Brasildik mundurako ikasgaiak
Belemen ospatu berri den Munduko Jendarte Foroaren azken edizioan aldaketak nabaritu dira. Foroaren prozedurak 9 urtetako bidea egin du. Baina Amazoniara, oinarrizko kontraesan bati erantzun ezinik zetorren. Mundu mailako espazio honek, logika eurozentrikotik definitzen zituen bere edukiak. Eta prozesuaren metodologiak Europan edo Afrikan duen erabilgarritasun politikoa jartzen zuen eztabaidan.
Herrien mundurantz: autodeterminazioa
Egoera honetan, ukaturiko nazio eta jatorrizko herrietatik bultzaturiko agenda politikoak eragin handia izan du. Autodeterminazio eskubidearen aldarria presente izan da. Aldarriaren bozeramaileak, eskenatoki politikora sartu nahi duten subjektu berriak izan dira eta foroaren zutabe hegemonikoak mugitzera behartu dute.
Errealitate honen baitan ulertu behar da Palestinaren auziak izandako oihartzuna. Asanbladen asanbladan Israel estatu terroristari boikota egiteko deialdia askoren ahotan entzun zen. Baina Gazako gertakariei loturiko erantzuna izanik, haren sendotasuna oso eztabaidagarria da. Zibilizazioaren krisiaren foroak eta Eskubide kolektiboen karpak kokatu ditu gai hauek agendaren erdigunean.
Bertan eztabaidaren subjektuak herri eta nazioak izan dira. Haiekin batera, Boaventura da Souza, Emir Sader, Candido Grzybowski edo Iñaki Gil De San Vicente bezalako intelektualek ere parte hartu dute, eta ezberdintasunen gainetik, foroetan ikusezina zen errealitate baten ikusgarritasuna indartu dute.
Lehen eztabaida “identitatea, lurra eta lurraldea” kontzeptuen gainean eraiki da. Auzi hau oinarrizkoa zaie nazio ukatu zein jatorrizko herriei. Identitate kolektiboen biodibertsitatea, merkantilismo kapitalistaren ukatzea, erresistentzia eskubidea eta herrien eta nazioen existentziaren aldarrikapena izan dira adostasunaren terminoak.
Bigarren eztabaidak aukerak eraikitzeko tresna izan du erdigunean, hots, estatua. Bi jarrera nagusi nabarmendu dira: nazio bakarreko estatua eta nazio anitzeko estatua. Egon dira ere erromantizismo mistikotik estatua bere horretan errefusatu duten sektoreak. Baina aho bateko aldarria izan da, identitate kolektibo eta autodeterminatuen gainean eraikitako estatuaren beharrezkotasuna.
Lehen urrats bat baino ez da izan. Ukaturiko herriei dagokienez kontuan hartu behar dira espazio honetan egondako aurrekariak. Jatorrizko herriei dagokienez, haietaz indartu den ikuspegi folklorikoaren jakitun izan behar den moduan. Foroen prozeduran badira denbora luzez hegemonikoak izan diren sektoreak. Berauek jatorrizko herrien diskurtsoa edukirik gabe uzteko saialdi ugari egin dituzte, bai eta estaturik gabeko nazioak baztertzekoak ere. Hortaz, bidearen hasieratik nabarmentzen dira espazio honek dituen aukera eta arriskuak.
Estatu buruen presentzia.
Beste alde batetik, presidente buruen presentziaren inguruko polemikak argazki deigarriak utzi ditu oroimenerako. Eta egun hauetan ospatzen ari den Nazioarteko Kontseilurako giroa dezente berotu du.
Venezuela, Brasil, Ekuador, Bolivia eta Paraguayko presidenteen parte hartzea, serial baten moduan gauzatzen joan da. Lehen ekitaldian, MST (Movimiento de los sin tierra) izan zen aktore nagusia. Ignazio Lula da Silva aldiz ausentzia nabarmenena. Brasilgo mugimenduak Brasilgo estatuburua kanpoan uzteak logika bikoitz bati erantzuten zion.
