Israelek nazioarteko elkartasuna zigortu du berriz ere
Palestinar herriak pairatzen duen jazarpenean aurrerapausu berri bat eman du Israelek, nazioarteko elkartasuna ixilaraztearena. Palestinan gertatzen dena munduan zehar zabaltzeari uztea nahi du Israelek, horrela palestinarren kontrako eskubide urraketak lekukorik gabe egin ahal izateko. Askapenako brigadistek gertutik ezagutu dute Israelek nazioarteko elkartasunaren aurkako jarduerak (materialaren konfiskazioa, Tel Aviveko aireportutik kanporatzeak, ...).
Azkenaldian, dena den, nazioarteko elkartasuna adierazten dituzten kideen kontrako jazarpena areagotu du Israelek. Osloko Akordioak adierazten dutenaren aurka, Israelek International Solidarity Movement (ISM) taldeko bi kide, Ariadna Jove eta Bridgette Chappell, atxilotu berri du gauez Ramallah-n. Dokumentazioa irregularra zutela izan zen atxiloketa burutzeko aitzakia, nahiz eta Israelek Zisjordanian hori zaintzeko eskumenik ez izan. Honekin batera, Israel legez kanpo eraikitzen ari den Apartheid Harresiaren aurkako mobilizazioetan partehartzea egozten die. Laburbilduz, Israelek zigortu nahi duena palestinarren aldeko elkartasuna da.
Jerusalemeko Xeij Jarrah auzoan Israel eraikitzen ari den legez kanpoko kolonia sionisten aurkako mobilizazioetan partehartzeagatik ISMko kide Ryan Olander ere atxilotu zuten. Kanporatua izatearekin mehatxatu zuten eta hilabetea pasatu behar izan zuen espetxean. Harresiaren aurkako "Stop The Wall" taldeko Jamal Juma ere espetxetik pasa da legez kanpoko egitasmo honen aurkako mobilizazioetan partehartzeagatik.
Finean, errepresio honen atzetik, Israel nazioartean Palestinaren alde hedatzen ari den elkartasunaren aurrean, boikotaren ekimenean gauzatzen dena, gero eta urduriago eta isolatuago dagoela erakutsi du.