Mastuerzo Euskal Herrian kantari
Argazkietan, Mastuerzo-k eta beste musikari solidario batzuek, 2006an Mexikoko 6 euskaldunen estradizioaren kontrako kontzertua emanez, Mexikoko Justizia Auzitegi Gorenaren aurrean.
Fracisco Barrios "Mastuerzo" Euskal Herrian da egunotan, berria egunkarian elkarrizketa egin diote eta hainbat emanldi eskaintzan ari da, besteak beste, bihar Bilbon, Bilbo Gune herri mugimenduen azokan arituko da. Mexikon
Musikaren munduan 38 urte daramatza 'El Mastuerzo' Mexikoko kantariak, kantugintza eta gizarte borrokak lotzen. Hemen berria-ko elkarrizketa:
«Mexikon, rantxera eta narko-korridoez gain, bada herriaz arduraturiko musika»
Edu Lartzanguren.
Francisco Barrios El Mastuerzo (Tulanango, Mexiko, 1955) musikaria, disko ekoizlea eta aktorea da. Mexikoko Botellita de Jerez taldearekin bederatzi disko argitaratu ditu 1984. urtetik hona. El Mastuerzo izenarekin lau disko grabatu ditu; horietan azkenak Tributo a la otra kanción Popular Mexikana du izenburua. Euskal Herrian da egunotan. Gaur, 21:00etan, Bilboko El Pirata tabernan joko du. Larunbatean, 17:30 aldera, Unamuno plazako Herri Azokan arituko da.
Zergatik sortu nahi duzu «beste» kanta mexikarra?
Mexikoko eta Euskal Herriko eta Kataluniako kantaren arteko lotura dagoela sentitzen dut. Rolopera esaten diot nik diskoan egiten dudanari. Rola abestia da, eta opera diot, drama modura garatzen delako istorioa, abestien bidez. Horrez gain, omenaldia egin nahi nien Mexikoko beste herri kanta sortzen lagundu duten kantugileei. Izan ere, uste dut Mexikon rantxeraz eta narko-korridoez gain badela kantugintza bat, herriaz arduratzen dena, herriaren borrokaz elikatu dena eta Kataluniako eta Euskal Herriko kantugintzan inspiratu dena.
El Mastuerzoaren musika korridoaren eta Euskal Rock Radikalaren arteko nahasketa bat dela esaten ari zara?
Ez bereziki rock radikala, baizik eta begirada berezi bat. Gallo Rojo Gallo Negro kanta antifrankistan, esaterako, nire seme txikiaren algara sartu dut, Euskal Herrira iristear ginela grabaturikoa, eta alboka baten doinua. Ez da musika generoak nahastea, baizik eta entzuten ditudan soinuak eta hitzak. Podrid@ diskoan, Gutxi gora behera resistencia kantan irrintzi bat sartu nuen, Bilbon grabatua. Herri kulturara eta borrokara hurbiltzeko modu bat da.
Aurreko diskoak Kbezakhabla Zabalburu zuen izena, zergatik?
Euskal Herriari omenaldia egin nahi nion. Asko maite dut Bilboko plaza hori eta inguruko auzoak. Hitz jokoa ere bada: zabalduriko burua hitz egiten duen burua delako.
Hori guztia ez al zaie erabat estralurtarra iruditzen Mexikon, kontuan hartuta han Euzkadi autoentzako gurpil marka bat dela?
Ez zaie horren arrotz egiten. Jende askok ez daki non dagoen Euskal Herria, baina badago musikaren, artearen kulturaren eta, noski, politikaren giro bat munduko erresistentziekin eta kritikekin bat datorrena. Nire kontzertuetan saiatzen naiz Euskal Herriaren berri ematen. Esaterako, musika ekitaldia egin genuen Justizia Auzitegi Nagusian, bost euskaldun Espainiara estraditatu zituztenean.
Botellita de Jerez taldearen historia kontatzeko Plan B filma grabatzen ari zineten; bukatu al duzue?
Bai, aurten estreinatuko dugu Mexikon. Dokumental faltsua da taldearen inguruan, baina benetako datuak ere baditu. Halere, izenburua ez da Plan B izango, baizik eta Naco es chido, hau da, Black is Beautiful esamoldearen bertsio mexikarra. Naco iraina da Mexikon, indigenei, nekazariei eta txiroei barre egiteko erabiltzen dena antzinatik. Horri buelta eman nahi izan diogu. Izan ere taldearen izena ere haurren esamolde batetik dator: Botellita de jerez todo lo que me digas será al reves. Hori da egin nahi duguna, herri hizkera berreskuratzea, Mexikoko sexismoari, matxismoari eta homofobiari buelta emateko eta museora bidaltzeko.