Venezuelaren ahoa Venezuelaren ahurtara

PSUVJon Garmendia/Le Journal du Pays Basque-Mintza

Susana Gonzalez Euskal Herrian izan da berriki, Askapenaren gomitari erantzunaz hizlari moduan jardun du Venezuelako prozesu Bolibarianoa azaltzeko bidean. Gaur egun Resumen Latinoamericano egunkariaren arduraduna da Venezuelan, eta horrez gain Hugo Chavez presidentearen PSUV alderdiko eledun hautetsia ere bada, baina gazte zenetik herri mugimenduko borroka desberdinei lotua izaiteak bereizten du Susana, esku ahurra lanez bete eta ukabila borroka berrietarako eskaintzeak

ELKARRIZKETA/ Susana GONZALEZ /Psuv-ko eledun hautetsia

 

Nor da Susana Gonzalez?

Venezuela erdigunean dagoen Aragua izeneko herri txiki batean sortu nintzen duela 48 urte. Bi haurren ama naiz, eta oinarrizko militantetzat daukat nire burua. Gero, “Resumen Latinoamericano” egunkariaren arduraduna naiz Venezuelan, eta era berean Hugo Chavez presidentearen “Partido Socialista Unido de Venezuela” alderdiko hautetsia naiz.

Ezagutzen zaituztenek diote askorako eman dutela 48 urte horiek...

17 urtetatik ukan dut bizitza militantea eta sortu nintzen inguruneak bultzatu ninduen horretara. Diruz eroso zebilen familia batean sortu nintzen, eta hortxetik ikusi nuen Venezuelako gizartean gertatzen zen diferentzia nabarmena, batzuek dena baitzuten, besteek berriz ezer. Umeak kalean zebiltzan, jendea behartsua zen eta goseak akabatzen zegoen, eta hortxe kontzientziatu nintzen ; “Liga Socialista” izeneko alderdi marxista-leninistan hasi zen nire militantzia eta gure herriaren errealitatea ezagutzen joan nintzen alderdi ezkertiar honetatik, justuki,  errealitate horren aurkako kritika sendotu nuen nire barnean ; Caracas hiriburuko auzoekin konprometitu nintzen,  oroit dezagun bertako auzoak direla txiroenak, marjinatuenak, non ez dagoen bizitza duin bat aitzina ateratzeko aukerarik ere, eta 1989ko Otsailaren 27an Caracasetik hurbil den Guarena siderurgi auzoan gertaturikoak auzoetako borrokan engaiatzeko aukera luzatu zidan.

Zer gertatu zen han?

Gertakari hura “Caracazo” deitzen dugu venezuelarrok, nahiz eta inguruko herrixka batean gertatu zen. Garaiko gobernuak politika neoliberalak ezarri zituen, zerbitzu publikoek diru gorakada ukan zuten, ez zen jatekorik, gasolinaren prezioa igo zen… eta herritarrak kalera atera ziren protestan, milaka jaitsi ziren auzoetatik, jende uholdea elkartu zen egoera salatzeko, eta komertzioei eraso zieten, nolabait haiek zirelako Venezuelaren irudi distiratsua. Gobernuak errepresio bortitza erabili zuen herritarren kontra eta hiru mila hildako baino gehiago izan ziren, nahiz gobernuak hirurehun edo laurehun hildako izan zirela onartu. Asko desagerrarazi egin zituzten, hil eta gerora, hilobi erraldoietan ezkutatuz. Basakeria bat izan zen.

Beraz, erran genezake Hugo Chavez presidente kargura heldu aitzinetik egoera lazgarri batean murgildua zegoela Venezuela?

Zalantzarik gabe. Eta badakit ez dela erraza zuen mentalitatearekin ulertzea nola militar baten estatu kolpea babestu zuten heien burua iraultzailetzat zutenek eta mugimendu herritarrak oro har. Baina lehenik eta behin ulertu behar da Venezuelako ejerzitoa herritik eta herriarentzat sortua dela. Bestetik, lehen aipatu dudan gertakariak neoliberalismo basatiaren aurkako borroka piztu zuen, klase arteko borroka sendotu egin zen, oroitu behar da Venezuela herrialde aberats gisa kontsideratua zela, kapitalismoaren ikurra zen, petrolio anitz zuen, baina barnean zailtasun eta pobrezia anitz zeukan, sistemak haustura ukan zuen eta herritar borroka horien erdian, 1992an, ejerzitotik ateratako Hugo Chavez Friasen irudia agertu zen. Garaian Carlos Andres Perez zen presidente, bigarren agintaldia hasia zuen, eta bera Venezuelako historian izan den buruzagi ilun eta krudelenetakoa izan zela erran behar dut. “Accion Democratica” bere alderdiaren eskutik, tortura, desagerpenak, preso politikoak areagotu egin ziren eta bere aurkako estatu kolpea eman zuen Hugo Chavezek.

