakeen ekarpena ulertuz. Euskal Herriko independentzia eta sozialismorako borrokak bloke atlantistaren ahultzea dakar, batetik, espainiar eta frantziar estatuen desagerpenerako pitzadura posiblea baita, eta bestetik, haustura gisa EBren bihotzean, eta, ondorioz, Mendebalde kolektiboan. Euskal Herriaren askatasunaren borroka hori, marko zabalagoan kokatu behar da, Europa mailako mugimendu internazionalista berri baten baitan, alegia. Gerra eta inperialismoaren aurkako masa zabala antolatu behar dugu, baita NATO eta EBren aurkakoa ere, horiek baitira Europako kapitalaren tresna militar eta politikoak. Argia izan behar dugu gerra inperialistaren aurkaria ez dela bakezaletasun abstraktua, ez delako bakerik izango kapitalaren diktadurapean gauden bitartean. Gerra inperialistaren aurkakoa eta antagonikoa guda zibil iraultzailea da. Horregatik guztiagatik, testuaren hasierara itzuli behar gara: batu gaitezen munduko proletargo eta herri langileok. Batu gaitezen ofentsiba kapitalistaren aurka, batu gaitezen gerra inperialistaren aurka, batu gaitezen NATO eta EBren aurka guda zibila deklaratzeko. Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere.