Palestinagatik Palestinarekin

Unaiz Vázquez-GAUR8

Mundu osoan ari dira Palestinaren aldeko mobilizazioak egiten. Oso jendetsuak. Ondo.

Euskal Herrian izan diren mobilizazio gehien-gehienak Israeli boikot egiteko aldarriarekin egin dira. Oso ondo.

Beroan mobilizatzera garamatzan elkartasun sentimendua boikot ekimenak behar duen eguneroko lanetara bideratzen dugunean... orduan bai ederki!

Izan ere, sionistek Gazako sarraskia bukatutzat ematen dutenean, Palestinak okupatuta segiko du, 5 miloi pasa errefuxiatuk beren etxeetatik urrun segiko dute, lotsaren harresia gehiago luzatuko da, kolonia sionistak perretxikoak udazken umelean bezala haziko dira, preso palestinarrak akabatze-espetxeetan akabatuko dira, bizitzaren arbolak diren olibondoek milaka urteetan zabaldutuko erroak lurretik erauziko dituzte heriotzaren makina sionistek.

 

 

Boikota: ez gara nekatuko Palestinatik beren aldeko elkartasuna molde horretan bideratzera eskatzen digutela errepikatzen, eta Sudafrikako apartheid erregimenari nolako kaltea egin zion mundu mailako boikot kanpainak gogorarazten.

Bi urte joan dira Israeli boikot euskal ekimena abiatu zenetik, eta zorionez, orain bi urte askok ezinezko eta gehiegizkotzat jotzen zutena egun indarrak irabazten doan errealitate bizia da.

Ez izan dudarik, mundu zabalean Israeleko presentziari boikot egitea nagusitzen denean palestinarrak beren lurretik, etxeetatik eta justiziatik gertuago egongo dira.

Palestinagatik Palestinarekin aritzean Euskal Herria internazionalista eraikitzen dugu, eta herrien mundutik gertuago kokatzen ditugu Palestina, Euskal Herria, Kolonbia, Sardinia, Kurdistan...

Azken aldian, ordea, elkartasuna mehatxupean dago eta horregatik “Internazionalismoa Aurrera” lelopean Askapenak Bilbon Urtarrilaren 31n deitu duen nazio manifestazioan parte hartzea ezin garrantzitsuagoa da.

Inperialismoari Euskal Herrian internazionalista asko lanean ari garela erakusti behar diogu. Irrifartsu baina hortzak erakutsiz.