Alde batetik, MST eta PTren arteko ezberdintasun politikoen isla da. Foroa Brasilen egiteak bertako errealitate politikora lotzen du. Baina kontinentearen ikuspegitik, hainbat sektoreren desadostasuna adierazteko modu bat ere izan da. Lulak bere posizioa indartzeko erabili du aurtengo edizioa. Hori ukaezina da. Aurrekontuaren parte handi bat gobernutik etorri dela kontuan hartuz, harritu beharko ez lukeen errealitatea, behinik behin. Baina horren aurrean MSTren bidez errebelatu direnak, erreferente politikoa Venezuelan, Bolivian edo Kuban aurkitzen duten horiek dira.
Erreakzioa tamainakoa izan zen. IBASE institutuak antolaturik, lau presidenteak gehi Brasil biltzen zituen ekitaldi masiboa antolatu zuten gauean. Moderatzailea foroaren bozeramaile (ez ofizial) lanetan aritzen den Candido Grzybowski izan zen. Eta askoren harridurarako, Kontseilu Internazionaleko ordezkariak (*Herriak Aske barne) Lularekin eztabaida itxi batera gonbidatuak izan ziren.
Batetik edo bestetik, galtzaileak hirugarren sektorekoak izan direla argia da. Estatu buruen parte hartzearen aurka zegoen sektoreak ez du ulertu kontinente honek bizi duen momentu politikoa. Ez du ulertu gehiengo batek ikusten duen mugimendu sozialen eta erreferente politikoen bideak uztartzeko beharrezkotasuna. Argi dago Brasilen apustua indartsua izan dela. Eta Brasilgo eskema politikoari begiratuz sortzen diren duda berdinak sortzen dira eztabaida forora iristen den momentuan.
Talka honek bere lekua mundu mailako krisi finantzieroaren testuinguruan aurkitu du. Estatu buruen eztabaidaren erdigunean, krisia gainditzeko proposamen ezberdinak zeuden. Lulak merkatu ekonomian oinarri hartuz, estatu babes neurrien aldeko jarrera hartu zuen. Venezuela edo Boliviak, funtsezko eredu aldaketaren aldekoa, eta Ekuadorrek XXI. mendeko sozialismoa aldarrikatu zuen. Parean, eztabaida sutsuen artean bere burua kokatzen saiatzen ari den mugimenduen mugimendua aurkitzen da. Eta mundua milaka kilometroko distantziara begira.
Euskal Herriarentzat aukerak
Euskal Herria ez dago Hego Amerikan. Euskal Herria Europan dagoen nazioa da. Eta kontinente amerikarraren logikari hain hertsiki loturik dagoen prozesuak gurean izango duen eragina eztabaidagarria da. Europan aldiz Malmön konstataturiko ezintasunari aurre egiteko hurrengo aukera, 2009an Istanbulen kokatuko da. Inkognita bat da ezker turkoak eta kurduek bertan jokatuko duten papera. Eta eszeptiko izateko arrazoiak, aukerekin nahasirik ageri dira.
MJFren edizio honetan behintzat pausu garrantzitsu bat eman da. Euskal Herriko ezkerreko independentismoa subjektu aktiboa da foroaren prozesuan. Kontuan hartua den interlokutorea da. Hori da Belemen lorturiko arrakastaren gakoa. Ikusteke dago aurrera pausu honek Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko helburuan egin dezakeen ekarpena. Baina urteetan egindako txinaurri lanaren ondorioz, partida jokatzeko momentua iritsi da. Eta hori, egungo egoera kontuan hartuz aurrera pausu garrantzitsua da.
*Herriak Aske Jendarte Foroetan parte hartzen duen sarea da, Palestinako Health Work Comittees, Venezuelako Coordinadora Simón Blolivar eta Askapenak osatua.