Askapenaren WallMapuko brigadistak argian eta euskadi irratian
Hemen duzue faktoria saioan Julen Zulaika Askapenaren brigadistari eginiko elkarrizketa entzungai.
Eta hemen Argia astekariak eginiko elkarrizketa:
Zarautz, 1980. Ikastolen Elkartean ari da lanean. Bertsolaritza erakusten du Arabako ikastoletan. Askapeneko kidea da. Iazko udan Txilen egon zen, maputxe herriarekiko elkartasun lanetan. Asel Luzarraga euskal herritarraren atxiloketak bideratu gaitu berarengana.
Zein da zure esperientzia Askapeneko brigadista bezala?
Iazko uztailean lau lagun Txilera joan ginen hiru hilabeterako. Ni lehen aldiz, beste kideak lehenago egonak ziren. Maputxe herria ezagutzeko interes berezia nuen, baita euren bizimodua eta borroka ere. Maputxeen eta euskaldunen arteko nolabaiteko paralelismoa dago, biok ala biok nazio eta lurralde arazoa bizi dugu. Gure xedea hemengo egoera han azaltzea da, eta haiek guri berea. Euren bizimoduaz ikasitakoa hona ekartzen dugu. Joan-etorriko bidaia izaten da, internazionalismoa partekatzeko modua nolabait. Brigaden bidez herrialdea ezagutzen dugu, maputxeekin bizi gara, eta babesa ematen diegu nolabait.
Ezin duzue berriz hara joan ordea. Zer dela eta?
Gulumapuko maputxeekin hogei egunetan elkarbizitzen egon ginen, lau kideak komunitate ezberdinetan bananduta. Ondoren, Gulumaputik (Txile aldeko lurraldea) Puelmapura joan ginen (Argentina aldeko lurraldea). Hango komunitate maputxeekin ere lanean aritu ginen, gizarte eta kultur ekintzetan halaber. Artean, Txileko prentsak (Mercurio, Austral, Segunda, Tercera... Mercurio saltzen da gehien, Pinocheten aldekoa) albiste hau zabaldu zuen: “Euskaldun batzuk maputxeekin gerrilla sortzen aritu dira, eta orain Argentinan dabiltza”. Logistika militarra prestatzen ari ginela zioten. Polizia ohartarazi nahi zuten, baita giroa berotu ere. Txileko Barne ministroa hedabideetara atera zen “badakigu han daudela” esanez. Gure egonaldia aztertzen ari zirela eta adi zeudela gehitu zuen.
Puelmapun zineten orduan, Argentinako menpeko lurralde maputxean.
Hori da. “Hauek ba al dakite Argentina aldean gaudela?” esan genuen harrituta. “Gerrilla sortzen?”. Itzulerako hegazkina Txilen hartu behar genuen, Santiagon. Zailtasunak jarriko zizkigutela bagenekien, baina ezer egin ez genuenez, bada aurrera... Gure aurkako zertaz akusatzerik ez zegoenez, kontzientzia lasai genuen, “guk gerrilan aritzeko moduez ez dakigu ezer” genioen. Muga pasatzera gindoazela, Barilochetik Txile aldera, Txileko poliziak (PDI) autobusetik jaitsarazi gintuen. Esan ziguten debekatua genuela Txilen sartzea. Gu debekuaren agiri ofizial bat nahi genuela esan genien. Haiek ezetz, guk bagenekiela zertan ari ginen. Argentinako eta Txileko estatuen muga-guneen artean utzi gintuzten. 40 kilometroko lur eremu abandonatuan, lurra behean eta zerua goian.
Nola atera zineten handik?
Autobus bat gelditu eta Argentinara bueltatu ginen. Barilochen Txileko kontsulatura joan ginen gure kexa adieraztera, han ere tratu bera: “Zuek jakingo duzue zertan zabiltzaten”. Guk, berriz: “Zuek egiten ari omen garenaren frogarik ba al duzue?”. Azkenean, ez dakigu zein arauren 15. puntua haustea leporatu ziguten. Txileko nazio osotasunaren aurkako ez dakit zein jarduera burutu genuela. Egundo ez dugu jaso salaketarik, ez bide administratibotik inolako akusaziorik, ez ezer egin izanaren frogarik. Dagoen bakarra prentsak “saldu” zuena da, baina handik bota gintuzten.
