Brigadak09: lau ardatz, hiru urteurren, bi norabide eta helburu bat

brigadistak formakuntzanBrigadak09 lau zenbakirekin laburbiltzea argigarria izan daiteke, atzekoz aurrera egitea iradokitzen dizuegu, baina brigada guztien helburua aurreratzen ahal dizuegu: Euskal Herria internazionalistaren eguneroko eraikuntza.

 

Lau ardatz:

Brigadek gure eguneroko jardun internazionalistan erabiltzen ditugun lau ardatzei erantzuten diote:


-Europa: gure herria geografikoki dagoen kontinentea baita, politikoki ere Europako markoan dago, eta harremanei begira ere Europakoak dira erabiltzen ditugun anitz. Europan gure lehentasuna gurea bezalako estaturik gabeko nazioak dira. Aurten haietariko batean jarriko dugu arreta berezia: Sardinian. Izan ere, munduko herrialderik aberatsen eta inperialistenek Sardiniako irla txiki bat aukeratu dute beren bilkura egiteko. Sardiniatik bilkura horri batera erantzuteko deia egin dute, eta Askapenatik deiaren oihartzuna zabaltzen dizuegu.


-Palestina: Palestinak herrion erresistentzia, duintasuna eta bizi-nahia mailarik gorenean jartzen duelako. Palestinak behar gaituelako eta Palestina behar dugulako. Atzo apartheid-aren Hegoafrika garaitu zuten/genuen bezala, gaur apartheid-aren Palestina askatuko dute/dugulako.

-Prozesu bolibariarra: Simon Bolivarren izpirituari jarraiki eta inperialismoari aurre eginez, Abya-Yalako herriek badute ildo itxaropentsu bat: pertsona berdinen arteko jendarte bat eraikitzea, herriek elkarri senide bezala lagunduko dioten kontinente batean.

-Jatorrizko herriak:1992an, Abya-Yalaren zakuraketa eta sarraskiaren 500. urteurrenarekin, Aski da! oihukatu zutenetik munduko jatorrizko herri askotan askapen borrokek pizturik diraute, eta Belemgo Munduko Jendarte Foroan erakutsi duten bezala, bestelako mundu baten aldeko borrokan eta eraikuntzan ezinbesteko eragileak dira.



Hiru urteurren:

-Aurrenak El Salvadorrera garamatza: FMLN gerrillarekin borrokan ari zelarik, Pakito Arriaran arrasatearra hil zuten 25. urteurrena egiten da aurten (ahaztu gabe El Salvadorren bertan urte batzuk beranduago hil zituzten Begoña Gonzalez eta Marta Garcia ere). Urteurrena FMLNk hauteskundeetan irabazi izanarekin batera etorri da gainera.

-Bigarrenak Uruguaien du kokagunea, eta beste bi hildako protagonista: Fernando Morroni eta Roberto Facal. Orain 15 urteko abuztuan Uruguaiko herria gogor mobilizatu zen hiru euskaldunen estradizioaren kontra, eta mobilizazio haietan aipatu bi lagunek galdu zuten bizia: Euskal Herriaren aldeko elkartasunaren bi ikur garrantzitsu. 

-Hirugarrenak Kubara garamatza, hango iraultzak 50 urte bete zituen urtarrilaren batean, sozialismoaren eta askatasunaren aldeko herri borrokalarien herri kutuna da Kuba, elkartasun internazionalistaren atzoko eta gaurko eredua.


Bi norabide:

-Joan eta etorriko elkartasuna: brigadistek tokian tokiko mugimendu eta borrokak lehen eskutik ezagutzen dituzte, beraiekin batera Euskal Herria aberastuko duten hamaika esperientzia bizi eta ikasten ditugu.

-Bestalde gure herri-lagunek geurea ere lehen eskutik ezagutzeko aukera dute brigadistei esker: gure herriko hizkuntza, kultura, askapen borroka, gazteok, emakumeok, langileok, baserritarrok, errepresaliatuok osatzen dugun herria.


Helburu bat:

Euskal Herria internazionalistaren eguneroko eraikuntza. Horixe da brigaden esperientzia gauzatzeko eta mamitzeko modurik eraginkorrena: euskal mugimendu internazionalista sendotuz eta internazionalismoa gure askapen borrokaren esparru guztietara zabalduz.

 

Orain da tenorea!