Badatoz brigadak!
Unai Vázquez-GAUR8
Beste urte batez Askapenak brigada internazionalistak antolatu ditu, eta egun hauetan zabaldu du apuntatzeko epea.
Berriro ere internazionalistak edo sozialistak sentitzen garenok aukera dugu beste prozesu, borroka eta herrialde batzuk ezagutzeko.
Aurten gainera herrialde batzuk garrantzi berezia hartzen dute, data esanguratsuak ospatzen edo gogoratzen direlako: Uruguayn filtro ospitaleko sarraskiaren 15. urteurrena, El Salvadorren Pakito Arriaranen erailketaren 20. urteurrena eta internazionalismoaren eredua den Kuban, iraultzaren 50. urteurrena.
Baina kubatarrak ez bezala, euskal herritarrok ez goaz beste herrialdeak ezagutzera edo internazionalismoa lantzera gure merituen arabera edota gure trebetasunen arabera, baizik eta poltsikoan ditugun sosen arabera. Kapitalismoaren bitartez lortutako diruarekin, ezagutuko ditugun herrien zapalkuntzaren bidez lortutako plusbalien zatitxoekin. Askotan brigadetan agerian geratzen den errealitatea da hau. Gure lagunek, ateak zabaltzen dizkigutenek, beraien borrokak erakusten dizkigutenek, gure borrokaren alde egiten dutenek ez dute gure aukera berdina.
Baina kontraesanak kontra eginez gainditzen dira, kapitalismoaren kontra eginez. Antolakuntzaren bidetik, formakuntzaren baliabideetatik, elkarezagutzari esker, internazionalismoa praktikan jartzetik, elkartasuna lantzetik, herrien askatasunerako bidea zabaltzera. Euskal Herritik Coca Cola kanporatzeko, Israelekin harremanak eteteko, kapitalismoaren eraginez Euskal Herria bisitatu ezin duten horiei askatasunerako urratsak ematen laguntzeko, gure herria askatzeko... badatoz brigadak.