Kolonbia salgai

colombia yankees go home

Gaur egun inor ez da harrituko Kolonbia salgai dagoela esateagatik. Tira, berez, ez da Kolonbia salgai dagoena, bere gobernua baizik, herriak soberan adierazi baitu bere erresistentzi zein borrokarako ahalmena, sindikalismoaren bidez, ikasleen bidez, borroka armatuaren bidez etab.

Kolonbiaren burujabetza da salgai dagoena, baita mutur eskumako perspektibatik hausnartuta ere.

Egun, kongresuari bere berraukeraketa mugagaberako lege aldaketa eskatzen dion Alvaro Uribek (Hugo Chavez gauza bera egiteagatik kritikatu zuen berberak), baimena eman die AEBi Kolonbian base militarrak ezartzeko, non-nahi eta nolanahi. Kolonbia, Latinoamerikako Israel bihurtu da, Guantanamo handi bat.

Baina berez, beraien atzeko patioaren kontrola berreskuratzeko AEBen ofentsiba dirudien arren, atzerapausoa edo atzeratzea da. Izan ere, Ekuadorren, Rafael Correa presidenteak Mantako basea kendu die; Paraguay, historikoki estatubatuarren kolonia izan dena, galdu egin dute Lugoren garaipenarekin; eta Hondurasen, nahiz eta militarrak mantendu, estatu kolpea ez zaie nahi bezala atera, herriak kalean jarraitzen baitu.

Kolonbian inolako disimulurik gabe dauzkaten indar guztiekin sartzearena, ahultasun horren seinale da, beraien esku-sartze esparru faltaren adierazle. Eta ahultasun hori da etxe zuriko telefono gorria piztu duena, militarki atzeratzea eta indarrak kanpamendu basean batzea, azken ofentsiba baten prestaketa izan baitaitezke. Hori da Correa, Chavez eta ALBAko herrialdeek helarazi nahi diguten abisua.

Guda danborrak entzuten dira Amerikan, eta betikoak dira oraingoan ere jotzen dabiltzanak.