Abenduan, berriz, Asel Luzarraga euskal herritarra atxilotua izan zen Txilen. Nola interpretatu duzue gertatua?
Luzarragaren atxiloketak ez du funts legalik, egin den moduak berak erakusten duenez. Asel abenduaren 31n atxilotu zuten, polizia bere etxera miatzera joan zenean berak ez zuen bertan egoterik izan. Prozedura bera Txileko legearen kontra dago. Aplikatu zioten Lege antiterrorista Pinocheten garaikoa da, ez dute oraindik kendu. Txilen trantsizioa egin bazen ere, beste leku askotan bezala, egoera ez da asko aldatu. Forma batzuk aldatu dira, gehiegi ere ez. Funtsean, Asel inkomunikatu zuten atxilotzeko arrazoia berari adierazi gabe. Prentsaren bidez jakin zuen lau atentatu egitea leporatzen ziotela.
Zer balorazio politiko egiten duzue?
Agerikoa da Txileko Estatuaren aldetiko kriminalizazio saiakera dela maputxe herriak bizi duen egoera ezkutatzeko. Maputxe herriaren aurka egiten ari direnak ez dauka inolako justifikaziorik. Polizia komunitateetan sartzen da, jendea jipoitzen du. Umeak eta emakumeak bortxatzen dituzte, basakeriak egiten dituzte. Hiru maputxe hil dituzte dagoeneko eta 40 preso politiko daude. Egoera hermetizatu nahi dute, eta kanpoko inor saiatzen bada hori salatzera, bertatik botatzen dute. Brigadistak izan edo beste inor izan. Elena Varela txiletarra hiru hilabetez preso izan dute, maputxeei buruzko dokumental bat egiten ari zelako. Martxoan du epaiketa. Beste emakume italiar bat urtarrilean bota zuten Txiletik. Txileko Gobernuak maputxeek beste inorekin harremanak izatea galarazi nahi du. Elkartasuna eta internazionalismoaren aurka jotzen du gogor harremanak zapuzteko. Prentsan euskaldunon kontra duten jarrera ikusita, bai Askapena bai euskaldun oro kriminalizatu nahi dituzte. Asel Luzarragaren atxiloketa medio, maputxeen eta euskaldunen arteko harremana moztu nahi dute.
Maputxeak biolentzia erabiltzeaz akusatzen ditu Txileko Gobernuak.
Ekintzak egiten dituzte, batzuetan bortitzak. Oraindik ez dute inor hil, ezta hiltzeko saiorik egin ere, autodefentsako biolentzia da. Gobernuaren enpresak lurrak ustiatzera doazenean defenditzen dira. Polizia tiroka hasten denean beraiek ere defentsako indarra darabilte. Duela gutxi arte ez, baina orain erabaki dute erantzutea.
Coordinadora Arauco-Malleco (CAM) taldeari egozten zaio ekintzen egiletza.
CAM 1980ko hamarkadan sortu zen eta lurrak berreskuratzea dauka helburu. Talde armatua izan daiteke neurri batean, baina defentsan aritzen da betiere. Hala ere, CAM nazioarteko talde terrorista delakoen multzoan sartuta dago.
Prentsak CAM eta Askapena lotu ditu, eta Askapena ETAri lotua dela esan ere.
Horrela egin dute. Guk gure praktika internazionalismoa lantzea dela diogu, besterik ez. Hau da, maputxe herriari elkartasuna adierazteaz batera haiengandik ikasi nahi dugula, eurek ere guregandik eta gure herriaren esperientziatik ikas dezaten. Guretzat ikastea lurrarekin duten harremanari buruz ikastea da, euren duintasuna berreskuratzeko daramaten bizitzaz ikastea. Gure asmoa euren prozesua gertutik ezagutzea da, hemen ezagutarazteko. Hori eta jasotzen duten errepresioa salatzea. Prentsak eta gobernuak esaten dutena besterik da, noski. Elkartasuna ez dela delitua salatu nahi dugu, eta maputxeei elkartasuna adierazten jarraituko dugu.
Txileko Gobernuaren jarreraren atzean zer dago, zure ustez?
