Jatorrizko herrien orena

Pan amazoniari dedikaturiko egunean, jatorrizko herriek foroaren etorkizuna lideratzeko gogoa erakutsi dute

Gaurkoa, egun berezia izan da foroaren programazioan. Pan amazoniako herrien egunak gainontzeko gune guztiak gelditu eta foroa jatorrizko herriei begira jarri du. Baina jatorrizko herriak ez dira begiratzera mugatu. Diskurtso argi eta zuzenarekin foroaren etorkizunari enbite argia bidali diote: etorri dira, eta hemendik agenda politiko konkretu batekin atera nahi dute, ama lurraren defentsatik hasi eta herri eskubideen onarpenera iritsi nahi duen agenda argi batekin.

argazki galeria

herrien eskubide kolektiboen espazioaren webgunea

karparen programa

Jatorrizko herrien presentzia, eta Amazoniako jatorrizko herrien problematikaren zentralitateak, Kontseilu internazionalak hartutako erabakiari erantzuten dio. Foroaren egitura zabaldu eta beste mundu baten eraikuntza subjektu izan nahi duen foroaren errepresentatibitatea handitzea du helburu. Eta munduko ahaztuen gainean eraiki errepresentatibitate hori.

 

Jatorrizko herrien hainbat zutabe abiatu ziren duela aste bete Belem helburu. Alto Solimoes, ohian zentrala, guiana-amazonia-Venezuela... bide luzea egin ostean ahots propioz, eta hamarnaka kolorez jantzi dute Belem. Eta haiek izan dira foroaren bigarren egun honen protagonista nagusi eta bakarrak.

 

Iritsi, eta gaurko eguna hasteko ongi etorria eman diete gainontzeko herri eta mugimenduetako ordezkariei. Eskenatoki gainean, andeetako, Amazoniako... herriak, taula parean begira milaka pertsona, eta banan bana hamar eztabaida lerroetako ordezkariak pasatzen joan dira taula gainetik, herri hauetako ordezkarien ongi etorria jasotzen.

 

Haien artean, eta Faruk Doruk kurduaren tomir instrumentu tradizionalaren doinuaz, eskubide kolektiboen karpako ordezkariak, eta euskal delegazioko ordezkariak ere pasa dira.

 

Baina ongi etorriaz haratago eta CAOI (Coordinadora Andina de Organizaciones Indígenas)ko ordezkari Rodrigo Montoyaren hitzetan argiki ikusi denez, herriok ez dute Belemerako bidea oporretan egoteko egin. Haien bokazioa argia da, eta foroaren momentu kritikoaren isla dauka oinarrian.

 

Bertan kokatu da eskubide kolektiboen karparen aldarria ere: euskal herriko, kurdistango, palestinako, etab-eko delegazioak atzean zituela, Carles Riera Ciemeneko ordezkariak eskenatoki nagusian autodeterminazio eskubidearen aldeko mezua zabaldu die bertan bilduko milaka pertsonei

 

Jatorrizko herriek, herri eskubideetan oinarri hartu, garapen eredu alternatibo bat helburu, eta foroa tresna izan nahi duen programa politiko argi batekin aurkeztu dute haien burua gaurko egunean. Batasun zabalak landu dituzte aurrez, eta enbitea argia izan da. Nabari da foroak serio hartu duela. Baita ere haien posizioa kolokan ikusi duten sektore inmobilisten eskutik. Hauek, ATTACK edo IBASE, foroaren sortzaileen artean egonik ez dute aldaketaren beharra ulertzen eta ireki daitekeen norabide berriarekiko eszeptikoak dira.

 

Ikusi beharko da zer ateratzen den, baina argi dago, behintzat, foroan ireki daitekeen eztabaida eztabaida lerro interesgarriak sortzen ari dela. Eta herriok posizio onean abiatzen dugula eztabaida. Bihar, Herrien eskubide kolektiboen karpak abiatzen du bidea, eta eztabaida honek erdigunea izango du programazio osoan zehar. Beste bultzada bat da, beste foro posible hori izaten hasi dadin. Ikusiko ditugu emaitzak.