23 de enero auzoan eman diote amaiera brigadari Venezuela joandako kideek
Egunak aurrera joan ahala Venezuelako bazter eta eragile gehiago ezagutu ahal izan diztuzte euskal brigadistek. Azaldu digute beraiekin egunak konpartitu dituzten pertsonek “paradigma politiko berriak izan daitezkeenak” azaldu dizkietela eta eredugarriak diren proiektuetan parte hartzeko aukera izan dutela. Gogotsu birikak esperantzaz bete eta lerro xumeen bidez guri helarazten dizkigute jasotako esperientziak. Hemen azken egunetako kronika, Simon Bolivar koordinadora eta 23 de enero auzoaz beste hainbat borroken artean:
Tinaquillotik Valentziara joan ginen, bertan herri-boterearen antolakuntza eta borroka ezberdinak bisitatu genituen. Goizean adibidez DIANA lantegi nazionalizatua ezagutu eta bertako langile batzordearekin biltzeko aukera izan genuen. Euskal Herriaren egoera azaldu ostean beraien lan politikoaren berri eman ziguten eta langileek beraiek kudeatzen duten lantegieen funtzionamendua azaldu ziguten. Gerora, bazkaldu ondoren, “Panal 2021” proiektu komunalaren egoitzara hurbildu ginen, ugariak dira komunitatean antolatzen dituzten eskaintzak: formakuntza politikoa, kirol eskaintzak, auzoka antolatzeko biltzar komunalak... Guk pertsonalki elikagaiak enbasatzeko lantegia ezagutu genuen. Interesgarria oso proiektu komunal honek lortu duen autogestio gaitasuna, komunitateko biztanleen bizimodua hobetzen duena, hala ere, egun gobernuaren dirulaguntzen beharra dute, nahiz eta horrek ez duen burujabe izateko duten desira desagerraraziko. Izan ere, gobernuak proiektu komunalak bultzatzen eta indartzen ditu, beraien aldeko lege eta neurriei esker.
Panal 2021-ren egoitzan proiektu komunalaren berri izateaz gain brigadistoi hitza hartzeko tarte luzea eskaini ziguten eta MPRU (Movimiento Popular Revolucionario Unido) organoa osatzen duten eragileen ordezkariak hurbildu ziren gure hitzaldira. Ez ziren gutxi izan presentzia izan zuten eragileak, besteak beste honako hauek izan ziren arratsaldea gurekin konpartitu zutenak: Alexis Vive, Corriente Bolivar y Zamora, Marcha Patriotica, Frente Ernesto Che Guevara, “La Misión” egunkaria, Comuna Panal 2021 eta Voz Insurgente.
Handik Barinaserantz abiatu ginen biharamunean, eta Voces Antiimperialistas-en etxe okupatuan geratu ginen. Voces kolektiboak lan handia egiten du gazte sektoreetan eta unibertsitatean, eskuinak eta Kolonbiako paramilitarren esku luzeak orainik badaukaten indarrari aurre egiteko. Barinas estatuan, Venezuelako bero sutsua ezagutzeaz gain, nekazaritza komunalaren berri eman ziguten, eta ondo antolatutako nekazal ekoizle txikiekin ibili ginen, euren lana bertatik bertara ikusteko. Gainera, Socopó herrian ere egon ginen, Andeen magalean, trukean oinarrituriko azoketako bat bisitatzeko, non herritarrek diruaren dinamika gainditzeko ahalegina egiten duten, elkartasunean eta besteen premietan oinarrituriko hartu-emanak lehenetsiz.
Barinaseko Marcha Patrióticako burkideekin egoteko izan ditugun aukerek, bestalde, Kolonbiako egunerokotasun gordina aurrez aurre ezagutzeko abagunea eman digute. Nekez sinets daitezke lan politiko edo oinarrizko eskubideen aldarrikapen hutsagatik Estatuak, zuzenean nahiz paramilitarren eskutik, egiten dituen basakeriak (hilketak, torturak, desagerpenak, mutilazio ankerrak, herri osoen sarraskiak...), gatazkaren konponbidea oraindik ezinezko bihurtzen dutenak eta Estatu Batuen lapurreta sistematikoak babesteko antolatzen direnak. Guk ere izan genuen Euskal Herriaz luze berba egiteko parada (bertako irrati batean ere bai) eta ederra izan zen komunikabide handiek ezarritako ezezagutza harresiak aurrez aurreko harremanaren bidez eraistea.
Horrez gain, prozesu bolibartarraren barruko zailtasun eta kontraesanak ere azaldu zizkiguten Barinaseko hainbat lagunek, konfiantza eta zintzotasunez. Izan ere, ustelkeriak, atzerriko esku hartzeek, burgesiari behin baino gehiagotan egindako mesedeek... zoritxarrez oraindik badaukate lekurik Venezuelako politikagintzan, iraultzaren aurrerapen ukaezinen tartean. Argi dago herri antolatu eta ausartaren indarra dela horrelako gaitzak errotik desegiteko modu bakarra.
Barinas utzi eta Barquisimeto hirira jo genuen. Venezuelako hiri industrialena den hartan, Langileria Antolatuaren Etxean egon ginen. Eraikin itzela izanik ere, langile antolatuek eta Gayones mugimendu komunistak 2009an eskuetatik kendu zieten gune hori eskuineko sindikatuei, hauek lapurreta, mafia eta ustelkeriaren habia bihurturik zeukaten eta. Ordutik, eraikina txundu eta egokitu ostean, formazio politikorako, antolakuntzarako, langile borrokarako nahiz jarduera kulturaletarako tokia da.
