“La Chelita. El Salvador 1992” nobela grafikoaren aurkezpena
Mondraberrik argitaratutako kronika
Askapenak antolatuta, “La Chelita. El Salvador 1992” El Salvadorko gatazka armatuari buruzko nobela grafikoa aurkeztu dute gaur, domeka, Arrasateko Irati tabernan.
Aurkezpena Ruma Barbero idazleak egin du, eta lan honetan bere laguntzaile izandako Txaro Borregero ere izan da bertan, hala nola Ixuxú Asturies-Euskal Herria elkarteko Xicu Ariza.
Lan hau hizkuntza asturiarrean idatzita dago, eta duela gutxi Dolmen Editorial-ari esker gazteleraz argitaratuta. Ruma Barbero asturiarrak gerrillari ohien eta kooperanteen testigantzekin egindako istorioa kontatzen du. 1992an Charo Borreguero “La Chelita”, psikologian lizentziatu berri salamancarra, El Salvadorera ailegatu zen irakasleak trebatzeko helburuarekin. Hala ere, bere kooperante egoerak Nazio Batuetako El Salvadorentzako Egiaren batzordearentzako txostenaren elaborazioan lan egitera bultzatu zuen. 21 urte beranduago, bere laguna den Ruma Barberok, marrazkilari eta musikaria, herri hartako gudaren historia nobela grafiko batean kontatzen du.
Garai bateko FMLN-aren (El Salvadorko gerrilla) beteranoen eta kooperante internazionalen zuzeneko testigantzekin era zorrotz batean egindako lana da honako hau. Bere 160 orrietan egileak Erdialdeko Amerikako herri honetanbizi duten gatazka, eta bere testigu aktiboen bizipenetan duen interesaren zergatia islatzen du. Orainari begirada bat ere bada; bake akordioen sinaduretatik 21 urte para direnean herri hartan egiteko geratzen denaz erreflexionatzeko gonbidapen bat.
Arrasaten zeudela aprobetxatuz ez dugu aukera alperrik galdu, eta lan honen egileekin solasaldia izan dugu:
Zer kontatzen digu “La Chelita. El Salvador 1992” liburuak?
Liburua hiru zatitan banatuta dago: Lehenengoa “El Salvador” izena du, eta proiektu hau zelan sortu zen azaltzen da bertan. Lehenengo pertsonan kontatzen dut, niretzat El Salvadorrekoa gai guztiz ezezaguna izanik, ezezagutza hori narrazio-erreminta gisa erabiltzen dut istorioa garatzeko. Batez ere gerra garaian El Salvadorren gertatutakoa azaltzen dut, 1980 eta 1992 urte bitartean.
Bigarren zatia, “La Charita” izenekoa, ere lehenengo pertsonan idatzita dago, eta Txaro berak bizi izandako esperientzia azaltzen da bertan. Bertara joan baino lehen nazioarteko lankidetzan formatzen da, El Salvadorrek berarengan interesa piztu eta azkenean bertara joaten da; hasiera batean irakasleak trebatzera doa, eta azkenean egiaren komisioaren baitan lan egiten amaitzen du. Azkeneko zatiak “1992” goiburua du, eta istorioaren itxiera da. Zati hau idazteko Txaro harremanetan jarri zen El Salvadorren bere nagusia izandakoarekin, “Chaparra” ezizenez ezaguna eta Nafarroako medikua ogibidez.
Garai horretan Madeleine Lagadec Giza Eskubideen Zentroaren arduraduna zen. Bertan, Chaparraz gain bere bikotekide Marcelo ere elkarrizketatzen dugu, FMLN gerrillako beteranoa. Bien testigantzak jasotzen ditugu, gerrillan zelan integratu ziren azaltzen digutelarik. Dena den, gatazkaren amaiera da gehien interesatzen zaiguna eta, alde horretatik, bake akordioen ondorengo bizipen pertsonalak kontatzen ditugu bertan.
Zelan sortu zen proiektua?
Sagardoak eduki zuen erru guztia (barreak). Bihotza irekitzen asko laguntzen duen edari horietarikoa da sagardoa, eta askotan kontatzera ausartzen ez zaren gauzak kanporatzen ahalbidetzen dizu. Zentzu horretan, Txarok bere esperientzia pertsonala kontatu zidan, 20 urte baino gehiago barnean gordeta zeramatzana. Nik ere, sagardoaren eraginez, kontatzeko moduko istorioa zela esan nuen. Askotan sagardo botila baten inguruan azaleratzen diren proiektu horiek ezer ezean geratzen dira baina, kasu honetan, egitasmoak forma hartzen joan zen. Izan ere, hasiera batean 52 orrialde izan behar zituen lana 152 orrialdekoan bilakatu zen.
Hamar urte baino gehiago pasatu dira El Salvadorreko gerra zibila amaitu zela, zauri guztiak itxita al daude?
Komikiaren itxieran, gerrillako hainbat beteranoei egindako elkarrizketen bitartez, guztiak bat datoz biktimei errekonozimendu bat egitea ezinbestekoa dela esaterakoan. Laburbilduz, memoria historikoaren inguruan mintzatzen ziren guztiak, guretzat ere oso ezaguna den gaia. Egungo arazorik handiena biolentzia dela zioten, izan ere, gerra garaian urtero bataz beste 6.000 heriotza bortitz bazeuden, egungo bake egoeran kopuru hori 4.000koa da. Datu hauek 2010. urtean kaleratutako txosten batekoak dira. Gaur egun marak, bertako hiri-tribuak, tregua garaian daude, eta badirudi kopuru horrek zertxobait behera egin duela.
Zer nolako harrera izan du liburuak?
Momentuz liburuak harrera ona izan du. Abenduan kaleratu genuen aurreneko edizioa, honako hau asturieraz, nik beti hizkuntza horretan egiten baitut lan. Asturiasen ale ugari saldu genituen, eta handik hilabete batzuetara Mallorcako argitaletxe batek gaztelerazko bertsioa atera zuen. Uda tarteko, orain hasi dira gaztelerazkoa ale horiek saltzen. Liburuak momentuz kritika onak izan ditu, eta irakurleen harrera ere horrelakoa izan da.
Non erosi daiteke liburua?
Gaztelerazko bertsioa Euskal Herriko edozein komiki dendan dago eskuragai, esaterako, Gasteizko Zuloa dendan edota Iruñeko La Hormiga atomican. Merkatalgune handietan ere aurkitu daiteke, baita internet bidezko liburu dendetan ere.