Chavez zen estatu kolpe horren arduraduna?

Erran behar da ezkertiarrak eta herritar mugimendua kolpe horren gibelean zela, babesa ematen ziola aldaketa nahi horri, nerauk ere eskuhartu nuen eztabaida guzi horretan eta niretzat ere zaila izan zen, pertsona ezkertiar gisa, militar bati babesa ematea, baina ulertu nuen zerbait berria zela, ez zela eskuinaren saiakera bat jabe berri bat ezartzeko, eta esplotazio kapitalista horrekin amaitzeko desio garbi bat zuela altxamendu horrek bere baitan. Estatu kolpeak hutsegin zuenean ordea, Hugo Chavez telebistan atera zen, erranaz bere gain hartzen zuela saiakera horren erantzukizuna, eta herritar xehea ez zegoen ohituta halako gestu batetara, Venezuelan ohituegiak geundelako nehork erantzukizunik ez hartzera. Hor irabazi zuen herritarren begirune eta atxikimendua Chavezek. Ezaguna egin den «Momentukotz ez dugu lortu» erran zuen, eta garbi utzi zuen saiakerak aitzina joko zuela, herritarrari sinesmena piztu zion, eta Venezuelan barrena aritu zen ezker eskuin, bati eta besteri entzunaz, indarrak biltzen jardun zuen mugimendu herritarrarekin ; Izan zen beste saiakerarik Carlos Andres Perez boteretik botatzeko, baina hutsegin zuen horrek ere, azkenik ikasle mugimenduak oldartu ziren, astero mobilizazioak egiten hasi ziren, langileek elkarlanari ekin zioten, ezkertiar guziak biltzea lortu zen, eta hor agertu zen berriro ere Chavez, 1998an, oraingo honetan gobernu politikoa sortzeko intentzioarekin, hauteskundeak irabazi zituen 1999an eta geroztik hamar urteko aldaketa prozesua martxan da.

Nolako pertsona da Hugo Chavez, Europan anitzek deitzen baitute diktadore?

Terrorismo mediatikoaren eragina da hori. Ulertu behar da gaur egun ere oraindik eskuinak agintzen duela Venezuelako hedabideetan, oposizioak nahi duena egin eta erraten du, eta bitarteko handienak heiek dituzte. Oposizioko pertsonaia batzuk publikoki erran dute presidente hau hil egin behar dela, Chavezi Macaco (tximinoa) deitu izan diote eskuineko politikari zenbaitzuk, heien arrazakeria noraino heltzen den frogatuz, hor adierazpen askatasunik ez dela erraiten dutenek froga handi bat dute aitzinean, Frantzia eta Espainian baino adierazpen askatasun handiagoa dago Venezuelan, eta justuki herritar anitz kexu da gure alderdiak hori dena zergatik baimentzen duen galdetuz. 2002an Chavezen aurkako estatu kolpea eman zenean hedabideek sortutako gezurrak sekulako oihartzuna ukan zuen mundu zabalean, gezurretako errealitate bat sortu zuten, eta mundu osoari saldu zioten Chavezek Venezuela utzi eta ihes egin zuela, eta aldi berean heien esku bahiturik zeukaten gure presidente Chavez. Venezuelako eskuinak dioena Estatu Batuetan erraiten dute, Frantzian errepikatzen dute, Espainian ere, Guatemalan, baita Salvadorren ere, azken hauteskundeen aitzinean aipatu dute gure presidentearen kandidatoa zela Frente-ko hautagaia, nolabait haren kontrako kanpaina areagotzeko. Chavez kapitalismoaren etsai nagusia bilakatu da, baina hein berean injustizia pairatzen duten munduko herritar anitzen itxaropen ikurra ere bera da. Hugo Chavez komunikatzaile bikaina da, herriarengan sustraitua dago bera herria delako. Herriaren eskariak ulertu eta barneratu zituen, ez hori bakarrik, defentsa argia egin eta estatuko politika bilakatu zituen. Erlazio iraunkorra du herriarekin, hitz egiten dio iraunkorki, igandero telebistan egiten duen Allo presidente programa da horren adierazle. Bera ez da Estadista bat, politika ulertezinaren hitzekin mintzo dena, zuzenean mintzo zaio herritar xeheari, xeheki, etengabe saiatzen da gauzak nola diren adierazten, gobernuak emanen dituen urratsak zeintzuk diren eta aitzina nola aterako dituen esplikatuz. Horrexegatik sinesten du herritarrak beragan.