Maputxeekiko ikuspegi zeharo arrazista, hasteko. Behin eta berriz historian errepikatzen dena. Gobernuak ez direla ezer egiteko gai egozten die maputxeei, eta kanpoko laguntza bilatzen dutela. ETAren laguntza edo Kolonbiako FARCena. Txileko nahiz Argentinako gobernuek maputxeak alferrak direla diote, ez dutela ezer erakusteko. Eta gezurra da. Badute zer erakutsia eta emana, eta guk badugu haiengandik zer ikasia. Jatorrizko herriak baztertuak daude, kanpoko kulturak inposatu zaizkie mendez mende. Eurekiko jarrera arrazista ikaratzeko modukoa da. Arrazismo horrek hainbat konnotazio dauka, egungo arrazismo-ekonomikoak eragin izugarria dauka maputxeengan. Interes ekonomikoa eta arrazismoa, biak lotuta daude, iragan mendetako diskurtsoa bizirik dago. Mendebaldeko ikuspegi batetik, guk borroka antikapitalista aldarrikatzen dugu, maputxeek aldiz lehen borroka beren nortasunaren aldekoa dela diote, lehengo usadioetara itzultzea, eta horretarako elkartasun handia adierazten diote elkarri, lur komunalak lantzen edota auzo lanetan.
Zer ikasi duzu haiekiko harremanaz?
Maputxeen eta euskaldunen arteko paralelismoa hurbiletik ezagutu dut nazio arazoari dagokionean. Baina batez ere, maputxe herriaren borroka lurra berreskuratzeko borroka dela, duintasunezko borroka, beren duintasunaren alde borrokatzen dutela zentzu guztietan. Oso bizi baldintza gogorretan ari direla ikusi eta ikasi dut. Lur gutxi dutela banatzeko euren artean, lurretik bizitzea zaila dela, jateko adina juxtu ateratzen dutela, eta halere, lurrak ematen dienaz bizi direla.
Kontzientzia hori al dute denek?
Ez, denek ez. Batez ere komunitatetan bizi direnek. Hirietako elkarte kulturaletan eta sozialetan ari direnek ere nazio kontzientzia dute, hizkuntza salbatzeko dihardute hauek. Hizkuntza galtzen ari da, berreskuratzen saiatzen dira, baina ikastetxerik ez dute. Maputxe hizkuntzaren ofizialtasuna lortzeko proiektuak badituzte, baina momentuz Txileko Gobernuak ez die onartzen hizkuntza irakastea, ezta herri izaera bera ere.
Zer mezu zabalduko zenuke zure esperientziatik?
Hango eta hemengo prentsa –Madrilgoa tarteko– boteretsuek “saltzen” dizkiguten berriak gezurrak direla, euskaldunoi buruzko gezur antzekoak dira funtsean. Guk ez dugu herrialde horietan dagoen zapalkuntzaz informatzeko bitartekorik, bada, pentsa maputxeek. Gainera, elkartasuna adieraztera joan garenean, maputxeak eta euskaldunok kriminalizatu gaituzte. Maputxe herria zapalduta dago, ekonomikoki eta kulturalki ustiatua Txilen nahiz Argentinan. Maputxeek ezin dute beren elkarbizitzarako eredua garatu, eredu kapitalista euren ereduaren aurka doalako. Enpresen eta multinazionalen ustiapen bitartez maputxeen lurra, ura, eta zura diru iturri bihurtu dira gobernuentzat. Maputxeak kriminalizatuak dira ustiatzaileek zapaltzen eta esplotatzen segi dezaten. Hitz bitan, estatu zapaltzaileek “maputxe herria lurraren jende ez izatea” helburua dute. Maputxe izenak lurraren jendea esan nahi du. Mapu lurra da eta che jendea.
Utopia bizirik da, zorionez.
Bai. Mendeetan egin zaienaren aurkako jarrera hartu nahi dute maputxeek, eta ez dira bide horretan dabiltzan bakarrak. Estatubatuarren eta europarren ofentsibak indarrean segitu arren, Hego Ameriketan gero eta jatorrizko komunitate gehiago ari da euren eredu sozialen aldeko borrokan, euren herrien duintasunaren alde. Honduras edota Kolonbiako jatorrizko komunitateen borroka da horren lekuko. Eurek izan nahi dutena erabaki nahi dute. Euskaldunok eskatzen dugun antzera, eurek ere herriak erabaki dezala aldarrikatzen dute.