Norma Morroni, duintasunaren eta elkartasunaren testigantza

*Igor Artieda Galdeano Norma Morroni ezagutu duten euskal brigadisten izenean

Gizakiok badugu, modu batera edo bestera, ispiluren bat non gure burua islaturik ikusten dugun. Ereduren bat, zeinean gure egunerokotasuna oinarritzen dugun. Pertsonaren bat, gauza askorengatik, bizimodu hori ikusi eta gauzatzeko beste ikuspegi bat, beste eredu desberdin bat markatzen diguna.

Bada, Askapenaren brigadetan Uruguaira joan garenok, desberdinak izanik ere, ezagutu dugu guztiontzat duintasun eta elkartasun eredu bat: Norma Morroni. Zinez esan dezakegu, oso gauza gutxiren jabe izanik ere, bizitza duintasun osoz eramaten erakutsi digula Normak. Gertukoenganako eta ez hain gertukoenganako elkartasuna adierazteko nahikoa dela bihotz handi bat. Materialtasunetatik haratago, bere auzokide guztien errespetua irabazi du Normak. Arazoak arazo, beti gertu izan dute Norma bere auzokideek.

Hainbeste dira hori egiaztatzen duten adibideak egunkari osoa beharko genukeela artikulu hau idazteko. Pare bat aipatuko ditugu: batetik, munduko txoko guztietan bezala, haurrentzat eta beraien familientzat hain beharrezkoak den haurtzaindegi baten proiektua garatu zuten bere auzoan. Baina proiektu hori aurrera eramateko orduan bolondresak behar eta hara hor Norma lanerako prest. Bestetik, auzoko futbol taldean ere jendea behar, entrenamenduak zuzentzeko, delegatu lanak burutzeko,… hortarako ere Norma beti prest.

 

Uruguaiko brigadak ere badu berezitasun bat herrien arteko elkartasunean sinesten dugunonontzat, eta horrek erakarri gintuen Uruguaira brigadista moduan joateko. Askorentzat ezezaguna izanen da duela 15 urte Uruguaiko gobernuak hiru euskal iheslari espainiaratu zituela. Orduan Uruguaiko herriak tinko erantzun zuen eraso berri horren aurrean. Tinko erantzun ere, bazekitelako hiru euskal herritarrak estatu torturatzaile baten eskuetan utziko zituztela eta hori ekidin nahi zuten. Euskal Herriak bizi zuen gatazkaren izaeraren jakitun ziren eta hortik beraien lelo entzunena: “¡Liberar! ¡Liberar! ¡A los vascos por luchar!”. Uruguaiko diktadura garaian, askok herritik alde egin behar izan zuten eta beste herrialde batzuetan esku zabal hartu zituzten. Horrela, Manueltxo, Mikel eta Luis Marirentzat tratu berbera exijitu zioten orduko gobernuari. Lacalle eta Gianola jaunek zuzentzen zuten gobernuak, entzungor egin zien milaka eta milaka herritarren aldarriari. Kosta ala kosta hiru euskal iheslariak espainiaratu behar zituzten eta horrela izan zen.

Manifestariek jasandako errepresioa basatia izan zen, bortitza, neurriz kanpokoa, oso ondo diseinatutakoa, mina egiteko prestatua! Errepresio horren ondorioa izan ziren ehundaka zauritutakoak eta bi hildakoak. Bai! Bi hildako! Fernando Morroni eta Roberto Facal. Azken muturreraino mantendu zuten euskal iheslariekiko eta Euskal Herriarekiko elkartasuna. Berariek dira herrien arteko elkartasunaren eredu.

Normak garbi izan zuen lehena jaio zenetik, bere seme-alabei eskeini behar zien hezkuntza. Duintasunean eta elkartasunean oinarritutakoa. Bai garesti atera ere! Fernandok bere amak erakutsitakoa ongi asko ikasi eta bere herritik urrun zegoen beste batengatik guztia eman zuen. Horren aurrean ere Normak ez zuen burua makurtu. 15 urte eta gero garbi du, hori bada bere seme-alabek solidario izateagatik ordaindu behar duten prezioa, solidario izaten jarrai dezatela.

Guk, Norma ezagutzeko ohorea izan dugunok, ozen esan nahi dugu: Fernando Morroni, Roberto Facal, Urugaiko herri borrokalaria eta Norma bera: maite ditugula! MAITE ZAITUZTEGU! Filtroko sarraskitik 15 urtera arrazoia herriarena da! Euskal Herriak ez ditu ahaztuko. Euskal Herriak ez du barkatuko! Euskal Herrira garaipenaren eguna iristen denean beraiei eskeiniko diegu. Hori baita omenaldirik onena, garaipena!

  

Sinatzaileak: Igor Artieda, Ander, Jon, Sonia, Mikel, Laura, Xabier Ibon, Gorka, Olatz, Almudena , Ion, Eneko, Ana, Sergio eta Iker.