Baina boterean betirako gelditu nahi duela erraiten da...

Hori gezur handi bat da. Anitz jendek galdetzen digu zergatik nahi dugun Chavez boterean atxiki, badaramatzalako hamar urte, eta nerauk ere eztabaidatu dut hori ezkerreko kide anitzekin, boterean pertsona batek denbora gehiegi ematea ez delako egoki ikusten, erosotasunean erori eta politika aurrerakoiei bidea hesten zaiola entzun dugu beti. Begira, 49 urtez ukan ginuen alternantzia Venezuelan, Copellanoek agintzen zutenean eta gauzak gaizki egiten zituztenean Adecoen eskuetara heltzen zen gobernua, hauek gaizki egindakoan berriz itzultzen zen Copellanoengana. Hori alternantzia bat da ? Ez ! Boterea hartzen zutenen aurpegiak aldatzen ziren, nehoiz ez haien politikak, eta horrek egoera tamalgarri bat bizitzera kondenatzen zuen Venezuela. Guk ez dugu inongo arazorik Chavez Frias jaunaren aurpegia ikusteko, baldin eta herriarekin eta herriarentzat gobernatzen badu. Beti erraiten da Chavezek nazionalizatu duela ez dakit zoin enpresa, edo berak desjabetu dituela lur jabe handiak, eta hori ez da horrela, nekazari sindikatek eta langile berek eskatu diote hala egiteko bere ordezkari nagusiari, Chavezek herriak eskatzen diona egiten du, herriaren besoa baita bera. Eta inoiz edo behin bere aurpegia ikusteaz aspertzen bada herria, herria bera izanen da Chavez dagoen lekutik kenduko duena.

Zer ekarri dio Venezuelari hamar urteko agintaldi horrek?

Agian tonto samarra iduriko du nire erantzunak baina nagusiki ekarri diona zera da : Autoestima Duintasuna berreskuratu du Venezuelak herri gisa. Gaur egun auzoetan ez dute militante iraultzaile edo ezkertiarren laguntzaren beharrik, heiek hitz egin dezakete heien kabuz, defendatu ahal dira, eta beharrezko hobekuntzak eskatu ditzakete zuzenki. Emaztea aldaketa prozesuaren aktore garrantzitsu bilakatu da, eta ez dakit horren dimentsioa uler dezakezuen, baina guretzat sekulakoa izan da. Eta anitz egin dugu aitzina, baina etengabeko partehartze, hausnarketa eta eztabaidekin gehiago aitzinatzeko helburua dugu.

Ezagutzen duzu Euskal Herria eta bere egoera politikoa?

Gauza beretsuekin amesten dugu, eta lokarri historikoak ere baditugu, Espainiaren kateetatik askatu gintuen Simon Bolibar euskaldun jatorrikoa zelako. Hiru alditan etorri naiz Euskal Herrira, baina badakit herri bat ezagutzeko, edo ezagutzen dela erraiteko, hori baino gehiago behar dela ; halere, Askapenako lagunen bitartez jasotzen dut hemen gertatzen denaren berri, bestela ezinezkoa bailitzateke gertatzen dena jakitea. Irudika ezazu Venezuelako berriak nola jasotzen dituzuen zuek, eta pentsa dezakezue Euskal Herriari buruz hedabideetatik guk jasotzen duguna zer den. Halere, nahi nuke zuengana elkartasun gehiago heltzea Venezuelatik.