Denboraren ministerioa
Unai Vazquez-GAUR8
Izen hori du Ricardo Arjona panamerikar bakarlariaren abesti ezagun batek, eta hori da Hondurasen, Micheletti kolpistak duen ministerio garrantzitsuena, denborarena. Kartzela zigor bat balitz bezala, bost hilabete eta egun bat pasa dira estatu kolpearen eta bihar ospatuko diren hauteskunde antidemokratikoen artean. Epe bat non tarteak eta taktikak oso neurtuak egon diren.
Ez dugu ahaztu behar, estatu kolpea eman zutela biharko hauteskundetarako 4. hautestontzi bat egotea planteatu izanagatik, non batzar konstituziogile bat egiteko aukeraz galdetuko zen. 4. kutxa hau defendatzen dutenek apartheid politikoa pairatzen duten heinean eta konstituzio berri bat termino demokratikoetan garatzearen planteamendua egitea delitua den bitartean, Hondurasen ez da demokraziarik egongo. Beste guztia herriarekin jolastea da, denbora irabazteko.
Denbora hori pasa denean, hauteskundeak baino astebete lehenago, Gorilettik presidentziatik baztertzen du bere burua, prozesua kutsatzea nahi ez duela esanez. Ez al zen ba presidente legearen legitimitate guztiarekin? Zergatik orduan erretiratu?
Erabaki hau plazaratzeko emandako prentsaurrekoan bere presidentziak izandako helburuak ezkutatu nahian, hitzek kale egin zioten: “Presidente kargua hartu nuen momentutik adierazi dut Hondurasek gaur egun bizi duen egoera nire nahietan zentratu behar dela”. Ez zuen hau esan nahi, baina esan zuen. Oso esanguratsua. Dagoeneko ez da beharrezkoa Micheletti presidente izatea, bere eta bere ingurukoen nahiak bete direlako. Azken mugimendu hauek hauteskunde antidemokratikoak legitimatzeko balio izan dute: AEBk ikuskatzaileak bidaliko ditu, estatu kolpe honen denbora eta taktikak ongi neurtu dituztela agerian utziz.
Baina guzti honek, urteak lo zeramatzan herria esnatu du, eta Rafael Correak esaten duen bezala: “Latinoamerika gau ilun neoliberaletik ateratzen ari da”, sozialismoarekin amesteko. Denbora ez da inoiz errepikatzen eta orain, herriaren garaia dator.