Greziar herriaren borroka eredugarriaren aurrean
Atzo Greziako herri eta langile sektoreek kaleak hartu zituzten beste behin ere Greziako gobernuak Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak (FMI) aginduta ezarri nahi dituen neurrien aurka. Greziar langileek argi eta garbi erakutsi zuten atzoko greba orokorrarekin -eta erakusten ari dira azkenaldian euren borroka etengabearekin- kapitalaren kontrako borrokak bizirik dirauela.
Greziako langileak (Euskal Herrikoak eta beste herrietakoak bezala) krisia klase dominatzaileen alde konpontzearen aurka daude, krisia ez dute langileek sortu, klase dominatzaileek baizik, eta beraz, krisia ez dugu langile eta herri sektoreek ordaindu behar.
Alabaina Nazioarteko Diru Funtsak Grezian ezarri nahi dituen neurriak klase dominatzailearen xantaia da krisia bere klase interesen alde konpontzeko, krisiaren errudunak krisiaren bidez etekinak ateratzen segitzeko. Betiko moduan, kapitala dirua mailegatzeko prest dago baldin eta eskubide sozialak murrizten badira, pribatizazioak ematen badira, soldatak jaisten badira, eta abar.
Azken finean, horrelako neurriekin, lehenago kapitalismoaren periferiako hainbat herritan egin bezala, Argentina kasu, greziar sektore publikoa deuseztatu nahi dute eta greziar herria ekonomikoki kolonizatu, hau da, Europako eta AEBetako botere handiak diren Nazioarteko Diru Funtseko zuzendarien kontrolpean utzi.
Hala ere, greziar herri eta langile sektoreek borrokan jarraituko dute kapitalaren neurri horiek ezar ez daitezen, borrokan jarraituko dute kapitalismoaren kontra eta bestelako jendarte ereduaren alde.
Europako herriok elkartasuna adierazi behar diogu greziar herriari, greziar langile klaseari, baina jakinda elkartasunik onena kapitalismoaren aurkako borrokan sakontzea dela, herrien Europaren alde, langileen Europaren alde.
GORA HERRIEN ETA LANGILEEN EUROPA!
Askapena, euskal erakunde internazionalista, 2010eko Maiatzaren 6an
Argazkiak eta bideoak:
http://www.lahaine.org/index.php?p=8821
http://www.kaosenlared.net/noticia/sindicatos-griegos-inician-movilizacion-contra-plan-austeridad
http://picasaweb.google.com/cpg.kke/04052010MessageOfCounterattackFromTheAcropolisRock?feat=flashalbum#5467339801670235218