Halaber, eraikin haren inguruan antolatzen den guztiaz gain, Barquisimetoko auzo behartsuenetariko bat ere ezagutu genuen. Han, iraultza bolibartarren urratsek oinarrizko bizi baldintzen bermea, antolakuntza komunala eta ideologizazio politikoa ekarri dituzte. Besteak beste, auzoko okindegia, irratia, Mercal-a (bidezko salneurriak bermatzen dituen saltokia)... bisitatu genituen. Bertako herritarren formazio eta konpromiso politikoa, gainera, benetan altua zela konturatu ginen.
Era berean, langileek berreskuratutako lantegi handi batean egon ginen: Brahma garagardo fabrikan, hain zuzen ere. Jatorriz, Herbehereetako enpresa baten jabetza zen, baina amarru zikinen bitartez lantegia likidatu eta langileak kaleratu egingo zituela zabaldu zenean, horiek eraikinaren eta makinen jabe egin ziren. Gobernu bolibartarrak, orobat, babesa eman zien langileei eta uneotan dena berriro martxan ipintzeko azken urratsak egiten ari dira. Komunetan antolaturiko herritarren laguntza ere eduki dute antzinako ugazabak lantegia berreskuratzen edota makinak eramaten saiatu diren bakoitzean. Horrez gain, Gayones mugimenduarekin euren formazio plangintza ezagutu genuen, bai eta Barquisimetoko irrati libre batean gure testigantza azaldu ere. Orduan ere, Venezuelako prozesu bolibartarraren barruko ikuspegi desberdin bat jasotzeko aukera izan genuen; askok sozialismorako urratsak bizkorragoak eta sakonagoak izan behar dutela deritzote eta.
Barquisimetotik, lehen aldiz, itsasaldera jo genuen; Coro-ra. Hiri kolonial eder horretan PSUV-eko gazteriarekin egon ginen eta gobernuan dagoen alderdiaren ekitaldi batean ere egon ginen. Ekitaldian Hugo Chavez komandanteak bera boteretik kentzeko oposizioak deituriko erreferenduma bi milioi botoko aldeaz irabazi izana ospatzen zen, eta antzeko ekitaldiak antolatu ei ziren hiri guztietan. Gerora, arratsaldez, PSUV-eko gazteekin garagardo batzuk hartu eta Venezuelako eta Euskal Herriko egoeraz mintzatu ginen, bakoitzaren itxaropen eta kezkak azalduz, Coro inguruko mendietako iturburu baten alboan.
Hurrengo egun bietan ohiko erritmoa eten eta atseden apur bat hartzeko, Chichiriviche-ra bidaiatu genuen, Venezuelako itsasalde paregabeko uretan igeri egiteko nahiz lasai-lasai berriketan jarduteko. Hori ere behar da eta! Dena dela, bi egun horiek ziztu bizian igaro zirenez, pentsatu baino lehen berriro hartu behar izan genuen autobusa, behingoz Caracas hiriburura joan eta gure eginkizun politikoari berriz hel geniezaion.
Simón Bolivar koordinadoran besoak zabalik hartu gintuzten iluntzean, bidean ordu dezente eman ondoren. Egoitza hori 23 de Enero auzo ospetsuaren bihotzean dago, Caracas zein Venezuelako historia garaikidean egon den gune borrokalarienean. Auzo horretan ari gara hau idazten orain, hiru egunez hemengo eta inguruetako mugimendu, antolakunde eta proiektuen berri jaso ostean. Errepresio, jazarpen, bazterketa eta gainbehera latzeko urte luzeen ostean, mobilizatzen eta antolatzen ikasi dute 23 de Eneroko bizilagunek eta iraultza bolibartarrarekin etorritako hobekuntza materialekin batera, hiriburuko gune bizi eta partehartzaileenetako bat da gaur.
Lehen egunean koordinadoraren historia azaldu zigun bertan lanean diharduen lagun batek, eta gu gauden egoitza orain dela urte batzuk poliziaren kuartela zela aipatu zuen (tortura, hilketa eta era guztietako zapalketetarako erabilia). Auzokideek okupatu zutenean, baina, askatasunaren ikur bihurtu zen. Bertan du egoitza nortasun agiria eta edozein dokumentazio venezuelako herritar guztiei helarazteko misioak auzo honi dagokionez. Hori garrantzitsua da herrialde honetan, urte luzez herritar behartsu eta esplotatuen indokumentazioa zitalki baliatu izan baitzuten gobernuek, laguntzak ukatzeko eta hauteskundeetako parte hartzea murrizteko.
Caracasen, unibertsitateko ikasleria antolatuarekin, Ali Primera antolakundearekin, Tupamaru erresistentzia frontearekin, Marea Socialista-rekin, TV Pueblo telebista kate alternatiboarekin... berba egiteko eta esperientzia trukatzeko abagunea eduki dugu. Guztiek ere Venezuelan pil-pilean dagoen herri bat bizi dela erakusti digute, behetik gora antolatzeko eta lan egiteko gertu dabilena.