1.200 tona haragi ustel Haitira
Azken egunotan Haitira bidalitako giza laguntzaren kantitateak gora eta behera aritu dira komunikabideak. Estatuak, batak besteak baino tona gehiago eramateko norgehiagokan sartu dira, albistegien lehenengo minutuak eta egunkarietako lehengo orriak okupatuz, “elkartasunaren” argazkian agertu ahal izateko.
Baina zalantzarik gabe AEBek irabazi dute lasterketa: 1.200 tona. Hori baita gutxi-gorabehera 15.000 mertzenariok izango duten pisua bakoitzak 80 kilo inguru pisatuko dituela kontuan hartuta.
Haragi ustel horri gainera, hauek “fresko” mantentzeko behar dituzten hanburgesa eta CocaCola tonak gehitu behar zaizkie. Seguruenik, soldadu estatubatuar hauek han mantentzeko behar duten janari eta azpiegiturarekin, kaltetu guztiek jatekoa eta babeslekua izango lukete.
Argi dago beraz, helburua laguntza bada, merkeago dela Haiti elikagaiz bonbardatzea, milaka eta milaka “lagun” banaketa egitera bidaltzea baino.
Baina helburua beste bat da: Haiti kontrolatu eta okupatzea, Kuba zein Venezuela mehatxatzeko base militar bat ezartzea. Formula merkea atera zaie. Merkea politikoki, inork ez duelako momentu hauetan zalantzan jarriko AEBen eta Obamaren borondate ona, Kolonbiako base militarrekin ez bezala. Eta merkea ekonomikoki, Kolonbia AEBen kolaboratzaile izanik ere, kontrapartida ekonomikoak eskatzen dituelako “bere lurraldean” egoteagatik. Aldiz Haitin, ze indar korrelazio daude gaur ezer eskatzeko?
Gainera, inbasio hau merkeegia ez balitz, herritarrok borondatez emandako sosekin erositako laguntzak ere estatubatuarrek banatzen dituzte, munduko zein Haitiko askatzaileen papera antzeztuz.
Baina Haitik badu askatzailea. Herri beltza bera, Alexandre Petión buru zelarik, espainolak zein britainiarrak kanporatu zituena. Orain estatubatuarrak kanporatzea tokatzen da, eta honetarako bai behar dutela giza laguntza eta elkartasuna.